Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdian gailendu ziren bi lanak ezagutarazi zituen epaimahaiak abenduan. Bi lan horietako bat zen euskal gazteen hizkuntza-autoestimuari dagokiona: faktoreen analisia eta egoera iraultzeko proposamena. Beka jaso orduko, buru-belarri ari da lanean June Furundarena, Leire Sanchez eta Jon Izetak osatutako lantaldea.
Azken urteotako ikerketen arabera, euskararen erabilera estuki lotuta dago hizkuntza-autoestimuarekin, beste hainbat faktoreren artean. Halaber, horrek lotura zuzena du hizkuntza-gaitasunarekin, hizkuntza aldaerarekin, hizkuntzarekiko jarrerarekin eta hizkuntza identitatearekin. Bekari esker, horiek kualitatiboki eta kuantitatiboki ikertuko dituzte egileek, eta ondoren “gazte euskaldunen hizkuntza autoestimua indartzeko, euskararen erabilera hauspotzeko, eta sentsibilizazioa eta ahalduntzea bultzatzeko” baliabideak sortuko dituzte, unitate didaktikoak osatuz. Horiek sortuta, hezkuntzan zein aisialdian erabili ahal izango ditu UEMAk, eskoletako hezkuntza proiektuan zein 2023ko udalekuetan.
Beka jaso eta sei hilabetera, orain arte egindako lanaz, ikerketaren lehen zantzuez eta gazteen hizkuntza autoestimuaz aritu gara solasean egileekin.
‘Euskal gazte hiztunen hizkuntza-autoestimua: faktoreen analisia eta egoera iraultzeko proposamena’ izenburuko proiektuarekin jaso zenuten Iñaki Arregi ikerketa beka, iaz. Zein izan zen gai honi heltzeko arrazoia? Inguruan ikusi edo sentitutako egoerarekiko kezka izan zen abiapuntua?
Gure inguruan gertatzen diren egoerek eraman gintuzten gai hau hautatzera. Konturatu ginen bazela gazte kopuru esanguratsu bat jakin bazekiena euskaraz, baina faktore batengatik edo bestearengatik ez zuena euskaraz hitz egiten, edo hobeto esanda, ez zena euskaraz hitz egitera ausartzen. Gutako bati hala esan zion lagun batek: “Si hablara como tú ya hablaría, pero es que con mi euskera… me da vergüenza”.
Patroi hau errepikatu egiten zela ikusi genuen, eta, iruditzen zitzaigun euskararen ezagutzan sekulako aurrerakada izan bada ere, beste alderdi batzuei gutxi erreparatu zaiela, ezagutzatik erabilerara jauzia emateko behar-beharrezkoak diren alderdi batzuk ilunpean egon direla orain arte. Beraz, alderdi horietako bat lantzea erabaki genuen: alderdi emozionala.
Gazteek beren euskararekiko duten pertzepzioa eta harenganako duten errespetua (hizkuntza-autoestimua) gakoa dela iruditzen zaigu bi norabidetan; batetik, beren erabileran, autoestimu baxuak gaztelaniaren edo frantsesaren erabilera baitakar maiz; bestetik, besteenengan, autoestimu altuegiak batzuetan besteena apaltzen baitu, eta, horregatik, euskaldun peto-petoen errebisio bat egitea ere garrantzitsua iruditzen zaigu, nork bere jarrerak eta diskurtsoak aztertzea eta horrek besteengan izan dezakeen eraginaz hausnartzea. Beraz, gai horren inguruan gehiago sakontzea erabaki genuen, gazteen ahotsak erdigunean jarriz.
Zehazki, zein dira ikerlan honen helburuak?
