Hasiera » Zehaztu gabe » ARNASETIK bideosormen lehiaketa, gazteek hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egiteko

ARNASETIK bideosormen lehiaketa, gazteek hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egiteko

Arnasa Gara ekimenaren baitan, ARNASETIK bideosormen lehiaketa sortu dute UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroak Gobernuak, arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta sustatu nahian. Urriaren 5ean amaituko da lanak aurkezteko epea, eta urriaren 28an banatuko dira sariak, Villabonan egingo den ekitaldian. Sormena erabiliz, istorioak kontatzeko gonbidapena luzatzen zaie 10-16 urte bitarteko gazteei, eta hiru kategoria izango ditu lehiaketak: LH 5. eta 6. maila, DBH 1. eta 2. maila, eta DBH 3. eta 4. maila.

Arnasa Gara ekimenak antolatu du ARNASETIK bideosormen lehiaketa, arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteek haien sormena erabiliz euskararekin lotutako istorioak konta ditzaten. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Horregatik, ARNASETIK lehiaketa udalerri euskaldunetako ikasleei zuzendua dago.

Lehiaketan parte hartuko duten gazteek lanak euren kabuz, lagunartean edo ikaskideekin batera garatu ahal izango dituzte, bakoitzaren nahiaren arabera.

Hiru kategoria, adinaren arabera bereizita

ARNASETIK 10-16 urteko gazteei zuzendua dago, baina adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dira, kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izanik. LH 5. eta 6. mailako ikasleek LHtik DBHra berarekin dakartzan emozio, hizkuntza ohitura eta egoera berriak islatu behar izango dituzte haien sormen lanetan, formatu librean (marrazkia, bertsoa, poema, bideoa, abestia…). Izan ere, arnasgune gehientsuenak udalerri txikiak dira eta bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagoetara jo behar izaten dute DBH mailako ikasketak egitera.

Bestalde, DBH 1. eta 2. mailako ikasleek youtuber estiloan bideo-tutorial bat egin beharko dute, Julen Portilloren bideo bat eredu izanik. Bukatzeko, DBH 3 eta 4. mailako ikasleek Hiru Damatxok ekoiztutako bideoan agertzen diren galderei erantzuten dion bideoa sortu beharko dute, elkarrizketa irudikatuko duen formatu batean. Julen Portilloren eta Hiru Damatxoren bideo hauek zein lehiaketaren oinarri guztiak www.arnasagara.eus webgunean daude ikusgai.

Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokide bat izango du, eta publikoaren saria ere banatuko da, guztira 2.000 euro banatuz. 500 euroko sari baliokide bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.

Sari banaketa ekitaldia

ARNASETIK bideosormen lehiaketak sari banaketa ekitaldia egingo du urriak 28an, Villabonan. Beraz, gazteek egingo dituzten sormen lanak urriaren 5a baino lehen jaso beharko dira. Bertan, sariak banatzeaz gain, sorpresa ugari izango dira.

Bitartean, informazio gehigarria izango duzue www.arnasagara.eus webgunean eta sare sozial ezberdinetan.

MATERIAL OSAGARRIA

Arnasetik bideosormen lehiaketaren informazio guztia, oinarriak, parte hartzeko modua eta gainerako guztiak arnasagara.eus webgunean daude eskura, lotura honetan: Arnasetik bideosormen lehiaketa.

Zehazki, atal hauetan bereizita dago informazio guztia:
· Zer da Arnasetik lehiaketa + eskuorria.
· Oinarriak + oinarriak PDFan.
· Kategoriak + kategoria bakoitzari dagozkion bideoak.

ARNASETIK LH 5-6: Sormen lana.
LHtik DBHra pasatzeak suposatzen dituen emozio, hizkuntza ohitura eta egoerak islatu formatu librean (marrazkia, olerkia, bertsoa, ipuina…).

ARNASETIK DBH 1-2: Bideo-tutoriala.
Julen Portillok egindako bideoa ikusita ikus-entzunezkoa sortu youtuber estiloan.

ARNASETIK DBH 3-4: Bideoa.
Hiru Damatxok egindako bideoan agertzen diren galderei erantzuten dion bideoa sortu, elkarrizketa irudikatuko duen formatuan.

· Parte hartu. Azkenik, lanak bidaltzeko moduari buruzko azalpenak eta parte hartzeko bete beharreko galdetegia daude eskuragai parte hartu atalean.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Irailean hasiko da Arnasetik bideosormen lehiaketa (arnasagara.eus, 2022-07-06).
· Arnasetik bideosormen lehiaketa abian, gazteek hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egiteko (Europa Press, 2022-09-02).
· Arnasetik bideosormen lehiaketa sortu dute, gazteek hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egiteko (naiz.eus, 2022-09-02).
· UEMAk gazteen hizkuntza ohituren inguruko gogoeta sustatu nahi du
(El Diario Vasco, 2022-09-02).
· Arnasetik bideosormen lehiaketa martxan, gazteek hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egiteko (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2022-09-02).
· Arnasetik bideosormen lehiaketa, gazteek hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egiteko (ataria.eus, 2022-09-02).
· Concurso para reflexionar sobre los hábitos lingüísticos (Noticias de Gipuzkoa, 2022-09-03).
· ARNASETIK bideosormen lehiaketa aurkeztu du Arnasa Garak (Busturialdeko Hitza, 2022-09-05).
· Martxan da gazteei zuzendutako Arnasetik bideosormen lehiaketa! (gazteonkz.eus, 2022-09-05).
· ‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketa antolatu du Arnasa Gara ekimenak (erran.eus, 2022-09-06).
· Arnasetik bideosormen lehiaketa abiatu du Uemak gazteek hizkuntza ohituren inguruan hausnar dezaten (uztarria.eus, 2022-09-06).
· Gazteentzako ‘Arnasetik’ bideo-sormen lehiaketa sortu dute (Gaztezulo, 2022-09-05).
· Arnasetik bideosormen lehiaketa abiatu du Uemak gazteek hizkuntza ohituren inguruan hausnar dezaten (zarauzkohitza.eus, 2022-09-11).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.