Hasiera » Zehaztu gabe » Xabier Lertxundi: “Euskarari dagokion lekua ematen jarraitzeko pausoa eman dugu, eta horrela ulertu behar da erabaki hau”.

Xabier Lertxundi: “Euskarari dagokion lekua ematen jarraitzeko pausoa eman dugu, eta horrela ulertu behar da erabaki hau”.

Herenegun erabaki zuen Hernaniko Udalak UEMAko kide izateko eskaera egitea. Udal osoko bilkuran hartu zuten erabakia, adostasun zabalarekin (EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Podemos-Orain Hernaniren aldeko 19 botorekin, eta PSE-EEren bi astentziorekin) eta aurkako botorik gabe. Gustura agertu da Xabier Lertxundi alkatea, eta Euskara Zerbitzuak eta UEMAk elkarlanean lan ederra egingo dutelakoan dago. Hartutako erabakiaren arrazoiak eta nondik norakoak azaldu dizkio UEMAri.

Azken datu soziolinguistikoak eskuetan, Hernanik lehen aldiz du UEMAko kide izateko modua. Udalak berehala hartu du erabakia. Zergatik?

Ez dugu inolako zalantzarik izan. Hernaniko Udalarentzat ohore bat da UEMAn sartzea eta datuak aukera eman dutenean segituan hartu dugu erabakia. Udalon zereginetako bat da euskararen normalkuntzaren eta biziberritzearen alde lan egitea. Hernanin urteak daramatzagu neurri aurrerakoiak hartzen, Euskara Zerbitzutik abiatuta, udal osoan ezarri ditugu.  Ez da batere erraza izan lan hori eta helburu berarekin lanean ari diren udalerri euskaldunekin saretzea jarraitzeko indarrak batzea dela uste dut. Guri asko lagunduko digu hizkuntza politika aurrerakoietan aurrerapausoak emateko.

Datuetan, alde nabarmena dago euskararen ezagutzaren eta beste adierazle batzuen artean. Etxeko erabileran edota herritarren lehen hizkuntzan, askoz apalagoak dira ehunekoak. Herritarren kontzientziazioan eragiteko beharra ikusi duzue erabakia hartzerakoan?

Datuak eskuan Hernani herri euskalduna dela baiezta daiteke eta euskara erabiltzen da. Zoritxarrez, herri askotan gertatzen den moduan, hemen ere erabilera datuak baxuagoak dira ezagutzarenak baino. Behar-beharrezkoa da erabilera indartuko duten hizkuntza politikak martxan jartzea eta hori herriok bakarka egitea zaila da. Horregatik garrantzitsua da gure artean indarrak batzea. Erabilerari eusteko berariazko hizkuntza politika lantzen du UEMAk, udalerri euskaldunak zaintzeko eta babesteko hainbat ildorekin. Horien berri izatea, eta UEMAk duen esperientzia baliatuz herritarrak ahalduntzea eta kontzientziatzea garrantzitsua iruditzen zait, gero hizkuntza ohiturei eusteko. Horretan bidelagun izan nahi dugu UEMArekin eta gainerako udalerri euskaldunekin.

Herritarren edo alderdiren batek kezkarik agertuko balu erabaki honen inguruan, zer esanen zenioke?

Pozteko kontua dela eta ez, ordea, kezkatzekoa. Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea dagokio udalari, urteak daramatzagu horretan lanean. Ildo horretan aitzindariak dira UEMAko kide diren udalak eta sarera gehitu nahi dugu. Beraz, gaur egun bezala, herritar bakoitzak inolako arazorik gabe izan dezake harremana udalarekin, nahi duen hizkuntzan. Orain, ordea, euskarari dagokion lekua ematen jarraitzeko pausoa eman dugu, eta horrela ulertu behar da erabaki hau. Hernaniko Udala UEMAko kide izatean elkarlanean arituko da, indar gehiagorekin euskararen normalkuntzaren aldeko lanean.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAko kide izatea erabaki du Hernaniko Udalak (uema.eus, 2022-11-29).
· Uemako 96. udalerria izango da Hernani (berria.eus, 2022-11-29).
· Hernani UEMAko 96. udalerria izango da (naiz.eus, 2022-11-29).
· [Bideoa] UEMAko 96. udalerria bihurtuko da Hernani (Hamaika Telebista, 2022-11-30).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.