Hasiera » Zehaztu gabe » ‘Hizkuntzak erraietan: euskara eta elkarbizitza’ dokumentala aurkeztuko dute astelehenean, Zaldibian

‘Hizkuntzak erraietan: euskara eta elkarbizitza’ dokumentala aurkeztuko dute astelehenean, Zaldibian

Euskara eta kulturartekotasuna lantzeko herri mailako proiektu aitzindaria abiarazi zuten iaz Zaldibian. Lardizabal Herri Eskola, Zaldibiako Udala, UEMA, HUHEZI (Mondragon Unibertsitatea), Ausa Gaztelu Guraso Elkartea eta Etxekonekok Elkarbizitza Taldea elkarlanean aritu dira azken hilabeteotan, hainbat herritarrekin batera, eta ekimenaren nondik norakoak dokumental batean bildu dituzte orain. Aloña Jauregik eta Eider Amundarainek zuzendutako lana datorren astelehenean aurkeztuko dute, 18:30ean, Zaldibiako Herri Antzokian.

[‘Hizkuntzak erraietan: euskara eta elkarbizitza’ dokumentalaren fotograma bat].

UEMAko kide diren udalerrietan Zaldibiak du migrazio tasarik handienetakoa. Herritarren %14k dute beste herrialde bateko nazionalitatea. Herrian nabari da aldaketa, baina eskolan sumatzen da bereziki, hiru ikasletik batek jatorri atzerritarreko gurasoak baititu.

Ikasle horiek euskaraz hezteko erronkari erantzuteko, eta familiekin harreman egokia izateko, hainbat eragileren arteko proiektua abiarazi zuten iaz Zaldibian, herriko hizkuntza nagusia euskara denez euskarari eutsi nahian. Izan ere, euskararen arnasgunea da Zaldibia, eta biztanle berriak euskaraz errotzea ezinbestekoa ikusi zuten hainbat eragilek, UEMArekin batera, herriko egoera soziolinguistikoari eusteko.

Harrezkero, Zaldibiako Udala, Lardizabal Herri Eskola, UEMA, HUHEZI (Mondragon Unibertsitatea), Ausa Gaztelu Guraso Elkartea eta Etxekonekok Elkarbizitza Taldea elkarlanean aritu dira hainbat hilabetez, ekimena bideratzen.

Egindako lana, Aloña Jauregik eta Eider Amundarainek zuzendutako Hizkuntzak erraietan: euskara eta elkarbizitza dokumentalean bildu dute, eta hori da datorren astelehenean aurkeztuko dutena. 18:30ean izango da aurkezpena, Zaldibiako Herri Antzokian. Bertan izango dira ekimenean parte hartu duten erakunde, eragile, talde eta elkarteetako ordezkariak. Baita UEMAren ordezkaritza ere.

Dokumentalak 33 minutuko iraupena du. Lardizabal Herri Eskolak, Zaldibiako Udalak, UEMAk, Etxekonekok Elkarbizitza Taldeak eta Ausa Gaztelu Guraso Elkarteak egindako filma da, Jauregiren eta Amundarainen zuzendaritzapean, eta Alotza ikus-entzunezkoak etxeak zabalduko du, datorren asteleheneko aurkezpenaren ondoren.

Hemen dokumentalaren trailerra:

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Euskara eta kulturartekotasuna lantzeko herri mailako proiektu aitzindaria abiarazi dute Zaldibian, UEMArekin elkarlanean
(uema.eus, 2022-05-31).
· Euskararen erabilera eta kulturartekotasuna Zaldibiako Herri Eskolan (lardizabal.eus, 2021-05-25).
· Zaldibiako eskola: Nola komunikatu haurren gurasoen erdiak euskararik ez dakienean? (Euskadi Irratia. Faktoria, 2021-05-26).
· Migratzaileen fenomenoari euskaratik eta euskaraz heldu (Gara, 2021-12-03).
· Hezkuntza komunitatean euskara erabiltzeak Zaldibian duen garrantzia ezagutarazi zuten (El Diario Vasco, 2021-09-22).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.