Hasiera » Zehaztu gabe » ETB 3 Nafarroa osoan ikusteko aukera bermatzeko eskatu du UEMAk Nafarroako Parlamentuan

ETB 3 Nafarroa osoan ikusteko aukera bermatzeko eskatu du UEMAk Nafarroako Parlamentuan

UEMAk agerraldia egin du gaur goizean Nafarroako Parlamentuan, gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketaren datuak aurkezteko. Azterlanaren ondorio nagusia da ikus-entzunezkoen euskarazko kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela, telebistan, streaming plataformetan, sare sozialetan eta bideo-jokoetan. Bide batez, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok adierazi du ETB 3 Nafarroa osoan ez ikustea oinarrizko hutsunea dela: “Aukera hau baliatu nahi dut parlamentari jaun-andreoi dei hori egiteko; egin behar den guztia egin dezatela ETB 3 Nafarroa osoan behingoz ikusi ahal izateko”.

[UEMAko ordezkariak, gaur goizean, Nafarroako Parlamentuko Herritarrekiko Harremanetako Batzordean, parlamentariei ikerketaren datuak aurkezten]

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak eta Garikoitz Goikoetxea azterketaren arduradunak aurkeztu dituzte datuak Herritarrekiko Harremanetako Batzordean. Iraitz Lazkanok UEMAren nondik norakoak eta egitekoak azaldu dizkie legebiltzarkideei. Euskararen ezagutza % 70 baino altuagoa duten 94 udalerrik osatzen dute UEMA; horietatik 14 Nafarroako udalerriak dira. Gogoratu du, besteak beste, udalerri euskaldunen behatoki funtzioa daukala UEMAk, eta ikastetxe eta udalak bidelagun egin dela ikerketa sakona. “Eskola eta herri askotan kezka handia sumatu dugu ikus-entzunezkoen kontsumoak gaztetxoen hizkuntza-ohituretan duen eraginagatik. Hori bideratzeko lehen pausoa izan da honako hau, errealitatea aztertzea. Bigarren zeregina dator orain: diagnostikoaren argitan neurriak hartzea”.

Eusko Legebiltzarrean irailean egindako moduan, UEMAko lehendakariak adierazi du “egoera makurra” azalarazi duela ikerketak, eta gaiari “urgentziaz” heltzeko beharraz mintzatu da: “Arlo estrategikoa da ikus-entzunezkoena, eta, beraz, hizkuntza-politikaren ikuspegitik ezinbestekoa da benetako erabaki sendoak hartzea”. Ildo horretatik, Nafarroan “oinarrizko hutsune” bat dagoela nabarmendu du: ETB 3 ez da herrialde osoan ikusten; “benetan larria da hori, jasanezina, eta lehenbailehen konpondu beharrekoa. Beraz, aukera hau baliatu nahi dut parlamentari jaun-andreoi dei hori egiteko: egin behar den guztia egin dezazuela ETB3 Nafarroa osoan behingoz ikusi ahal izateko. Ezinbestekoa da”.

Datuak: erdararen nagusitasuna
Ikerketaren ardura izan duen Garikoitz Goikoetxea UEMAko teknikariak egindako lanaren nondik norakoak aurkeztu ditu parlamentuan. Aipatutako moduan, LH4tik Batxilergoko 2. maila bitarteko ikasleen 11.571 inkesta jaso ditu UEMAk -855 Nafarroako ikasleenak-, eta horietan egindako galderen erantzunekin osatu da ikerketa. Zehazki, telebista, streaming plataformak, sare sozialak, musika eta bideo-jokoetan gazteek zer kontsumitzen aztertu da, eta erdarazko kontsumoa nagusitzen da guztietan.

Esaterako, ikusi duten azken serie edo marrazki bizidunei buruz galdetuta, gaztetxoen % 10,6k baino ez du ikusi euskaraz, eta adinean gora doazen heinean jaitsi egiten da ehuneko hori: batxilergoko ikasleen % 3,1ek bakarrik ikusi ditu euskarazko serie edo marrazki-bizidunak. Lehen Hezkuntzan, marrazki bizidunak ikusteko Clan katera jotzen dute (% 42,9) ETB3ra (% 22,1) baino gehiago.

Txostenean xehe-xehe daude ikerketako emaitzak eta grafikoak.

