Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteagatik edota herritar berriak euskarara erakartzeko ekimenagatik UEMAren dirulaguntza jaso dute Alkiza, Bermeo, Etxarri Aranatz, Gatika, Igorre, Ondarroa eta Zumaiako udalek. Guztira 19.919 euro bideratu ditu aurten UEMAk zazpi udal horien ekimenak diruz laguntzeko.
Bizkaiko Aldizkari Ofizialak urriaren 25ean argitaratu zuen UEMArentzat garrantzitsuak diren ekimenak bideratzeagatik dirulaguntza jasotzeko UEMAren deialdia. Horren arabera, bi arlotako ekimen zehatzak ziren diruz laguntzeko aukera zutenak. Batetik, udalek onartzen dituzten udalerriko hirigintza plan orokorretan (HAPOetan), plan
partzialetan edo udalerriko egoera soziolingusitikoan eragina izan dezaketen bestelako plan eta proiektuei Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa aplikatzea eta neurriak hartzea, dagozkion emaitzen arabera. Bestetik, herritar etorri berriak euskara erakartzea helburu duten ekimenak lehen aldiz abiaraztea udalerri horretan.
Baldintza horiek betetzen dituzten zazpi udalek aurkeztu dituzte ekimenak aurtengo deialdira, eta UEMAren Zuzendaritza Batzordeak, guztiak aurkeztu ondoren, zazpi eskaerak diruz laguntzea onartu du.
Horren arabera, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteagatik Bermeoko, Gatikako eta Igorreko udalek jasoko dute laguntza. Beste lau udalek, berriz, etorri berriak euskarara erakartzeko ekimenengatik jasoko dute laguntza: Alkizako Udalak ukrainar errefuxiatuentzako euskarazko eskolengatik; Etxarri Aranazko Udalak solasean ekimena abiarazteagatik; Ondarroako Udalak Euskara Plus ikastaroengatik; eta, azkenik, Zumaiako Udalak ‘Ostalaritza eta zaintza’ ikastaroagatik eta etorri berriei harrera egiteko liburuxkengatik.
Guztira 19.919 euro bideratu ditu aurten UEMAk zazpi udal horien ekimenak diruz laguntzeko. Deialdiak zehazten duen moduan, zehazki, ekimen bakoitzaren gastuaren %85 jasoko du udal bakoitzak.
Udalak, bakoitzak jasotako diru laguntza eta diruz lagundutako ekimenak:
· Alkizako Udala. 1.360 euro. Ukraniar errefuxiatuen euskarazko eskolak.
· Bermeoko Udala. 4.988,22 euro. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa.
· Etxarri Aranazko Udal. 3.748,50 euro. Solasean programa.
· Gatikako Udala. 2.856,94 euro. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa.
· Igorreko Udala. 4.036,86 euro. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa.
· Ondarroako Udala. 1.190 euro. Euskara Plus ikastaroa.
· Zumaiako Udala. 1.739,10 euro. Ostalaritza eta zaintza ikastaroa + etorri berrientzako harrera liburuxkak.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
. UEMAren dirulaguntzen deialdia (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala).
· Dirulaguntzen ebazpena (2022-12-02).
· Dirulaguntzen ebazpena. Zuzenketa (2022-12-28).