Hasiera » Zehaztu gabe » Asteasu, Hernani eta Astigarraga UEMAko kide izan daitezke larunbatetik aurrera

Asteasu, Hernani eta Astigarraga UEMAko kide izan daitezke larunbatetik aurrera

Larunbat honetan urte amaierako batzar nagusia egingo du UEMAk, Deban, eta batzarkideek aztergai izango dituzte mankomunitatera sartzeko udalek egindako eskaera berriak ere. Asteasuko eta Hernaniko udalek azaroan erabaki zuten UEMAko kide izatea, eta Astigarragako Udalak, berriz, bihar arratsaldean egitekoa duen udal osoko bilkuran aztertuko du gaia. Baiezkoa erabakiz gero, Asteasuren eta Hernaniren eskaerekin batera helduko da Astigarragarena ere UEMAren batzar nagusira, eta batzarkideek eskaerak onartuz gero 97 udal izango lirateke UEMAko kide larunbat honetatik aurrera. Denen artean 302.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

[UEMAko kide diren herrietako alkateak eta zinegotziak, bozkatzen, joan den maiatzean Seguran egindako batzar nagusian].

Azken urteotan hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez, eta horrek isla du UEMAko kide diren udalen kopuruan ere. Agintaldi honen hasieran, esaterako, 86 udal ziren UEMAko kide, eta hiru gehiago izan daitezke larunbat honetatik aurrera, 97 udaletara helduz eta 100 udalen langara hurbilduz.

Larunbat honetan, UEMAren batzar nagusia Deban

Larunbat honetan, UEMAko kide diren udaletako ordezkariek batzar nagusia egingo dute Deban, Luzaro ikastetxean, 10:00etatik aurrera. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 2022ean bideratutako egitasmoen balantzea egiteaz gain, 2023rako ildo nagusiak eta ekimenak ere aztergai izango dituzte, beti ere UEMAren ohiko ildoen baitan: udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena.

Horiez gain, udal berriek UEMAko kide izateko egindako eskaerak ere izango dituzte aztergai batzarkideek. Azken unean, gainera, udal berri bat gehiago ere izan daiteke horien artean.

Izan ere, Asteasuk eta Hernanik azaroan onartu zuten UEMAko kide izateko eskaera egitea, eta Astigarragako Udalak bihar egitekoa duen udal osoko bilkuran har dezake erabakia.

Astigarragako Udalak bihar har dezake erabakia

Astigarragako Udalak biharko usal osoko bilkuraren aztergaien artean du puntu hori. Onartuz gero, larunbatetik aurrera Astigarraga ere UEMAko kide izango litzateke. EH Bilduk (7), EAJk (5) eta PSE-EEk (1) osatzen dute Astigarragako udalbatza eta, beraz, erabakiak aurrera egiteko aukera handiak ditu.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.