Hasiera » Zehaztu gabe » Udalerri euskaldunetan atzeraka ari da euskararen erabilera, eta galera nabarmena da

Udalerri euskaldunetan atzeraka ari da euskararen erabilera, eta galera nabarmena da

Udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoaren bilakaera aztertu du UEMAk, EUSTATek urriaren amaieran plazaratutako Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsua iturri gisa hartuta. Informazioa, beraz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerri euskaldunetara mugatzen da, eta horien bilakaera soziolinguistikoaren gako nagusiak eta ondorioak bildu ditu UEMAk, gaur plazaratutako txostenean.

Udalerri euskaldunen kopurua areagotzen ari da, ezagutzak gora egin duen udalerriak ari direlako %70eko langa gainditzen. Oro har, ezagutzaren beheranzko joera eten egin da udalerri euskaldunetan, baina aurreko urteetako galera ez da berreskuratu, eta horrek ondorio nabarmenak ditu euskararen erabileran. Zehazki, etxeko erabileraren beherakada gero eta nabarmenagoa da, eta galera hori ez da eten oraindik. 1991n, %72ko ezagutzarekin, %54koa zen erabilera; 2021ean, %73ko ezagutzarekin, %41ekoa. Datua are esanguratsuagoa da laugarren gune soziolinguistikoan, euskararen indizea %80tik gorakoa duten udalerrietan: %90eko ezagutzarekin, erabilera %81ekoa zen 1991n; 2021ean, berriz, %84ko ezagutzarekin, %59koa zen erabilera.

[Euskara lehen hizkuntza dutenen ehunekoa nabarmen jaitsi da, batez ere udalerri euskaldunetan, eta horrek isla zuzena du erabilera datuetan].

Ohi bezala, udalerri euskaldunak zein diren zehazteko, UEMAn sartu ahal izateko irizpidea hartu da aintzat: udalerrian euskararen ezagutza-indizea % 70 baino handiagoa izatea. Honela kalkulatzen da indize hori: euskaldunak + ia euskaldunen erdia.

Horren arabera, 2021eko zentsua kontuan hartuta, EAEn 129 udalerri euskaldun daude. Erkidegoko udalerrien erdiak baino gehixeago dira: 251 udalerri daude erkidegoan, eta % 51 pasatxo dira udalerri euskaldunak. Ezagutzak gora egin duen heinean, udalerri euskaldun gero eta gehiago dago EAEn. 1981ean 97 udalerrik gainditzen zuten % 70eko euskararen ezagutza-indizea, eta 2021ean, 129k. Alegia, 1981ean erkidegoko bost udalerritik bi ziren euskaldunak, eta 2021ean, erdiak pasatxo.

Laugarren gune soziolinguistikoa kontuan hartuta (euskaraz dakitenak %80 baino gehiago diren udalerriak), ordea, bilakaera ez da horren nabarmena. 1981ean erkidegoko 69 udalerri ziren multzo horretakoak, eta 2021ean 68.

Txostena lantzeko eta bilakaera soziolinguistikoa aztertzeko, hainbat datu aletu ditu UEMAk: udalerri euskaldunetako demografia, udalerri euskaldunak eta UEMAko udalak, euskararen ezagutzaren bilakaera, lehen hizkuntza eta hizkuntza-transmisioa, udalerri euskaldunen tipologia edota etxeko erabilera, besteak beste.

Gako nagusiak eta ondorioak

Azterketaren gako nagusiak eta ondorioak ere biltzen ditu txostenak. Honako hauek dira nabarmenenak:

UDALERRI EUSKALDUNAK
· Udalerri euskaldun gehiago. EAEko gero eta udalerri gehiagok gainditzen dute % 70eko ezagutza-indizea: 129 udalerrik. Zentsuz zentsu igotzen ari da kopurua. Hazkunderik handiena 1981-1991 artean gertatu zen, eta igoera makalagoa da ordutik.
· Udalerri euskaldunen kopurua areagotzen ari da, ezagutzak gora egin duen udalerriak ari direlako % 70eko langa gainditzen. Kopuruz gehiago dira udalerri euskaldunak, baina, haien artean euskaldunenei begiratuta, ez da igoerarik: laugarren gune soziolinguistikoa ez da hazi.

EUSKARAREN EZAGUTZA
· Udalerri euskaldunetan hau da ezagutzaren egoera 2021ean: % 73 euskaldunak dira, % 13 ia euskaldunak eta % 14 erdaldunak. Laugarren gunean handiagoa da ezagutza: % 84 dira euskaldunak, % 8 ia euskaldunak eta % 8 erdaldunak.
· Ezagutzaren beheranzko joera eten egin da udalerri euskaldunetan, 2021eko datuen arabera: ez da 2011tik beherago joan. Aurreko urteetako galera ez da berreskuratu, nolanahi ere, eta horrek ondorioak ditu erabileran. Euskaldun-dentsitate handieneko udalerri gutxiago dago.