Aldaketa beharra, bederatzi puntutan

Ikerketaren ondorio gisa, honako gogoeta hauek mahai gaineratu ditu UEMAk Nafarroako Parlamentuan:

  1. Aldaketa handiak. Ikus-entzunezkoen panorama asko aldatu da denbora gutxian, eta horrek eskatzen digu begirada zabaltzea eta konplexuago egitea. Eta mugitu egin behar dugu: abiada bizian aldatzen ari da hau, eta gaiari heldu egin behar diogu. Urgentea da.
  2. ETB3. Nafarroan oraindik badugu oinarrizko hutsune bat: ETB3 ez da herrialde osoan ikusten. Benetan larria da hori, jasanezina, eta lehenbailehen konpondu beharrekoa. Beraz, aukera hau baliatu nahi dut parlamentari jaun-andreoi dei hori egiteko: egin behar den guztia ETB3 Nafarroa osoan behingoz ikusi ahal izateko. Ezinbestekoa da.
  3. RTVE. Euskarazko ikus-entzunezkoak aipatzean, EITB etorri ohi zaigu burura, eta, bai, EITBk ardura handia dauka. Hala ere, datuak ikusita, mahai gainean jarri beharko genuke RTVEren ardura ere: gure udalerrietako milaka gaztetxok jotzen dute egunero RTVEra, marrazki bizidunak ikustera, eta euskarak ez dauka batere presentziarik RTVEn. Euskara hizkuntza ofiziala da EAEn eta Nafarroako eremu euskaldunean, gaztelania bezain ofiziala. RTVEk, publikoa izanik, badu ardura hori: ezin da euskara zokoratzeko tresna izan.
  4. Fikzioa. Gaztetxoek fikzioa bilatzen dute, eta behar dugu apustu sendoago bat. Apustu indartsuak egitean iristen dira emaitzak: Goazen telesaila da adibidea, lortzen baitu etxean eskaraz egiten ez duten gaztetxoengana ere iristea. Behar ditugu halako gehiago. Kontsumoa aztertu dugu azterketa honetan, eta kontsumoa erabiltzen da euskaldunen ustezko atxikimendurik ezaz hitz egiteko. Baina hitz egin dezagun eskaintzari buruz ere.
  5. Plataformak. Azken hilabeteetan ikusi ditugu urrats batzuk plataformetan, baina oso ahulak dira oraindik: pauso horiek areagotu eta sakondu egin behar dira, eta arautu, ez dadin dena haien borondatearen esku geratu. Eta ezinbestekoa da urratsak ezagutaraztea: gure gaztetxoetatik zenbatek dakite Netflixen jadanik badauzkatela euskarazko edukiak?
  6. Erreferenteak. Sare sozialetan nabari da euskarazko erreferente falta, eta jadanik sareetan ari direnen ikusgarritasun falta. Horrek, kontsumoan ez ezik, eragina du gaztetxoen jardunean ere: eguneroko hizkuntza euskara izan arren, sare sozialetan erdarara jotzen dute, besteak beste, erdarazko eremutzat jotzen dituztelako sare sozialak.
  7. Sortzaileak. Erreferenteak behar ditugu, beraz: erreferenteak ikus-entzunezkoetan, sare sozialetan eta kultur arloan oro har. Euskal sortzaileen aldeko apustua behar dugu: ez ikus-entzunezkoetan soilik, baina ikus-entzunezkoetan ere bai. Hutsune handia daukagu. Eskaintza asko ugaritu da, eta itsaso horren erdian proportzioan txikiago ageri da euskara.
  8. Hizkuntza-politikak. Hizkuntza-politikan orain arte baino sendotasun handiagoz heldu behar diogu gai honi: pandemiak ageri-agerian jarri digu ikus-entzunezkoek zer neurritan eragiten duten gure gaztetxoen hizkuntza-gaitasunean eta ohituretan, eta hainbat eremutan ari dira atzerapausoak sumatzen gaztetxoen erabileran. Ez da faktore bakarra, baina adin talde gazteenetan oso nabarmena da eragina. Hala diote eskoletatik.
  9. Ikuspegia. Badugu, beraz, erantzun beharreko galdera bat: hizkuntza-komunitate gisa, herri gisa, zein da gure eredua eta apustua ikus-entzunezkoen arloan? Alegia, zein den gure asmoa telebistarako, online plataformetarako, zinemarako, sare sozialetarako…

Material osagarria:
· Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketa (osorik, PDFan).
· Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa. Baztan, Bortziriak eta Leitza aldeko datuak (PDFa).
· Agerraldiaren bideoa (Nafarroako Parlamentuaren webgunea)

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· ETB 3 Nafarroa osoan ez ikustea salatu du UEMAk (euskalerriairratia.eus – 2022-10-21)
· Ikus-entzunezkoetan euskara bultzatzeko politikak eskatu ditu UEMAk Nafarroako Parlamentuan (naiz.eus – 2022-10-21)
· Uemak eskatu du «behar den guztia» egiteko ETB3 Nafarroa osoan ikus dadin (berria.eus – 2022-10-22)


Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.