Hasiera » Zehaztu gabe » Hernani eta Astigarraga pozez eta ilusioz sartu dira UEMAra, eta elkarlanean helduko diote ezagutzaren eta erabileraren aldea murrizteko erronkari

Hernani eta Astigarraga pozez eta ilusioz sartu dira UEMAra, eta elkarlanean helduko diote ezagutzaren eta erabileraren aldea murrizteko erronkari

Hernaniko eta Astigarragako udalek agerraldi bateratua egin dute gaur, eta poza eta ilusioa adierazi dute larunbataz geroztik UEMAko kide direlako. Bi herrietan gora egin du euskararen ezagutzak, baina aldea handituz ari da ezagutzaren eta erabileraren artean. Alde hori murrizteko eta udalen zein udalerrien euskalduntzean sakontzeko, UEMAren esperientzia eta zerbitzuak baliatu nahi dituzte bi udalek. Euskararen biziberritze planak diseinatzea eta herritarren kontzientziazioan eragitea izango dituzte lehen erronkak. UEMAk harrera beroa egin die udal berriei. Hernani eta Astigarraga udalerri euskaldunen bilakaera soziolingustikoaren adibide esanguratsuak direla adierazi du UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok, eta horietan erabilerari eusteko ezinbestekoa dela inertziatik kontzientziarako saltoa egitea.


Xabier Urdangarin eta Xabier Lertxundi Astigarragako eta Hernaniko alkateek, Aintzane Barandiaran eta Oier Agirresarobe euskara zinegotziek, eta UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok agerraldia egin dute gaur arratsaldean Astigarragako udaletxean. Larunbataz geroztik Udalerri Euskaldunen Mankonunitateko kide dira Hernani eta Astigarraga, eta elkarrekin agertu nahi izan dute gaur, horrek bi udalei zertan eragingo dien ezagutarazteko eta hizkuntza politikan dituzten erronkak nabarmentzeko.

Bi alkateek poza eta ilusioa adierazi dute Hernani eta Astigarraga UEMAn sartu direlako. Adierazi dutenez, azken hamarkadetan, pixkanaka bada ere asko aurreratu dute bi herrietan euskararen ezagutzan. “Hori herritar guztion ahaleginari esker izan da. Beraz, zorionak eman nahi dizkiegu herritar guztiei”.

UEMAko kide izateko ezinbestekoa da herriko euskaldunen indizea %70 izatea. Beraz, langa horretara helduta, udalerri euskaldunen artean daude Hernani eta Astigarraga, eta horregatik poza agertu dute bi udaletako ordezkariek. Dena dela, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldearekin kezkatuta agertu dira, udalerri euskaldun gehienetan bezala erabilera beherantz ari baita Hernanin eta Astigarragan ere, eta egoera iraultzeko beharra ikusten dute: “Erabilera handitzea izango dugu datozen urteetako erronka”, nabarmendu du Hernaniko alkate Xabier Lertxundik.

Astigarragako alkate Xabier Urdangarinek gehitu duenez, “bide horretan, UEMAn eta mankomunitatea osatzen duten herrien sarean egoteak lagundu egingo digu, elkarri lagunduko diogu. Ilusioz elkarrekin ekingo diogu erronkari eta, ezagutzan aurreratu dugun bezala, erabileran ere aurreratu nahiko genuke, denon ahaleginari esker”.