Ikerlan honen helburu nagusia UEMAren herrietako gazteen hizkuntza-autoestimua aztertzea da, autoestimuan eragiten duten faktoreak identifikatzea eta horrexek euskararen erabileran, bai beren erabileran bai besteenean, eraginik ote duen ikertzea. Aipatzekoa da ikerketa honetan Iparraldea ere kontuan hartu nahi izan dugula, gisa honetako lanek maiz Hegoaldea baitute jomuga, eta Euskal Herria bere osotasunean hartzea bereziki interesgarria iruditzen zaigu. Horrez gain, lan teorikoa baino gehiago praktikoa egitea zen gure helburu nagusia. Beraz, hizkuntza-autoestimua lantzeko materiala garatzea da lan honen bigarren helburua, iruditzen baitzaigu euskararen irakaskuntzan gakoa dela alderdi emozionalari ere tarte bat eskaintzea. Azkenik, gaztaroan aisialdiak duen paper garrantzitsuaz baliatu eta bertan garatzeko dinamika batzuk sortzea ere izan da ikerlan honen beste helburuetako bat.
Gazteen hizkuntza-autoestimua aztertzen hasteko, lehenik marko teorikoa landu duzue. Zergatik?
Benetan ikerketa esanguratsu bat egin eta jasotako informazioa behar bezala interpretatzeko beharrezkoa iruditzen zitzaigun lehenik marko teoriko bat osatzea eta adituek esandakoa jasotzea, hala, bertatik abiatuta gazteen iritzi, emozio zein sentsazioak behar bezala ulertzeko. Hori dela eta, bereziki arreta berezia eskaini diogu Euskal Herriko egoera soziolinguistikoari, hizkuntza-autoestimuan eragiten duten faktoreei (aldaera, gaitasuna, identitatea, motibazioak eta jarrerak) eta baita aisialdiari eta eremu formalari ere.
Behin oinarri teorikoa landuta, ikerketan buru-belarri sartu zarete, lehenik ikerketa kualitatiboa eginda eta gero kuantitatiboa. Nola hautatu dituzue gazteak eta zer izan da galdetu eta aztertu duzuena?
Gure helburua askotariko errealitateak ezagutzea eta bertatik ondorio komunak ateratzea zen. Beraz, ahalik eta lagin anitzena hautatzen saiatu gara. 16-18 urte arteko gazteekin (8 gazte gehienez) eztabaida-saioak egin genituen, eta horretarako hainbat ikastetxerekin harremanetan jarri ginen. Saiatu ginen ikastetxe horietan UEMAko herrietako gazteak eta beste udalerrietako gazteak batzen, hartara besteek ere UEMAko udalerriekiko zuten iritzia ezagutzeko. Guztira, Euskal Herri osoko 11 ikastetxetan egon gara, eta informazio oso interesgarria eskuratu dugu. Batez ere haien esperientziez galdetzen genien, haien usteez, iritziez… Eta bertatik informazio esplizitua baino, inplizitua izan da benetan interesgarriena. Euskararen inguruko diskurtsoa oso markatua da, eta zuzenean galdetuz gero, denok erantzuten dugu berdin; zeharka galdetuta lortutako informazioa izan da esanguratsuena. Gero, ideia horien maiztasuna aztertzeko ikerketa kuantitatiboa garatu dugu, galdetegi bat, eta hori modu masiboagoan bidali dugu, horrela gazteen errealitatearen argazki zehatzagoa lortzeko.
Hori guztia amaitzea, analisia egitea, eta ondoren egoera iraultzeko aisialdirako proposamen didaktikoa lantzea da asmoa, ezta?
Hori da. Gazteek esateko zutena entzun dugu jada, eta orain hortik analisia egin eta ondorioak ateratzea falta zaigu. Horren ostean, gure ustez lan onen alderdi politena dena geratzen zaigu: ondorioak bai, baina horrekin zer? Bada zerbait egitea da gure asmoa, gazteen kezkak eta beldurrak uxatzeko, kontzientziak astintzeko eta sentsibilizazioa martxan jartzeko. Hizkuntza-autoestimua lantzeko tresna eraginkorrak sortzea da orain gure erronka, guri belarriko mina ez, bihotzeko poza ematen baitigu jendea euskaraz entzuteak!
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia zabaldu du UEMAk, eta zabalik da lanak aurkezteko epea.
· Iñaki Arregi ikerketa bekaren 2. deialdia: saritutako lanak (UEMAren Berripapera, 54. zenbakia).