Hasiera » Zehaztu gabe » “Ikus-entzunezkoetan, erdaren oso azpitik dago euskara; ezinbestekoa da benetako erabaki sendoak hartzea arlo honetan”

“Ikus-entzunezkoetan, erdaren oso azpitik dago euskara; ezinbestekoa da benetako erabaki sendoak hartzea arlo honetan”

UEMAk agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketa aurkezteko. Azterlanean, telebista, sare sozialak, streaming plataformak, musika eta bideojokoen kontsumoa aztertu dugu, eta euskara erdaren oso azpitik dagoela ondorioztatu dugu. Ikerketak UEMAko kide diren 94 udalerrietako 11.571 gaztek betetako inkesta du oinarri.

UEMAko ordezkariak, gaur eguerdian, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kiol Batzordean, legebiltzarkideei ikerketaren datuak aurkezten

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak eta Garikoitz Goikoetxea azterketaren arduradunak aurkeztu dituzte datuak Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean. Lazkanok diagnostikoaren larritasuna nabarmendu du: “Azken urteetako sentsazioak eta kezkak datuetara ekarri nahi izan ditugu lan honekin, eta egoera makurra azaleratu da. Arlo estrategikoa da ikus-entzunezkoena, eta, beraz, hizkuntza-politikaren ikuspegitik ezinbestekoa da benetako erabaki sendoak hartzea arlo honetan”.

Lazkanok mankomunitatearen nondik norakoak eta egitekoak azaldu dizkie legebiltzarkideei. Gogoratu du, besteak beste, udalerri euskaldunen behatoki funtzioa daukala UEMAk, eta ikastetxe eta udalak bidelagun egin dela ikerketa sakona. “Eskola eta herri askotan kezka handia sumatu dugu ikus-entzunezkoen kontsumoak gaztetxoen hizkuntza-ohituretan duen eraginagatik. Hori bideratzeko lehen pausoa izan da honako hau, errealitatea aztertzea. Bigarren zeregina dator orain: diagnostikoaren argitan neurriak hartzea”.

Iraitz Lazkano UEMAko Lehendakaria eta Garikoitz Goikoetxea ikerketaren egilea, Eusko Legebiltzarreko batzordean. Egilea: Eusko Legebiltzarra.

Ondorioak: erdararen nagusitasuna

Ikerketaren ardura izan duen Garikoitz Goikoetxea UEMAko teknikariak egindako lanaren nondik norakoak aurkeztu ditu Legebiltzarrean. Aipatutako moduan, LH4tik Batxilergoko 2. maila bitarteko ikasleen 11.571 inkesta jaso ditu UEMAk, eta horietan egindako galderen erantzunekin osatu da ikerketa. Zehazki, telebista, streaming plataformak, sare sozialak, musika eta bideojokoetan gazteek zer kontsumitzen aztertu da, eta erdarazko kontsumoa nagusitzen da guztietan.

Esaterako, gaztetxoek ikusi duten azken serie edo marrazki bizidunetatik
% 10,6k baino ez du ikusi euskaraz, eta adinean gora doazen heinean jaitsi egiten da ehuneko hori: batxilergoko ikasleen % 3,1ek baino ez du ikusi euskarazko serie edo marrazki-bizidunak. Lehen Hezkuntzan, marrazki bizidunak ikusteko Clan katera jotzen dute (% 42,9) ETB3ra (% 22,1) baino gehiago.

Txostenean xehe-xehe daude ikerketako emaitzak eta grafikoak.

Legebiltzarrean aurkeztutako datuekin, hari hau egin dugu sare sozialetan:

Aldaketa beharra, zortzi puntutan

Ikerketaren ondorio gisa, honako gogoeta hauek aurkeztu ditu UEMAk Legebiltzarrean:

