Hasiera » Zehaztu gabe » Ehun gazte, zazpi egun eta inertziatik kontzientziarako saltoa

Ehun gazte, zazpi egun eta inertziatik kontzientziarako saltoa

Tolosatik eta Etxarri Aranaztik abiatutako zutabeetan Leitzara iritsi eta zazpi egunez lagun giro ederrean ibili ondoren, igandean amaitu ziren udalerri euskaldunetako gazteen Salto! udalekuak. Izena gazte askok ematen duela ikusita, iaztik hona kopurua bikoiztu du UEMAk, eta aurten azkenean 100 gaztek hartu du parte astebeteko topaketan. Gazteak, hezitzaileak eta udalekuez arduratu diren UEMAko teknikariak gustura itzuli dira udalekuetatik, ekimenaren helburuak bete direlakoan. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta elkarren arteko sareak sortzea da udalekuen helburua, eta horretarako UEMAk hainbat udalen, elkarteren eta eragileren laguntza izan du. Horrela, denen artean antolatutako egitarau oparoz gozatu ahal izan dute gazteek.

[Tolosatik abiatu zen zutabeko zenbait gazte, ekainaren 27an, Tolosako alde zaharrean, Galtzaundi Euskara Taldeko kideekin egindako bisita gidatuan].

Udalekuak amaituta, gustura agertu dira lanean aritu diren hezitzaileak eta UEMAko teknikariak. Azken hilabeteotan udalekuak bideratzeaz buru-belarri aritu den Goizane Arana UEMAko teknikariaren hitzetan, aurten ere, “udalerri euskaldunetako gazteen arteko sareak sortzea eta parte hartzaileak euskararen inguruan kontzientziatzea lortu dugulakoan gaude eta, beraz, helburua ederki beteta dago”.

Hezitzaileen eta bi zutabeen arduradun gisa egunero gazteekin batera ibili den June Furundarenak ere ez du zalantzarik: “Sekulako giroa sortu da gazteen artean, eta horretarako antolatuta genituen ekimenak ere egokiak izan dira oro har”. Hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa oinarrietako bat denez, udalekuek bere egitekoa betetzen dutelakoan dago Furundarena: “Oro har, euskara izan da nagusi udalekuetan. Hasieran, bazen talde txiki bat gaztelaniaz aritzen zena, baina laster egin zuten salto euskarara, ikusi baitzuten hori zela lagunak egiteko eta taldearen parte izateko modua. Erdararako joera zutenen artean, udalekuek bete dute bere funtzioa. Euskararako joera zutenen artean, berriz, inertziatik kontzientziarako saltoa emateko ere baliagarriak izan dira”.

Hainbat udalekin eta eragilerekin lankidetzan

Gazteak euskararen inguruan kontzientziatzeko, UEMAk tokian tokian bateko eta besteko eragileekin antolatutako ekimenak izan dituzte egun hauetan egitarauan: igaro dituzten herrien historia, kultura edota euskararen egoera ezagutzeko bisita gidatuak; Euskal Herriaren eta euskal kulturaren historia Iñaki Perurenaren ahotik Peru-Harri museoan; Gazte Euskaltzaleen Sarearen aurkezpena; euskararen inguruko tailerrak, bertso afariak, euskal kantuekin girotutako gaubeila, eta abar.

Horiekin guztiekin, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazi nahi die UEMAk, arnasguneen egoeraren berri ematearekin batera, kontzientzia har dezaten. Horretarako, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere aritzen dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin.

Proiektua are gehiago garatzeko, ordea, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak ere antolatu ditu UEMAk azken urteotan. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea lortu nahi da urteroko udaleku hauekin.

“Udalekuak oso ongi atera dira”

Hurrengo urterako hausnartu beharrekoen artean, parte-hartzaile kopurua mantentzearena eta zutabeetan antolatzearena izango da erabaki beharretako bat. Izan ere, hezitzaileen hitzetan, “udalekuak hasi eta laugarren egunean 50 gazteko bi zutabeak batzea beharbada ez da egokiena. Lehen egun horiek igarota hasten da taldean konfiantza sortzen, eta batzuentzat zaila izan da beste 50 lagun berri gehituta hori lortzea. Hala ere, oso gustura egon dira gazteak eta zutabe bakoitzekoen artean konfiantza eta lotura gehiago sortzeko balio izan du. Datorren urtean hori nola egin erabaki beharko da, parte hartu nahi duten guztiei lekua ematea ez baita erraza”.

Zazpi egunez gazteen otorduak, garbiketarako eta atsedenerako lekuak, osasun arreta, horrelakoetan sortu ohi diren larrialdiak eta antzekoak bermatzeko hezitzaile, sukaldari eta teknikari taldea aritu da lanean buru-belarri, zenbait herritako euskaltzale boluntarioekin batera. Guztien lanari esker “udalekuak oso ongi atera dira, eta sortu diren zailtasunei ongi erantzun diegu”. Ekimena sendotze aldera, berriz, udalekuak 10 egunera luzatzea ere proposatu dute hezitzaileek, aurtengoaren balorazioa egiterakoan.

Amaitzeko, ohi bezala, UEMAk galdetegia helaraziko die udalekuan parte hartu duten gazteei, moldatu, aldatu eta hobetu beharrekoen berri izateko, eta erantzun horiek guztiak eskuetan izanda hasiko da datorren urtekoa prestatzen.

Material osagarria:
· Salto! Udalerri Euskaldunetako Gazteen Udalekuak: 2022ko argazki bilduma: labur.eus./salto22irudietan

[argazki bilduma ikusteko, egin klik irudiaren gainean].
Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.