Hernani izango da UEMAko 96. udalerria. Oraintsu arte Hernanik ez zituen betetzen UEMAko kide izateko baldintza soziolinguistikoak, baina EUSTATek urrian zabaldutako eta UEMAk azaroan ezagutarazitako zentsuaren datuak kontuan hartuta, gaur egun %70 da Hernaniko euskaldunen indizea. Datu horrekin, UEMAko kide izateko modua du lehen aldiz, eta Hernaniko Udalak gaur arratsaldean egindako udal osoko bilkuran onartu du UEMAko kide izatea. 20.362 biztanlerekin, biztanle kopuruari dagokionez UEMAko bigarren herri handiena da Hernani, Zarautzen atzetik.
Gaur arratsaldean egin duen udal osoko bilkuran hartu du UEMAko kide izateko erabakia Hernaniko Udalak. Mankomunitatearen estatutuak onartu ditu lehenik, eta UEMAko kide izateko eskaera egitea erabaki du ondoren. EH Bilduren (11), EAJren (6) eta Elkarrekin Podemos – Orain Hernani (2) alderdien aldeko 19 botorekin eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu dute erabakia, aurkako botorik gabe.
Eustatek urriaren amaieran plazaratu eta UEMAk azaroaren 16an ezagutarazitako datuen arabera, 2021ean, euskaldunen indizea (euskaldunak + ia euskaldunen erdia) %70 da Hernanin. Horixe da, zehazki, udalerri euskalduntzat hartzeko eta, beraz, UEMAko kide izateko gutxieneko ezagutza-indizea. Euskararen ezagutzak gora egin du Hernanin azken urteotan, nabarmen, baina etxeko erabilerak eta euskara lehen hizkuntza euskara duten herritarren ehunekoa beherantz ari da. Datu horiekin, ezagutzaren eta erabileraren arteko etena leuntzeko, ezinbestekoa da herritarren kontzientziazioa, eta alor horretan UEMAk duen esperientzia eta egiten duen lana bidelagun izango du aurrerantzean Hernaniko Udalak.
Hernani Gipuzkoako udalerria da. Buruntzaldea eskualdean dago, eta iaz 20.362 biztanle zituen erroldan. UEMAk abenduaren 17an egingo du batzar nagusia, Deban. Batzar horretan, ohi bezala urteko balantzea egiteaz eta urte berrirako plangintza onartzeaz gain, UEMAko kide izateko herri berrien eskaerak ere aztertuko dituzte batzarkideek. Asteasuk pasa den astean erabaki zuen UEMAko kide izatea, eta gaur Hernanik hartu du erabakia. UEMAren batzar nagusiak bi herriak UEMAko kide izatea onartzen duenean, 96 udal izango dira UEMAko kide, guztien artean ia 300.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.
Bideoa: Hernaniko Udal osoko bilkurak UEMAko kide izateko proposamena aztertzen eta bozkatzen duen unea (2022-11-29).
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Uemako 96. udalerria izango da Hernani (berria.eus, 2022-11-29).
· Hernani UEMAko 96. udalerria izango da (naiz.eus, 2022-11-29).
· [Bideoa] UEMAko 96. udalerria bihurtuko da Hernani (Hamaika Telebista, 2022-11-30).