Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAko kide izatea erabaki du Astigarragako Udalak

UEMAko kide izatea erabaki du Astigarragako Udalak

Astigarragako Udalak gaur arratsaldean egin duen udal osoko bilkuran UEMAko kide izatea erabaki du, aho batez. Beraz, Astigarraga izango da UEMAko 97. udalerria. UEMAren batzar nagusiak larunbat honetan aztertuko ditu mankomunitateko kide izateko herri berriek egindako eskaerak. Horrela, larunbatetik aurrera Astigarraga ere UEMAko kide izango da, azaroan eskaera berdina egin zuten Asteasurekin eta Hernanirekin batera.

Gaur arratsaldean egin duen udal osoko bilkuran hartu du UEMAko kide izateko erabakia Astigarragako Udalak. EH Bilduren (7), EAJren (5) eta PSE-EEren (1) aldeko aldeko 13 botorekin onartu dute erabakia, aho batez.

Eustatek urriaren amaieran plazaratu eta UEMAk azaroaren 16an ezagutarazitako datuen arabera, 2021ean, euskaldunen indizea (euskaldunak + ia euskaldunen erdia) %74,2 da Astigarragan. Azken hamar urteotan hiru puntu egin du gora ezagutzaren datuak. Euskara lehen hizkuntza dutenen eta etxean batez ere euskaraz hitz egiten dutenen kopuruak, ordea, beheranzko joera du azken urteotan, udalerri euskaldun askotan gertatzen den moduan. Kaleko erabilerak, berriz, lau puntu egin du behera azken bost urteotan. Datu horiekin, ezagutzaren eta erabileraren arteko etena leuntzeko, ezinbestekoa da herritarren kontzientziazioa, eta alor horretan UEMAk duen esperientzia eta egiten duen lana bidelagun izango du aurrerantzean Astigarragako Udalak ere.

Astigarraga Gipuzkoako udalerria da. Donostiatik hurbil dago, Buruntzaldean, eta iaz 7.185 biztanle zituen erroldan. UEMAk larunbat honetan egingo du batzar nagusia, Deban. Batzar horretan, ohi bezala urteko balantzea egiteaz eta urte berrirako plangintza onartzeaz gain, UEMAko kide izateko herri berrien eskaerak ere aztertuko dituzte batzarkideek. Asteasuk eta Hernanik azaroan erabaki zuten UEMAko kide izatea, eta gaur Astigarragak hartu du erabakia. Larunbatean, UEMAren batzar nagusiak hiru herriak UEMAko kide izatea onartzen duenean, 97 udal izango dira UEMAko kide, guztien artean 302.500 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.