Hasiera » Zehaztu gabe » Udalerri euskaldunetako haurren hizkuntza-ohituretan eta profil soziolinguistikoan aldaketa nabarmenak gertatu dira

Udalerri euskaldunetako haurren hizkuntza-ohituretan eta profil soziolinguistikoan aldaketa nabarmenak gertatu dira

UEMAk, Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateko DREAM taldeak elkarlanean egin dute ikerketa zazpi herritan. 2021ean egindako hizkuntzen erabileraren kale neurketen emaitzek erakutsi zuten UEMAko zenbait herritan erabilera jaitsi egin zela. Ikastetxeetan egindako beste ikerketa eta hausnarketa batzuk, haur eta gazteen artean gaztelania erabiltzeko ohitura adin gero eta gazteagoan agertzean jarri dute arreta. Kezka horretan du jatorria 2021 eta 2022an egin den ikerketa honek.

Ikerketak helburu gisa izan du haurrek adin gero eta goiztiarragoetan gaztelaniaz hitz egitean eragina duten faktoreak identifikatzea; herri horietako praktika onak eta indarguneak ezagutzea; hizkuntza aldaketarako estrategiak proposatzea; udalerri euskaldunetako hizkuntza-ohituren irudi orokorra osatzea; eta ikerketa-prozesuan parte hartu duten haur eta helduen artean hausnarketa soziolinguistikoa bultzatzea.

Lehen Hezkuntzako 5. Mailako ikasleen errealitatea hobeto ezagutzeko, ikasleez gain, eskola horietako zuzendaritzako kideekin, irakasleekin, gurasoekin eta herriko eragileekin egin da ikerketa. Metodologia kualitatiboa erabili da: hizkuntza biografia eta hizkuntza erretratua, testuinguruaren ezagupena, rol-jokoak, konfrontazio saioak eta eztabaida taldeak.

Aztertutako herrien diagnostikoa osatu da, haur horien hizkuntza praktiketan eragina duten 140 faktore identifikatuz, testuinguruko eremu ezberdinetan kokatzen direnak. Ikerketa Araba (1), Bizkai (2), Gipuzkoa (2) eta Nafarroako (2) herri zehatz batzuetan egin da, elkarren arteko aniztasuna bermatuz. Herri horietako eskoletan ikusitako ezaugarrien arabera, hiru herri-profil bereizi dira:

  • Haurrentzako arnasguneak: haurrek euskararen erabilera oso handia dute eta hizkuntzarekiko lotura estua dute, etxeko hizkuntza edozein izanda ere. Gurasoen eta herriko eragileen kezketatik abiatuta ekimenak jarri dira abian euskararen erabilera sustatzeko.
  • Udalerri euskaldun tipoak: haurren euskararen erabilera altua da, batik bat ikasgelan. Euskara hutsean egiten duten familiak geroz eta gutxiago dira eskolan eta euskararen erabilera behera egiten ari da herrian. Herrian ez dago militantzia artikulaturik egoerari aurre egiteko.
  • Udalerri erasanak: gaztelaniaren erabilera nagusi da herrian eta euskararen erabilera behera egiten ari da, baita ikasgela barruan ere. Euskara hutsean egiten duten familiak geroz eta gutxiago dira herrian eta herrian ez dago militantzia artikulaturik egoerari aurre egiteko.

Hamar ondorio nagusi

Herri tipologiaz gain, egindako azterketatik hamar ondorio nagusi atera dira.

  • Euskara hizkuntza nagusia da ikasgelan, baina ikasgelatik kanpo ez da nagusitasun hori ikusten.
  • Eskolan gertatzen dena herrian gertatzen denaren isla da, baita helduen praktika linguistikoena ere.
  • Identifikatu diren faktore gehienak elkarren artean lotuta ageri dira eta haurren eskumen eta fokutik kanpo daude, baita UEMAren irismenetik kanpo ere.
  • Herritarren eta, honenbestez, haurren profila aldatzen ari da: geroz eta gehiago dira etxeko hizkuntza euskara ez dutenak.
  • Gizartea eraldatzen ari da eta hizkuntza dinamika berriak agertu dira: udalerri euskaldunetako haurrek mundura begirako bizitza-ikuspegia dute.
  • Herriko eragileen artean elkarlanik ez dagoenean, hiztun komunitatea banatuta dago eta honek euskararen erabileran eta atxikimenduan eragiten du.
  • Ez dago nahikoa baliabiderik euskararen erabilera bultzatu eta herrietako euskalgintza berraktibatzeko.
  • Eskualdeetako inertziek eta ezaugarriek eragin handia dute udalerri euskaldunetako hizkuntza ohituretan.
  • Jasotako erantzun eta hautemate asko ezkorrak diren arren, datuek ez dute euskararen egoeraren atzerakada dagoenik esaten.
  • Haurrak jakitun dira euskararen egoera zein den, eragiten duten faktoreak identifikatzen dituzte eta euren ikuspegia helduena baino baikorragoa da.

Ikerketaren nondik norakoak, bideoan:
[Bideoa] Udalerri euskaldunetako haurrak eta euskara. Ikerketa proiektua.

[Bideoa] Udalerri euskaldunetako haurrak eta euskara. Ikerketaren ondorioak.

Material osagarria:
Ikerketaren emaitzen txosten teknikoa eta laburpen-txostena.

· Udalerri euskaldunetako haurrak eta euskara. Txosten teknikoa, osorik (134 orrialde).
· Laburpen-txostena (txosten teknikoaren laburpena. 11 orrialde).


Datu teknikoak:
Zuzendaria: Eider Saragueta (DREAM ikerketa taldea-Euskal Herriko Unibertsitatea).
Koordinatzailea: Beñat Garaio (Soziolinguistika Klusterra).
Garapen Taldea: Mariate Bizkarra (IkHezi ikerketa-taldea-EHU), Iñaki Eizmendi (EBETE), Garikoitz Goikoetxea (UEMA), Jone Goirigolzarri (Deustuko unibertsitatea), Karmele Perez (HUHEZI-Mondragon Unibertsitatea)
Babesleak: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Nafarroako Gobernua.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEH ikerketa: Udalerri Euskaldunetako Haurrak eta euskara (soziolinguistika.eus, 2022-11-21).
· Udalerri euskaldunetako umeen profil soziolinguistikoan “aldaketa nabarmenak” izan dira (Europa Pres, 2022-11-21).
· “Aldaketa nabarmenak” daude udalerri euskaldunetako haurren profil soziolinguistikoan eta praktiketan (goiena.eus, 2022-11-21).
· Euskarak nagusitasuna galtzen du eskolatik kanpo udalerri euskaldunetan ere (Berria, 2022-11-22).
· Gero eta lehenago hasten dira gaztelaniaz udalerri euskaldunetako haurrak (argia.eus, 2022-11-23).
· Nolakoa da udalerri euskaldunetako haurren euskararen erabilera? (Eider Saragueta, Administrazioa Euskaraz, 120, 32-33 orr.).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.