UEMAk harrera beroa egin die bi herriei, erronkei elkarlanean ekiteko

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok, berriz, poza agertu du Hernani eta Astigarraga dagoeneko UEMAko kide direlako. “Larunbatean egin genuen batzar nagusian, Asteasu, Hernani eta Astigarraga gehitu zitzaizkigun UEMAra, eta dagoeneko 97 udalerri euskaldun biltzen ditu mankomunitateak, guztien artean 302.500 laguneko lurgune euskalduna osatuz. Hernanin eta Astigarragan, gainera, datuetan oso nabarmen ikusten da azkenaldian udalerri euskaldunetan gertatzen ari dena. Euskararen ezagutzak gora egin du, eskolak belaunaldi berriak euskalduntzea lortu duelako, baina euskaldun horietako askorentzat euskara ez da lehen hizkuntza, eta etxean ere beste hizkuntza batzuetan aritzen dira. Aldatzen ari da euskaldunen profila, eta horrek eragin zuzena du erabileran. Beraz, inoiz baino beharrezkoagoa da herritarren kontzientziazioan eragitea: UEMAn abian dugun hezkuntza proiektuaren bidez, herritarrentzako tailer eta ekimenen bidez, edota ostalarientzat eta merkatarientzat ditugun zerbitzuen bidez. Udalak eta udalerriak euskalduntzeko ditugun ildoez gain, inertziatik kontzientziarako saltoa emateko baliabideak ere eskaini nahi dizkizuegu, erabilerari eutsi ahal izateko. Beraz, ongi etorri UEMAra. Uudaletatik euskara lehenetsiz eredu izango gara elkarrekin, eta elkarrekin egingo dugu erabilera sendotzeko erronkak eskatzen duen inurri lana ere”.

Hezkuntza komunitatetik eragin eta euskeraren biziberritze planak diseinatu

Erabilerari eusteko erronkez aritu dira Aintzane Barandiaran eta Oier Agirresarobe euskara zinegotziak ere. Barandiaranak adierazi duenez, “etengabe hazten ari den herria da gurea. Azken urteetan jende asko etorri da bizitzera Astigarragara, eta horrek aldaketak eragin ditu egoera soziolinguistikoan, eta horri neurriko erantzuna ematen asmatu nahi dugu. Horretarako oso baliagarriak izango zaizkigu UEMAko udalerriek urteetan pilatutako esperientzia eta abian dituzten ildoak.

Erronkei erantzuteko, bi asmo nabarmendu nahi izan ditu Barandiaranek, bi udalen izenean. Batetik, “haur eta gazteenengan fokua jarrita, estrategikoa iruditzen zaigu hezkuntza komunitatetik eragitea hizkuntza politikan. Hezkuntza komunitatea trinkotzea lortu nahi dugu. Haurrengan eta gazteengan eragingo duten dinamikak, ekimenak eta egitasmoak aurrera eramateko diseinuan asmatu nahi dugu”. Bestetik, hurrengo urterako lehen egitekoa ere aipatu du: euskararen biziberritze plana diseinatzea. “Behetik gora, herriko norbanakoekin eta eragileekin eraikitako eta partekatutako bide-orria, datozen urteetarako baliagarria izango zaiguna”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Asteasu, Hernani eta Astigarraga: Euskararen lurgunea zabaldu eta sendotu nahian (UEMAren Berripapera, 2022ko abendua).
· UEMAko kide izatea erabaki du Asteasuko Udalak (uema.eus, 2022-11-23).
· Pili Legarra, Asteasuko alkatea: “Gora egiteko baliabideak beharrezkoak ditugu, arnasgunea garen arren aldaketen aurrean zaurgarriak garelako oraindik” (uema.eus, 2022-11-28).
· UEMAko kide izatea erabaki du Hernaniko Udalak (uema.eus, 2022-11-29).
· Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea: “Euskarari dagokion lekua ematen jarraitzeko pausoa eman dugu, eta horrela ulertu behar da erabaki hau” (uema.eus, 2022-12-01).
· Xabier Urdangarin, Astigarragako alkatea: “Udalean eta herrian euskararen erabilpena normalizatzeko bestelako urrats batzuk ematea beharrezkoa dela ikusi dugu” (uema.eus, 2022-12-17).
· Uemak «pozez» hartu ditu Hernani, Astigarraga eta Asteasu (berria.eus, 2022-12-17).
· Asteasu, Astigarraga eta Hernani UEMAko kide dira gaurtik aurrera (eitb.eus, 2022-12-17).
· Asteasu, Astigarraga eta Hernani UEMAko kide dira gaurtik aurrera (naiz.eus, 2022-12-17).
· UEMAko kide dira Asteasu, Astigarraga eta Hernani (El Diario Vasco, 2022-12-18).
· Xabier Lertxundi: «Argi genuen udalerri euskaldunen sarean egon nahi genuela» (Berria, 2022-12-18).




Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.