Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAko kide izatea erabaki du Asteasuko Udalak

UEMAko kide izatea erabaki du Asteasuko Udalak

Asteasuko Udalak gaur iluntzean egin du azaroko udal osoko bilkura eta, besteak beste, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea erabaki du, aho batez. Beraz, datorren abenduaren 17an UEMAren batzar nagusiak herri berrien eskaerak onartzen dituenean, UEMAko kide den 95. herria izango da Asteasu. Gainera, UEMAko kide den Tolosaldeko 22. herria ere izango da.

[Tolosaldeko udalerria da Asteasu. 1.549 biztanle ditu,
eta %86,75 da bertako euskaldunen indizea].

Gaur iluntzean egin duen udal osoko bilkuran hartu du UEMAko kide izateko erabakia Asteasuko Udalak, mankomunitatearen estatutuak onartu ondoren. Ahobatez hartu dute erabakia, Asteasu Batuz taldeko zinegotzien eta EAJren zinegotzien aldeko bozkekin, gaurko bilkuran denek bertan egoteko aukera izan ez badute ere.

[Asteasuko Udaleko zinegotziak, gaur iluntzean, azaroko udal osoko bilkuran. Aho batez erabaki dute UEMAko kide izatea].

Eustatek urriaren amaieran plazaratu eta UEMAk pasa den astean ezagutarazitako datuen arabera, 2021ean, euskaldunen indizea (euskaldunak + ia euskaldunen erdia) %86,75 da Asteasun. Oro har euskaraz bizi dira herrian, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala, hauskortasunarekiko kezka ere badu Asteasuko Udalak, euskararen arnasguneetan ohikoa den bezala, edozein aldaketarekin egoera iraultzeko arriskua handia delako.

Euskararen kale-erabilerari dagokionez, esaterako, 2021eko datuen arabera %73,30 euskaraz aritzen da kalean Asteasun, baina azken lau urteotan nabarmen egin du behera kopuruak, 2017an %86,40 aritzen baitzen euskaraz. Haurren eta gazteen artean datuak askoz hobeak dira, eta horiek akuilutzat hartuta zein UEMAko kide bihurtuta, Asteasuko Udalak euskararen biziberritzean hizkuntza politika aurreratu eta bateratuekin eragiteko asmoa du, elkarlanean, Tolosaldeko gainerako udalekin eta UEMArekin batera.

Asteasu Gipuzkoako udalerria da. Tolosaldea eskualdean dago, eta iaz 1.549 biztanle zituen erroldan. UEMAk abenduaren 17an egingo du batzar nagusia, Deban. Batzar horretan, ohi bezala urteko balantzea egiteaz eta urte berrirako plangintza onartzeaz gain, UEMAko kide izateko herri berrien eskaerak ere aztertuko dituzte batzarkideek. Asteasu UEMAko kide izatea onartzen dutenean, Tolosaldeko 28 herrietatik 22 izango dira mankomunitateko kideak.

Hernaniko Udalak ere datorren asteartean har dezake erabakia

Asteasuren eskaeraz gain, UEMAren abenduko batzar nagusiak izan ditzake mankomunitateko kide izateko eskaera berriak ere aztergai. Hernaniko Udalak, esaterako, datorren asteartean du azaroko udal osoko bilkura, eta aztergaien artean du UEMAko kide izateko eskaera.

Oraintsu arte, Hernanik ez zituen betetzen UEMAko kide izateko baldintza soziolinguistikoak, baina Eustatek urriaren amaieran zabaldutako eta UEMAk azaroaren 16an ezagutarazitako zentsuaren datuak kontuan hartuta, gaur egun %70 da Hernaniko euskaldunen indizea. Datu horrekin, UEMAko kide izateko modua du Hernanik, lehen aldiz, eta erabakia datorren astearteko udal osoko bilkuran aztergaien artean izango dute zinegotziek.



Gai honi buruzko informazio osagarria:
ยท Asteasuko Udalak UEMAn sartzeko eskaera egin du (berria.eus, 2022-11-23).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.