Hasiera » Zehaztu gabe » Dimako Udalak ELE arautzeko lehen ordenantza onartu du, UEMAk landutako metodologiarekin

Dimako Udalak ELE arautzeko lehen ordenantza onartu du, UEMAk landutako metodologiarekin

Udalerriaren garapenari eragiten dioten plan eta proiektuek hizkuntza-inpakturik izango duten aurreikusi eta neurriak hartzea ahalbidetuko du ELE Eragin Linguistikoaren Ebaluazioak. UEMAk ELE aplikatzeko metodologia zehaztu du, eta Dimako udalbatza izan da metodologia horretan oinarritutako ordenantza onartu duen lehena. Orexan eta Lizartzan ere onartuko dituzte asteon.

Udalek onartzen dituzten plan eta proiektuek eragin zuzena izan dezakete hiztun komunitatean; biztanle-kopurua edo herria bisitatzen dutenen kopurua handitu dezakete, herritarren ohiturak aldatu, edo herriko egoera soziolinguistikoan bestelako eraginak izan ditzakete. Bada, onartu berri den ordenantzaren bidez -ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazioak egiten diren antzera-, hizkuntza-inpaktuei buruzko ebaluazioa egingo da planak onartzeko edo proiektuei baimena edo gaikuntza emateko prozesuetan. 2/2016 Legeak arautu eta 179/2019 Dekretuak garatu zuen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, eta orain, berau praktikan jartzeko metodologiak zehaztu behar dituzte udalek, udal ordenantzen bidez.

Dimako Udaleko ordezkarien berbetan, ordenantza urrats garrantzitsua da euskararen normaliazazio prozesuan: “Gure eginkizuna ere bada udalean horrelako ordenantzak onartzea; ondorengoei ere gauzak ondo egiteko tresnak ematea, eta egingo denaren bermea izatea. Lana errazten du ordenantzak eta bideorri bat markatu”. Euskara zeharkakotasunez lantzeko tresna izango da ordenantza: “Oso argi daukagu euskara zeharkako gaia dela. Lantalde txikia daukagu eta denok daukagu argi euskararen, presentzia, erabilera eta sustapena denoi dagokigula”.

Ebaluagai izango diren plan eta proiektuak

Ordenantza onartuta, herriko plan eta proiektuei jarraipen sistematikoa egingo zaie, eta, horretarako, eragin linguistikoa ebaluatzeko batzordea izendatu dute, eta batzorde horren egitekoa zehaztu.

Dima, UEMAko udalerria eta arnasgunea izanik, bertako hiri-antolamenduari eta turismoari lotutako planetan ELE aplikatzeaz gain, bestelako plan eta proiektuetan ebaluatu ahal izango da hizkuntza-inpaktua: besteak beste, merkataritzagune handiak eraikitzeko proiektuetan; etxebitzitzen eraikuntzarekin lotutako plan guztietan; aisialdiari lotutako plan eta proiektuetan; zein zerbitzu ekipamenduak -kiroldegiak, zahar egoitzak, kultur etxeak…- eraikitzeko proiektuetan.

Herriko arnasguneak zaintzeko lanketa

Diman onartutako ordenantzaren bidez, udalerriko egitasmoetan hizkuntzaren gaia zeharkakotasunez landu gura da. Izan ere, hizkuntza normalizatzeko, norbanakoak euskalduntzeaz gain, ezinbestekoa da espazio geografiko zein funtzionalak euskalduntzea. Ildo horretatik, euskararen arnasguneak zaintzeko lanketa berezia egingo da.

Herrian garatuko den plan edo proiekturen batek hizkuntzaren egoeran inpaktu negatiboa izango duela ondorioztatuz gero, hainbat neurri zuzentzaile edo aringarri aplikatu ahal izatea aurreikusten du ordenantzak: esaterako, proiektuen tamaina murriztea; tokiko beharretara egokitutako ekipamendu zein zerbitzuak aurreikustea; bisitari kopuru jasangarria sustatzea; zein enpresekin komunikazio irizpideak zein kontratazio irizpeak finkatzea, euskarari lehentasuna emateko.

Ordenantza bera, hemen eskuragarri.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.