Arrakasta handia izan du lehiaketak, eta 99 lan jaso ditugu. Lehiaketaren helburua arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10-16 urte bitarteko gaztetxoen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea izan da. Sari banaketa ekitaldia urriaren 28an egingo da Amasa-Villabonako Gurea Antzokian, 18:00etan.
“Arnasetik” sormen lehiaketa UEMAk, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz sustatutako egitasmoa da, euskararen arnasguneetan egiten den Arnasa Gara ekimenaren barnean, euskararen arnasguneek hizkuntzaren bizitasunerako duten garrantzia jendarteratzeko.
“Arnasetik” sormen lehiaketak erantzun handia izan du: guztira 99 lan aurkeztu dituzte euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek. Lehiaketaren helburua bikoitza izan da: alde batetik, arnasguneetako gaztetxoen euskarazko sormena lantzea; eta, bestetik, arnasguneetako nerabeei hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta eragitea.
Lehiaketan hiru kategoria bereizi dira, adinaren arabera. Kategoria bakoitzean erronka bati erantzun behar izan diete ikasleek:
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetako ikasleen kategorian, haurrek etorkizun hurbilean, LHtik DBHra eman beharreko jauzian, aurkituko dituzten egoera berriak islatu behar izan dituzte beren sormen lanetan, formatu librean (marrazkian, bertsoan, poeman, bideoan, abestian…). Izan ere, arnasgune gehientsuenak udalerri txikiak baitira, bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagotara jo behar izaten dute DBH mailako ikasketak egitera. Guztira, 40 lan aurkeztu dira kategoria honetan.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. ikasmailetako ikasleen kategorian, nerabeek bideo-tutorial bat egin behar izan dute youtuber estiloan, Julen Portillo youtuber gaztearen saio bat eredu hartuta. Honetan, 52 lan aurkeztu dira.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. ikasmailetako ikasleen kategorian, gaztetxoei eman zaien bideo bat osatzea eskatzen zitzaien, bideoko protagonistaren galderei erantzunez. Orotara, 7 lan aurkeztu dira.
Sari banaketa, Amasa-Villabonan
Bideo sormen lehiaketaren sari banaketa urriaren 28an egingo da Amasa-Villabonako Gurea Antzokian, 18:00etan. Kategoria bakoitzeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari bana emango zaie, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko. Sari banaketaz gain, sorpresa ugari ere izango dira Gurea Antzokian; besteak beste, Sara Alonso musikariaren emanaldia.
Kategoria bakoitzeko finalisten zerrenda:
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian:
- “LHtik DBHra”, Berriatua Eskola (Berriatua, Bizkaia)
- “Errezildik Azpeitira”, Errezilgo Eskola (Errezil Gipuzkoa)
- “DBHko 1.go eguna”, Bidania-Goiatz Eskola Txikiak (Bidania-Goiatz, Gipuzkoa)
- “Pasabideko kontuek”, Karmelo Etxegarai ikastola (Azpeitia, Gipuzkoa)
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailei dagokien kategorian:
- “Ni naiz ni”, Amazabal Institutua (Leitza, Nafarroa)
- “Erromako zubiye-xe”, Azpeitiko ikastola (Azpeitia, Gipuzkoa)
- “Art Attack”, Usurbil (Usurbil, Gipuzkoa)
- “Zer dira arnasguneak?”, Idiazabal (Idiazabal, Gipuzkoa)
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailei dagokien kategorian:
- “Sormen tailerra”, Zarauzko ikastola (Zarautz, Gipuzkoa)
- “Sormen tailerra 2“, Zarauzko ikastola (Zarautz, Gipuzkoa)
- “Arnasa hartu bideodeia”, Tolosa (Tolosa, Gipuzkoa)
- “Minerva eta Mariloli”, Toki Ona Institutua (Bera, Nafarroa)
Informazio gehiago: www.arnasagara.eus webgunean.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
- Berako eta Leitzako gazteek egindako bideoak ‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketako finalean (erran.eus – 2022-10-21)
- Arnasetik, euskararen arnasguneetako gazteek esateko dutena (diariovasco.com – 2022-10-24)
- Sugaar Zapirain idiazabaldarraren lan bat ‘Arnasetik’ bideo sormen lehiaketaren finalisten artean (goierri.hitza.eus – 2022-10-24)
- Hizkuntza ohiturei buruzko 99 sormen lan ondu dituzte gazteek Arnasetik bideo sormen lehiaketan (europapress.es – 2022-10-24)
- Ikasberriko eta Karmelo Etxegaraiko ikasleen lan bana, Arnasetik bideosormen lehiaketaren finalisten artean (uztarria.eus – 2022-10-25)
- Salbatore Mitxelena ikastolakoen bi lan, Arnasetik bideosormen lehiaketaren finalisten artean (zarauzkohitza.eus – 2022-10-25)
- Hizkuntza ohiturei buruzko sormen lanak ondu dituzte arnasguneetako ehunka gaztek Arnasetik lehiaketan (lea-artibaietamutriku.hitza.eus – 2022-10-25)
- Dos institutos navarros, finalistas del concurso en euskera ‘Arnasetik’ (noticiasdenavarra.com – 2022-10-25)
- Jóvenes de dos centros educativos navarros, finalistas en el concurso Arnasetik sobre hábitos lingüísticos (navarra.es – 2022-10-24)