Hasiera » Zehaztu gabe » Gaur hasi dira udalerri euskaldunetako gazteen udalekuak, Tolosatik eta Etxarri Aranaztik abiatu den zutabe banarekin

Gaur hasi dira udalerri euskaldunetako gazteen udalekuak, Tolosatik eta Etxarri Aranaztik abiatu den zutabe banarekin

100 gaztek hartuko dute parte astebeteko topaketan. Ostegunean Leitzan elkartuko dira bi zutabeak. Ohi bezala, gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da ekimenaren helburua. Horretarako, UEMAk egitarau oparoa antolatu du udalekin eta hezitzaile taldearekin batera, hainbat talde eta eragileren laguntzarekin. Gaur, esaterako, Tolosako Udalak eta Galtzaundi Euskara Taldeak egin diete harrera Tolosatik abiatu diren gazteei. Etxarri Aranazen, berriz, bertako udalaren eta euskara batzordearen harrera jaso dute. Euripean bada ere, bi taldeek giro ederrean ekin diote gaurko egitarauari eta bideari.

[Tolosan, Galtzaundi Euskara Taldeko kideen eskutik bisita gidatua egin dute gazteek, eta euskararen inguruko hainbat kontu ezagutzeko aukera izan dute].

Gaurtik aurrera, Salto udalekuen Telegram kanalean (https://labur.eus/saltoTM) eta Instagram kontuan (@salto_eus) jarraitu ahal izango dira udalekuen nondik norakoak.

Ohi bezala, ibiltaria izango da aurten ere ekimena. Bi zutabeek ostegunean egingo dute bat Leitzan, eta orduz geroztik egitarau bateratu izango dute.

Zutabe bakoitzaren egitarau zehatza, egunez egun:
· SALTO egitaraua, Tolosa – Berastegi (PDFan).
· SALTO egitaraua, Etxarri Aranatz – Beruete (PDFan).
· SALTO egitaraua, Leitza (PDFan).

Abiapuntua, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa eta udaleku hauekin.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Salto udalekuak. Telegram kontua.
· Salto udalekuak. Instagram kontua.
· Astelehenean hasiko da Salto!, udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dituen astebeteko udaleku ibiltaria (uema.eus, 2021-06-23).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.