Hasiera » Zehaztu gabe » Pili Legarra: “Gora egiteko baliabideak beharrezkoak ditugu, arnasgunea garen arren aldaketen aurrean zaurgarriak garelako oraindik”

Pili Legarra: “Gora egiteko baliabideak beharrezkoak ditugu, arnasgunea garen arren aldaketen aurrean zaurgarriak garelako oraindik”

Pasa den asteazkenean, UEMAko kide izatea erabaki zuen Asteasuko Udalak, azaroko udal osoko bilkuran. Pili Legarra alkateak zehaztu ditu erabakiaren arrazoiak eta nondik norakoak. Pozik agertu da, hemendik aurrera UEMArekin eta Tolosaldeko gainerako udalekin batera elkarlanean hizkuntza politika propioak lantzeko aukeraren aurrean.

[Pili Legarraren hitzetan, “hauskorrak dira gure herri txikiak”, eta garrantzitsua da horietan hizkuntza politika propioak lantzea. Argazkia: aiurri.eus].

Asteasuko Udalak Udalak UEMAko kide izatea erabaki du. Zergatik?

Asteasu herri euskalduna da, eta eskualde euskaldun batean kokatua dago. Urteetan saiatu gara euskarari bultzada ematen udaletik, herri bera hazten joateak aldaketak ekarri baititu, baina garbi dago hizkuntzaren inguruan elkarlanean eskualde mailan aritzea ezinbestekoa dela, eta UEMAk eskaintzen digu hori.

UEMAko kide izateko aukera orain hartu dugu. Izan ere, momentu hau gakoa dela uste dugu. Ezagutza ez doa beherantz Asteasun, baina bai kale eta etxeko erabilera, eta gora egiteko baliabideak beharrezkoak ditugu, arnasgunea garen arren aldaketen aurrean zaurgarriak garelako oraindik. Gainera, lehen esan dudan bezala, helburu honetan lankidetzan aritzea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu.

Datu soziolinguistikoei begira, ezagutza datu sendoa du Asteasuk (%86,75), baina, beste arnasgune askotan bezala, etxeko erabileraren datuak apalagoak dira (%61,2). Argi dago herritarren kontzientziazioan ere eragin beharra dagoela. Horrek bultzatu zaituzte UEMAren ekarpena eta esperientzia aintzat hartzera?

Bai. Udalerri euskaldun askotan gertatzen ari den galera ez dugu sumatzen bereziki Asteasun, baina datuak erabileraren beheranzko joera erakusten digute; hiztunen perfilak ari dira aldatzen, eta hori etxeko erabilera apalagoan ikusten da. Besteak beste, ikus-entzunezkoek edota aisialdia eta kultura kontsumitzeko modu berriek aldaketak eragin dituzte hizkuntza-ohituretan.

Hauskorrak dira gure herri txikiak, eta hizkuntza politika propioak landu nahi ditugu. Euskara da gure hizkuntza nagusia, eta etorkizunera begira hori sendotu nahi dugu, naturaltasunez ekinez, inertziatik kontzientziara pasatuta. Eta noski, hori guztia UEMArekin eta bertako kide diren beste herriekin batera egin nahi dugu.

Aho batez hartu duzue erabakia udal osoko bilkuran. Esanguratsua da, hizkuntza politikan adostasunez aritzeak duen garrantziagatik.

Bai, udalbatzarra osatzen dugun bi udal taldeko kideen aldeko botoekin, aho batez hartu da erabakia, eta noski pozik gaude. Orain lanean jarraitzeko baliabide gehiago izango ditugu, UEMAren eskutik, eta hori emaitzetan nabarmenduko dela uste dut.



Gai honi buruzko informazio osagarria:
ยท UEMAko kide izatea erabaki du Asteasuko Udalak (uema.eus, 2022-11-23).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.