Hasiera » Zehaztu gabe » Tolosaldeko osasun-lanpostuen egoera aztertu du UEMAk

Tolosaldeko osasun-lanpostuen egoera aztertu du UEMAk

UEMAk iaz aurkeztu zuen osasun-zerbitzuetako lanpostuei buruzko analisia, postu bakoitzean ari diren langileek zer gaitasun egiaztatu duten aztertuta. Tolosaldean hutsune bat zuen ikerketa hark, Asuncion klinika itunduko informazioa falta baitzen. Datu horiek jasota, ondorioztatu da Osakidetzan baino makurragoa dela egoera Asuncionen.

[Eusko Legebiltzarrak egindako eskaeraren ondoren eskuratu ahal izan dira Asuncion klinikako datuak. Argazkia: ataria.eus].

UEMAk iazko ekainean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen kide dituen udalerrietako osasun-zerbitzuei buruzko azterketa. Osakidetzako eta Osasunbideko lanpostuak aztertu zituen, eta ikusi postu horietako bakoitzean ari diren langileek zer hizkuntza-eskakizun daukaten egiaztatuta. Azterketa horrek bazuen hutsune bat Tolosaldean: eskualde horretan, osasun-zerbitzu publikoa ematen du Asuncion klinikak, Osakidetzarekin daukan itunaren bidez, baina ikerketa hartan ezin izan zen Asuncioneko lanpostuen egoera aztertu, zuzendaritzak ez baitzion informazio hori eman UEMAri. Eusko Legebiltzarrak egindako eskaeraren ondoren, datu horiek helarazi ditu Asuncion klinikak orain, eta Tolosaldeko osasun-zerbitzuari buruzko azterketa osatu ahal izan du UEMAk.

Metodologia

Informazio ofiziala erabili da analisia egiteko. Osakidetzako lanpostuei dagokienez, Osasun Sailak Eusko Legebiltzarrari bidalitako informazioa erabili da: lanpostu guztien zerrenda, eta momentu horretan bakoitzean zegoen langileak egiaztatuta zeukan hizkuntza-eskakizuna. Asuncioneko postuei dagokienez, ez dagoenez zehaztuta postu bakoitzak zer hizkuntza-eskakizun daukan, zera egin da: lanpostu-klase bakoitzak Osakidetzan daukan hizkuntza-eskakizuna aplikatu zaie Asuncion klinikako postuei, eta alderatu da langileetatik zenbatek daukaten eskatutako gaitasuna.

Emaitza orokorra

Tolosaldeko osasun-zerbitzuan denera 532 lanpostu daude: horietako gehienak, 377, Asuncion klinikari eta Belateko zentroari dagozkie (%71); Osakidetzako zerbitzukoak 155 postu dira (%29). Emaitza orokorra Tolosaldean: langileen %59k daukate postuari dagokion gaitasuna egiaztatuta.

Osakidetzari dagokionez, iaz egindako azterketak erakutsi zuen eskualdeko langileen %77k dutela egiaztatua postuari dagokion hizkuntza-eskakizuna. Batez bestekotik behera daude bost arlo: pediatria (%50), zuzendaritza (%70), erizain laguntzaileak eta zeladoreak (%75), teknikariak (%75) eta erizaintza (%76). Batez bestekotik zertxobait gorago daude administrariak (%79), eta familia-medikuek daukate Osakidetzan hizkuntza-eskakizunen betetze-mailarik handiena (%86).

Asuncion klinika

Orain Asuncion klinikatik jasotako datuek Osakidetzakoa baino egoera okerragoa erakusten dute: langileen %53k egiaztatua dute postuari legokiokeen hizkuntza-eskakizuna; langileen %47k, ez.

Ehuneko hori Osakidetzaren ospitaleekin alderatuta, zera nabari da: Arabako eta Bizkaiko ospitale gehienek baino ehuneko hobea du Asuncionek, baina Gipuzkoako ospitale guztiek baino apalagoa.

Analisi xeheagoa xeheagoa egiteko, Asuncion eremuz eremu aztertu da. Errehabilitazio-zerbitzuak du euskara-gaitasuna egiaztatutako langileen ehuneko handiena: bostatik lau pasatxo (%82); kasu gehienetan, gainera, hirugarren hizkuntza-eskakizuna daukate, EGA. Zerbitzu hauetan ere gehienek dute gaitasuna egiaztatua, nahiz eta ehunekoa jaitsi egiten den: administrazioan, garbitzaileetan, teknikoetan erizain laguntzaileetan, sukaldean eta erizainetan. Txanponaren beste aldean daude zeladoreak, zuzendaritza eta medikuak: horietan, langile gehienak daude eskakizuna egiaztatu gabe.

Medikuen kasua nabarmena da: 79 sendagile daude Asuncion klinikan, eta horietatik 13k dute hizkuntza-gaitasuna egiaztatua; gainerakoei dagokienez, lau medikuk lehen hizkuntza-eskakizuna dute lortua, eta 62k, batere ez. Zerbitzu guztietan da gutxiengoa hizkuntza-eskakizuna lortutako sendagileen ehunekoa, etxeko ospitalizazioan izan ezik: bost mediku daude, eta hiruk badute erreferentziazko hizkuntza-gaitasuna. Gainerakoetan, nabarmen txikiagoa da ehunekoa: kanpo-kontsultetan, hamasei medikuetatik bost dira; larrialdietan, hemezortzitik hiru; eta ospitaleratzean, 21etik bi. Gainerako zerbitzuetan, berriz, ez dago hizkuntza-gaitasuna egiaztatuta daukan medikurik.

Sendagileak soilik hartuta, Osakidetzan ez dago hain egiaztatze-maila apala daukan erietxerik: apalena Arabako ospitaleak du, %33rekin, Asuncionen bikoitza. Areago, Gipuzkoako ospitaleetan, hizkuntza-eskakizuna egiaztatua dute gehienek: Donostia Ospitalean, adibidez, %55ek, Asuncionetik 40 puntu gora.

Osatutako azterketa Tolosaldean kide dituen udalei bidali die UEMAk, baita Osasun Sailari eta Eusko Legebiltzarrari ere, nork bere politiketan kontuan har dezaten osasun-zerbitzuaren egoera zein den.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Urgentziazko eskuhartzea behar du euskarak Tolosaldeko osasun zerbitzuan (galtzaundi.eus, 2022-06-22).
· “Tolosaldean ez daukagu bermatuta euskarazko osasun arreta” (ataria.eus, 2022-06-22).
· Asuncioneko 13 medikuk dute soilik euskara-gaitasuna egiaztatuta (ataria.eus, 2022-06-21).
· UEMAko kide diren herrietan, osasun zerbitzu publikoetako bost langiletik batek ez daki euskaraz; pediatren kasuan, berriz, hirutik bat ez da euskalduna (uema.eus, 2021-06-09).
· UEMAren agerraldia Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean (Gasteiz, 2021-06-09). Laburpena, PDFan.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.