  1. Aldaketa handiak. Ikus-entzunezkoen panorama asko aldatu da denbora gutxian, eta horrek eskatzen digu begirada zabaltzea eta konplexuagoa egitea. Eta mugitu egin behar dugu: abiada bizian aldatzen ari da hau, eta gaiari heldu egin behar diogu. Urgentea da.
  2. Fikzioa. Gaztetxoek fikzioa bilatzen dute, eta behar dugu apustu sendoago bat. Apustu indartsuak egitean iristen dira emaitzak: Goazen telesaila da adibidea, lortzen baitu etxean eskaraz egiten ez duten gaztetxoengana ere iristea. Behar ditugu halako gehiago. Kontsumoa aztertu dugu azterketa honetan, eta kontsumoa erabiltzen da euskaldunen ustezko atxikimendurik ezaz hitz egiteko. Baina hitz egin dezagun eskaintzari buruz ere.
  3. RTVE. Ikus-entzunezkoak aipatzean, EITB etorri ohi zaigu burura, eta, noski, EITBk ardura handia dauka gai honetan. Hala ere, datuak ikusita, mahai gainean jarri beharko genuke RTVEren ardura ere: gure udalerrietako milaka gaztetxok jotzen dute egunero RTVEra, marrazki bizidunak ikustera, eta euskarak ez dauka batere presentziarik RTVEn.
  4. Plataformak. Azken hilabeteetan ikusi ditugu urrats batzuk plataformetan, baina oso ahulak dira oraindik: pauso horiek areagotu eta sakondu egin behar dira, eta arautu, ez dadin dena haien borondatearen esku geratu. Eta ezinbestekoa da urratsak ezagutaraztea: gure gaztetxoetatik zenbatek dakite Netflixen jadanik badauzkatela euskarazko edukiak?
  5. Erreferenteak. Sare sozialetan nabari da euskarazko erreferente falta, eta jadanik sareetan ari direnen ikusgarritasun falta. Horrek, kontsumoan ez ezik, eragina du gaztetxoen jardunean ere: eguneroko hizkuntza euskara izan arren, sare sozialetan erdarara jotzen dute, besteak beste, erdarazko eremutzat jotzen dituztelako sare sozialak.
  6. Sortzaileak. Erreferenteak behar ditugu, beraz: erreferenteak ikus-entzunezkoetan, sare sozialetan eta kultur arloan oro har. Euskal sortzaileen aldeko apustua behar dugu: ez ikus-entzunezkoetan soilik, baina ikus-entzunezkoetan ere bai. Hutsune handia daukagu. Eskaintza asko ugaritu da, eta itsaso horren erdian proportzioan txikiago ageri da euskara.
  7. Hizkuntza-politikak. Hizkuntza-politikan orain arte baino sendotasun handiagoz heldu behar diogu gai honi: pandemiak ageri-agerian jarri digu ikus-entzunezkoek zer neurritan eragiten duten gure gaztetxoen hizkuntza-gaitasunean eta ohituretan, eta hainbat eremutan ari dira atzerapausoak sumatzen gaztetxoen erabileran. Ez da faktore bakarra, baina adin talde gazteenetan oso nabarmena da eragina. Hala diote eskoletatik.
  8. Ikuspegia. Badugu, beraz, erantzun beharreko galdera bat: hizkuntza-komunitate gisa, herri gisa, zein da gure eredua eta apustua ikus-entzunezkoen arloan? Alegia, zein den gure asmoa telebistarako, online plataformetarako, zinemarako, sare sozialetarako…
    (…)

Txostenak:
· Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketa (osorik, PDFan).
· Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa. Baztan, Bortziriak eta Leitza aldeko datuak (PDFa).
· Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa. Busturialdeko datuak (PDFa).
· Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa. Debagoieneko datuak (PDFa).
· Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa. Goierriko datuak (PDFa).
· Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa. Lea-Artibai eta Mutrikuko datuak (PDFa).
· Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa. Tolosaldeko datuak (PDFa).
· Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa. Urola Kostako datuak (PDFa).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Uemako herrietan, lau ikasletik hiruk gaztelaniaz ikusi dute azkenekoz telesail bat (berria.eus – 2022-09-29)
· Eremu euskaldunenetako haurrek ere gaztelaniazko ikus-entzunezkoak kontsumitzen dituzte, alde handiz (argia.eus – 2022-09-28)
· Udalerri euskaldunetan gazteek gaztelaniazko edukiak kontsumitzen dituzte gehienbat ikus-entzunezkoetan (eitb.eus – 2022-09-28)
· Gaztelaniazko ikus-entzunezkoak dira nagusi udalerri euskaldunetako gazteen artean (hamaika.eus – 2022-09-28)
· Euskarak dena du irabazteko ikus-entzunezkoen arloan, baita gazte euskaldunen artean ere (naiz.eus -2022-09-28)
· Erdarazko edukiak kontsumitzen dituzte batik bat haur eta gazte euskaldunek (diariovasco.com – 2022-09-28)
· Iraitz Lazkano, UEMA: ‘Euskaraz eduki onak egiten direnean, gazteek horiek kontsumitzen dituzte’ (hamaika.eus – 2022-10-05)
· “Ikus-entzunezkoen esparruan berehalako neurriak hartzen hastea behar beharrezkoa da” (mintzanet.net – 2022-10-06)
· Los jóvenes de municipios euskaldunes prefieren los contenidos audiovisuales en castellano (elcorreo.com -2022-09-28)
· Euskara erdaren “oso azpitik” dagoela ohartarazi du UEMAk (zinea.eus – 2022-09-29)
· La pregunta del millón (noticiasdenavarra.com – 2022-09-28)

Tokiko komunikabideetan, eskualdeko datu eta irakurketekin:
· Udalerri euskaldunetako ikasleek gaztelaniaz kontsumitzen dituzte ikus-entzunezkoak (lea-artibaietamutriku.hitza.eus -2022-09-28)
· Ikus-entzunezkoak “funtsezkoak” gazteek euskaraz jarduteko (goiena.eus – 2022-09-28)
· Erdaraz ikus-entzuten da gehien eskualdean, gaztetxoen artean (uztarria.eus – 2022-09-29)
· Gaztelaniaz egiten dute gazteen ikus-entzunezkoek (ataria.eus – 2002-09-28)
· Eskualdeko ikasle gaztetxoek alde haundiz gaztelaniazko ikus-entzunezkoak kontsumitzen dituzte (erran.eus, 2022-10-02).
· Pantailak, kezken ispilu (Uztarria, 2022-12-01).


Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.