LEHEN HIZKUNTZA
· Euskara da udalerri euskaldunetako herritar gehienen lehen hizkuntza (% 53), eta hamarretik batek gaztelaniarekin batera jaso du euskara etxean
(% 9); % 38k erdara dute lehen hizkuntza. Laugarren gune soziolinguistikoan gehiagok dute euskara lehen hizkuntza (% 69), eta apalagoa da beste lehen hizkuntzen presentzia.
· Euskara lehen hizkuntza dutenen ehunekoa nabarmen jaitsi da azken hamarkadetan, eta bide hori ez da eten oraindik. Erkidegoko datu orokorretan ere gertatu da jaitsiera hori, baina are nabarmenagoa da udalerri euskaldunetan. Euskaldunen profilean eragin nabarmena dauka: udalerri euskaldunetan ere gero eta euskaldun gehiago dira euskara bigarren hizkuntza gisa jaso dutenak, edo etxean bi hizkuntzak jaso dituztenak. Biztanle-mugimenduak daude horren oinarrian, ez transmisioaren haustura bat.

ETXEKO ERABILERA:
· Udalerri euskaldunetan nahiko parean daude euskararen erabilera (% 41) eta gaztelaniarena (% 38). Tartean dago beste multzo bat, ele bietan aritu ohi dena (% 18). Laugarren gune soziolinguistikoan handiagoa da euskararen erabilera (% 59), eta txikiagoa gaztelaniarena (% 25); ele bietan ere gutxiago aritu ohi dira (% 13). Beste hizkuntza batzuen erabilera % 3 ingurukoa da udalerri euskaldunetako etxeetan.
· Erabileraren beherakada oso nabarmena da, eta galera hori ez da eten oraindik. Ezagutza txikiagoak erabilera txikiagoa dakar, baina, proportzioan, erabileraren jaitsiera askozaz ere handiagoa da. 1991n, % 72ko ezagutzarekin, % 54koa zen erabilera; 2021ean, % 73ko ezagutzarekin, % 41ekoa. Areago laugarren gune soziolinguistikoan: % 90eko ezagutzarekin, % 81eko erabilera 1991n; eta 2021ean, % 84ko ezagutzarekin, % 59ko erabilera. Udalerri euskaldunetako herritarren profila aldatu egin da. Bereziki euskaraz dakitenen profila. Alegia, udalerri euskaldunetan gero eta erdaldun gehiago dago, euskaraz ez dakien jende gehiago, eta horrek eragin handia du erabileran eta erabilera-aukeretan; baina hori ez da aldaketa bakarra: udalerri euskaldunetan bizi diren euskaldunek bestelako hizkuntza-ezaugarriak dituzte (lehen hizkuntza, erraztasun erlatiboa, hizkuntza-ohiturak…), eta horrek dakar ezagutzaren eta erabileraren arteko tartea handitzea. Horri erantsi behar zaio udalerri euskaldunetako bizimoldean eta bertako herritarren gizarte-ohituretan nolako aldaketak ari diren gertatzen, eta horiek guztiek nola eragiten dioten euskararen erabilerari.


Txostena, osorik:
· EAEko udalerri euskaldunak. 1981-2021eko zentsuak (PDFa).
· Orrialde kopurua: 43.
· Argitalpena: 2022ko azaroa.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Iraitz Lazkano, UEMAko lehendakaria: “Beherantz doaz arnasguneak, eta bideak jarri behar ditugu gainbehera eteteko” (uema.eus, 2022-11-16).
· Euskararen erabilera atzeraka ari da, nabarmen, udalerri euskaldunetan (berria.eus, 2022-11-16).
· Iraitz Lazkano: “Egiturazko neurriak behar ditugu egoera iraultzeko” (berria.eus, 2022-11-16).
· Udalerri euskaldunetan euskararen erabilera atzeraka ari dela eta galera “nabarmena” dela dio UEMAk (Europa Press, 2022-11-16).
· Udalerri euskaldunetan ere, ezagutza gora eta erabilera behera (eldiariovasco.com, 2022-11-16).
· EAEko udalerri euskaldunetan atzeraka ari da euskararen erabilera, galera nabarmena da (naiz.eus, 2022-11-16).
· Euskararen erabilerak beherakada nabarmena izan du herri euskaldunetan ere eta neurriak eskatu dituzte (argia.eus, 2022-11-16).
· Bideoa: Udalerri euskaldunetan atzeraka ari da euskararen erabilera (Hamaika Telebista, 2022-11-16).
· Euskararen erabilera asko apaldu da herririk euskaldunenetako etxeetan (Berria, 2022-11-17. Azala eta bi orrialde, PDFan).
· Iñaki Iurrebaso: «Euskararen erdia udalerri euskaldunetan ekoizten da» (Berria, 2022-11-17).
· Udalerri euskaldunetan ere, ezagutzak gora eta erabilerak behera (El Diario Vasco, paperekoa, 2022-11-17).
· Euskara atzeraka eta galtzen ari da herri euskaldunenetan ere (Goierriko Hitza, 2022-11-17).
· Euskararen etxeko erabileran atzerakada nabarmena eman da (ataria.eus, 2022-11-24).
· Euskararen erabilera atzeraka ari da herri euskaldunetan (Busturialdeko Hitza, 2022-12-02).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.