Hasiera » Zehaztu gabe » Euskaltegien matrikulazio kanpainarekin bat egin du UEMAk, herritarren alfabetatzean eta etorri berrien formazioan oinarrizkoak direla iritzita

Euskaltegien matrikulazio kanpainarekin bat egin du UEMAk, herritarren alfabetatzean eta etorri berrien formazioan oinarrizkoak direla iritzita

Ikasturte berrirako matrikulazio kanpaina abiarazi dute gaur euskaltegiek, irailarekin batera. Ohi bezala, UEMAk aurten ere bat egin du kanpainarekin, mankomunitateko kide diren hainbat udalekin eta euskaltegiekin elkarlanean, udalerrien euskalduntze osoa lortzeko bidean euskaltegien lana oinarrizkoa dela jakinda. Etorri berrien formazioan ez ezik, aspaldidanik gure artean bizi diren baina oraindik euskararik ez dakiten herritarren alfabetatzean ere nabarmen eragiten dute euskaltegiek.

Dena dela, herri txiki askotan ez dago euskaltegirik, eta herri horietako biztanleek alboko herri handiagoetara joan behar izaten dute euskara ikastera. Hori saihesteko eta herrien garapenean laguntzeko, euskara herrian bertan ikasteko taldeak sortzeko aukera emango dute urten ere UEMAk, udalek eta euskaltegiek. Herrian bertan taldea sortzea zaila den zenbait kasutan, berriz, eskualdeko herri zehatzak hautatu dituzte eskolak emateko. Tolosaldean, esaterako, mailaz maila zehaztu dute noiz eta non izango den euskara ikasteko aukera. Gaur egin dute eskaintza aurkezteko agerraldia, Tolosan.

Euskaltegien alfabetatze-euskalduntze eskaintzarekin bat egitearekin eta hori sustatzearekin batera, ikasturte honetan ere UEMAk laguntza eskainiko du herri txikietan. Herrian bertan ikasle taldeak sortzeko koordinazio-lana egingo du alde batetik, beti ere eskualdeko euskaltegiekin eta udalekin elkarlanean. Bestetik, berriz, diru-laguntzak jasotzeko arautegi, ordenantza eta antzekoen inguruko aholkularitza ere emango die horrelakorik behar duten udalei.

Euskaltegirik ez duen herri txikiren batean bizi eta euskara ikasi nahi izanez gero, udalera jo beharko du herritarrak, eta ondoren UEMAk koordinatuko du herri horretan ikasle-taldea sortzeko egin beharrekoa, bai udalarekin eta bai eskualdeko euskaltegiekin.

Gaur aurkeztu dute Tolosaldeko alfabetatze-euskalduntze eskaintza

Alegian aurkeztu dute gaur Tolosaldeko 2022-2023 ikasturteko matrikulatze-kanpaina. Argazkia: ataria.eus.

Tolosaldeko hainbat udaletako alkateek agerraldia egin dute gaur goizean Alegian, 2022-2023 ikasturteko Tolosaldeko alfabetatze-euskalduntze eskaintzaren berri emateko. Bertan izan dira euskaltegietako, Galtzaundiko, UEMAko eta Tolosaleko Euskaren Mahaiko ordezkariak ere, udaletako euskara teknikariekin batera.

Izan ere, Tolosaldeko udalek ikasturte honetan ere euskara ikastaroen kostuak finantzatuko dituzte, kasu batzuetan %100ean ere bai. Horrela, udalen, Galtzaundiren, Tolosaleko Euskararen Mahaiaren eta UEMAren laguntzarekin, euskaltegiek bost mailatan antolatutako eskaintza eskainiko diete herritarrei: hastapen-maila, oinarrizko maila, erdi-maila, goi-maila eta autoikaskuntza. Alegian, Anoetan, Asteasun, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Lizartzan, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen izango da klaseak jasotzeko aukera, dagoeneko zehaztu dituzten egunetan eta orduetan.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Tolosaldera egokitutako eskaintza zabala aurkeztu dute AEK eta Aitzol euskaltegiek (ataria.eus, 2022-09-01).
· Ireki leihoa euskarari: eman izena euskaltegian (ataria, 2022-09-07).
· euskaraikasi.nafarroa.eus
· aprendeeuskera.navarra.es
· elaide.eus
· udaleuskaltegiak.eus
· aek.eus

UEMAk ikaturte honetako matrikulazio kanpaina sustatzeko prestatutako kartelaren gaztelerazko bertsioa.
Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.