Hasiera » Zehaztu gabe » Asteasu, Astigarraga eta Hernani UEMAko kide dira gaurtik aurrera

Asteasu, Astigarraga eta Hernani UEMAko kide dira gaurtik aurrera

Batzar nagusia egin du UEMAk gaur goizean Deban. Besteak beste, 2022an egindakoaren balantzea aztertu eta 2023rako egitasmo nagusiak onartu dituzte batzarkide diren alkateek eta zinegotziek. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera gehitzeko herri berriek egindako eskaerak ere onartu dituzte. Horrela, gaurtik aurrera, Astesu, Hernani eta Astigarraga ere UEMAko kide dira. Zehazki, 97 udalek osatzen dute orain mankomunitatea, guztien artean 302.500 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.

[Hernani, Asteasu eta Astigarragako alkateak eta zinegotziak, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanorekin, gaur eguerdian. Deban, UEMAren batzar nagusia amaitu ondoren].

2022ko balantzea eta 2023rako egitasmo nagusiak

Herri berrien eskaerak onartu aurretik, amaitzear den urtearen balantzea eta 2023rako egitasmoa ere onartu dituzte batzarkideek. Aurtengo balantzeari dagokionez, egindako zenbait lan nabarmendu dituzte: arnasguneen garrantzia jendarteratzeko Arnasa Gara kanpainaren harira aurten egin den Arnasetik bideosormen lehiaketa, Salto udalekuek izandako harrera ederra, herritarren kontzientziazioan sakontzeko hezkuntza proiektua sistematizatu izana, hizkuntza eragina neurtzeko hainbat udalek onartu dituzten ordenantzak, ZINUEMA egitasmoa edota kontzientziazioan eragiteko bideratutako tailerrak, besteak beste. Horiez gain, aurtengo balantzean bereziki nabarmendu dituzte UEMAk egindako ikerketak: gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa, EAEko udalen bilakaera soziolinguistikoa edota udalerri euskaldunetako haurrak ikerketa proiektua, haurrek gaztelerara geroz eta lehenago jotzeko faktoreak identifikatuz.

2023ko egitasmoen artean, berriz, euskara eta kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibiatik beste herri batzuetara zabaltzea, ELE gidaliburua, udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzea eta UEMA sendotzea, jardunaldiak eta agintaldi aldaketaren harira udal eta hautetsi berrien ahalduntzea aipatu dituzte, egitasmoan bildutako ohiko beste hamaika konturen artean, beti ere udalerrien eta udalen erabateko euskalduntzean eragiteko.

Asteasu, Hernani eta Astigarraga, UEMAko kide

2023rako egitasmoa eta aurrekontua onartu ondoren, mankomunitatearen ohiko jardunerako kontuez gain, UEMAko kide izateko herri berriek egindako eskaerak ere onartu dituzte batzarkideek. Horrela, gaurtik aurrera, hiru herri gehiago dira UEMAko kide: Asteasu, Hernani eta Astigarraga.

Hiru horiek gehituta, 97 udalerri izatera heldu da gaur UEMA, eta guztien artean 300.000 biztanleko langa gainditu dute. Zehazki, gaur egun 302.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute UEMAko kide diren herriek.

Euskararen aldeko herri mugimendutik sortu zen UEMA. 1988an Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozio bat onartu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek, udalak euskalduntzeko eta euskara hutsean funtzionatzen hasteko. Horretarako zailtasunak eta arazo komunak zituztela ohartuta, udal haietako batzuk elkarren artean biltzen eta koordinatzen hasi ziren, udalak ere euskaraz lanean hasi ahal izateko. Horrela, mankomunitate izaera hartuta, erakunde publiko bihurtu zen UEMA. 1991n, sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez. Agintaldi honen hasieran, esaterako, 86 herri ziren UEMAko kide. Gaur egun 97 dira.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Asteasu, Hernani eta Astigarraga: Euskararen lurgunea zabaldu eta sendotu nahian (UEMAren Berripapera, 2022ko abendua).
· UEMAko kide izatea erabaki du Asteasuko Udalak (uema.eus, 2022-11-23).
· Pili Legarra, Asteasuko alkatea: “Gora egiteko baliabideak beharrezkoak ditugu, arnasgunea garen arren aldaketen aurrean zaurgarriak garelako oraindik” (uema.eus, 2022-11-28).
· UEMAko kide izatea erabaki du Hernaniko Udalak (uema.eus, 2022-11-29).
· Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea: “Euskarari dagokion lekua ematen jarraitzeko pausoa eman dugu, eta horrela ulertu behar da erabaki hau” (uema.eus, 2022-12-01).
· Asteasu, Hernani eta Astigarraga UEMAko kide izan daitezke larunbatetik aurrera (uema.eus, 2022-12-14).
· Xabier Urdangarin, Astigarragako alkatea: “Udalean eta herrian euskararen erabilpena normalizatzeko bestelako urrats batzuk ematea beharrezkoa dela ikusi dugu” (uema.eus, 2022-12-17).
· Uemak «pozez» hartu ditu Hernani, Astigarraga eta Asteasu (berria.eus, 2022-12-17).
· Asteasu, Astigarraga eta Hernani UEMAko kide dira gaurtik aurrera (eitb.eus, 2022-12-17).
· Asteasu, Astigarraga eta Hernani UEMAko kide dira gaurtik aurrera (naiz.eus, 2022-12-17).
· UEMAko kide dira Asteasu, Astigarraga eta Hernani (El Diario Vasco, 2022-12-18).
· Xabier Lertxundi: «Argi genuen udalerri euskaldunen sarean egon nahi genuela» (Berria, 2022-12-18).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.