Hasiera » Zehaztu gabe » Astelehenean hasiko da Salto!, udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dituen astebeteko udaleku ibiltaria

Astelehenean hasiko da Salto!, udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dituen astebeteko udaleku ibiltaria

Astelehen goizean Etxarri Aranaztik eta Tolosatik abiatuko diren zutabeetan bereizita, 100 gaztek hartuko dute parte aurtengo udalekuan, eta ostegunean Leitzan elkartuko dira guztiak. Ohi bezala, gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da ekimenaren helburua. Horretarako, UEMAk egitarau oparoa antolatu du udalekin eta hezitzaile taldearekin batera, hainbat talde eta eragileren laguntzarekin.

[Iazko parte-hartzaileetako batzuk, Zumaia eta Ondarroa arteko ibilbidean. Aurten parte hartzaile kopurua bikoiztu du UEMAk, eta 100 gazte abiatuko dira astelehenean, bi zutabetan].

Udalerri euskaldunetako 15 eta 18 urte arteko gazteentzat dira udaleku hauek, eta iaz sekula baino gazte gehiagok eman zuenez izena, aurten parte-hartzaile kopurua bikoiztea erabaki du UEMAk, udalekua bi zutabetan antolatuta.

Egunez egun, tokian tokiko udalek, elkarteek eta eragileek egingo diete harrera gazteei, herri bakoitzeko ekimenak, leku esanguratsuak eta bisita interesgarriak eskainiz. Horiez gain, musika emanaldiak, hitzaldiak, aurkezpenak eta solasaldiak, bisita gidatuak, bertso saioak, gai zehatzen inguruko tailerrak, eta aisialdiko askotariko ekimenak ere prestatu dituzte gazteentzat.

Astelehenean bertan, esaterako, Tolosatik abiatuko den zutabeari Tolosako Udalak eta Galtzaundi Euskara Taldeak egingo die harrera lehen orduan, eta ondoren Tolosan barrena bisita gidatua izango dute Galtzaundiren eskutik. Etxarri Aranaztik abiatuko den zutabeari ere udalak eta euskara batzordeak egingo dio lehen harrera, ibilaldiari ekin aurretik.

Erakundeen eta hainbat eragileren arteko lankidetza

Udalerri euskaldunetako gazteen udalekuak UEMAren ekimena diren arren, beste zenbait erakunde publikoaren lankidetza eta laguntza ezinbestekoa izan da aurten ere. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu du topaketa, beste behin ere. Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen hitzetan, “udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek normalizazio prozesuan berebiziko garrantzia dute, eta baita udalerri hauek zaintzeko berariazko hizkuntza politikak ere. Ildo horretan UEMAk egiten duen lana eta soziolinguistika edukiak gazteen artean zabaltzea giltzarria da”.

Eusko Jaurlaritzaren babesaz gain, Tolosa, Alkiza, Leaburu, Berastegi, Etxarri Aranatz, Larraun, Basaburua eta Leitzako udaletatik zein bateko eta besteko elkarteen eta eragileen aldetik jasotako laguntza ere gogoratu eta eskertu nahi izan du Goizane Arana UEMAko teknikariak eta udalekuen arduradunak: “Ezagutzaren eta erabileraren arteko koska leuntzeko, ezinbestekoa da kontzientziazioa. Argi ikusten dute hori guztiek eta, beraz, baita topaketak hauek antolatzeko behar dugun laguntza eskaini ere”.

Aranaren hitzetan, euskara ardatz izanda, bestelako baloreak sustatzea ere badago udaleku hauen asmoen artean, gazteekin lanean ari diren beste hainbat eragileren eta egitasmoen ildotik. “Elkarren arteko errespetua zainduz tratu onean heztea, ingurugiroarekiko zaintza sustatzea eta gazteen parte-hartzea bultzatzea”, besteak beste. Horretarako antolatu dute zutabe bakoitzera egokitutako egitaraua. Bi zutabeek Leitzan bat egitean, berriz, bateratua izango da.

Zutabe bakoitzaren egitarau zehatza, egunez egun:
· SALTO egitaraua, Tolosa – Berastegi (PDFan).
· SALTO egitaraua, Etxarri Aranatz – Beruete (PDFan).
· SALTO egitaraua, Leitza (PDFan).

Abiapuntua, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa eta udaleku hauekin.

————————————-

Bideoa: aurtengo udalekuetara dei eginez otsailean UEMAk ikastetxeetan eat sare sozialetan zabaldutako bideoa. Besteak beste, iazko udalekuen irudiekin osatutakoa da.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Zabalik da udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuetan izena emateko epea (uema.eus, 2022-02-01).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.