Astigarragako Udalak herenegun erabaki zuenUEMAko kide izateko eskaera egitea. Udal osoko bilkuran hartu zuten erabakia, aho batez, EH Bilduren, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. UEMAren batzar nagusiak gaur onartuko ditu herri berrien eskaerak, eta Astigarraga UEMAko kide izango dira gaurtik aurrera, Hernanirekin eta Asteasurekin bateta. Xabier Urdangarin alkatearen hitzetan, Astigarragako Udalerantzat “une garantzitsua da” hau, “izan ere, udalean eta herrian euskararen erabilpena normalizatzeko bestelako urrats batzuk ematea beharrezkoa dela ikusi dugu, besteak beste erabileraren datuak ikusita”.
UEMAko kide izatea erabaki du aste honetan Astigarragako Udalak. Zergatik?
Lehendik ere buruan genuen Ueman sartzeko asmoa, baina udazkenean argitara emandako datuak ikusita aurrera egitea erabaki dugu. Guretzat une garantzitsua da, izan ere, udalean eta herrian euskararen erabilpena normalizatzeko bestelako urrats batzuk ematea beharrezkoa dela ikusi dugu, besteak beste erabileraren datuak ikusita. Uemak urte luzetako eskarmentua eta jakintza du, sare garrantzitsua osatu du eta ezinbesteko bidelaguna da guretzat. Prest eta gogotsu gaude elkarrekin lanean hasteko.
Donostiatik hurbil dagoen herria da Astigarraga. Horrek badu eraginik herriko egoera soziolingustikoan eta horren bilakaeran?
Herri txikia izatetik herri koskorra izatera pasa gara hamabost urtetan eta une honetan 7.600 biztanle gara. Hazkundea azkarra izan da (etxebizitzak, auzo berriak, biztanleak, jaotze tasa oso altua…) eta horrek herriaren ezaugarri soziolinguistikoak aldatu egin ditu. Jende asko etorri da Donostiatik Astigarragara bizitzera. Jende gaztea, seme-alabak izaten ari direnak… Donostiak indar handia egiten du arlo askotan, etxebizitzen prezioan, kultur eta gizarte eskaintzan, merkataritzan eta, jakina, hizkuntzan ere bai. Hizkuntzaren kasuan indar hori ez dakit onerako ote den.
Aho batez onartu duzue UEMAko kide izatea, EH Bilduren EAJren eta PSEren aldeko botoekin. Garrantzitsua da hizkuntza politikan adostasun handi hori islatzea bozketan, ezta?
Bai, zalantzarik gabe, garrantzitsua da oso. Bidea luzea da, nekeza askotan, eta oinarrizko adostasunik gabe jai dugu. Astigarragako Udalak aho batez erakutsi du euskaraz bizitzeko eta herritar guztien hizkuntz eskubideak bermatu eta bideratzeko baldintzak jartzeko kompromiso argia duela eta hori abiapuntu ona da.