‘Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa Lurraldean’ izeneko aditu-titulua prestatu dute EHUk eta UEUk datorren ikasturterako, UEMArekin eta Kontseiluarekin batera, eta dagoeneko zabalik da matrikula egiteko epea, urriaren 21era arte.
Bigarren aldiz eskainiko dute graduondokoa, eta 150 ordukoa izango da (15 ECTS kreditu). Erdiak aurrez aurreko eskolatan emango dituzte, 2022ko urritik 2023ko apirilera ostiral arratsaldetan izango diren 9-10 saiotan, eta beste erdia Ikasgela Birtualean landuko dute ikasleeek. Graduondokoa EHUren Berezko Tituluen eskaintzan sartzen da, eta hizkuntza eta lurraldea lotzen dituzten alorretan lan egiten duten hainbat erakundeetako ordezkariak izango dira irakasleak, tartean baita ELE sortu duten UEMAko arduradunak ere.
Iturria eta informazio osagarria:
· ueu.eus: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa Lurraldean (UPV/EHUren Aditu Titulua).
· EHU: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa Lurraldean.
Aditu tituluaren gakoak
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) eraikuntza berrien (etxebizitzak, industrialdeak, azpiegiturak…) balizko hizkuntz kalteak indize objektiboen bidez aurreikusten dituen prebentzio-tresna da. Eta aurreikusitako kalte horien arabera neurri zuzentzaileak proposa ditzake planifikatzaileak. Hortaz, ELE tresna garrantzitsua da bereziki udalerri euskaldunenetan gerta daitezkeen hizkuntz aldaketa negatiboak saihesteko.
Euskal Autonomia Erkidegoan, gainera, 2/2016 Toki Erakundeen legeak zein hura garatzeko dekretu berriak derrigorrezko egin dute plan eta proiektuen hizkuntz inpaktuen ebaluazio prebentibo hori, baita balizko kalteak zuzentzeko neurri egokiak zehaztea ere. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan (ELE) aditu tituluak hori egiteko heziko du ikaslea.Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan (ELE) aditu tituluak lurralde-antolamenduko eta hirigintzako plan eta proiektuen inpaktu soziolinguistikoak aldez aurretik neurtzeko eta zuzentzeko tresna eraginkorrak eskainiko dizkio ikasleari.
Gai honen inguruan aritu izan dira lehendik ere Gipuzkoako Foru Aldundia, Kontseilua, UEMA, Gaindegia eta UEU. Ibilbide emankorra izan da 2014an hasitakoa, 4 jardunaldirekin eta Unibertsitateko bi berezko tituluen antolaketarekin.
Aditu titulu honekin, berriz, eskaintza erakargarria eta praktikoa jarri nahi dute gai honen inguruan interesa duten guztien eskura.
Graduondokoa UPV/EHUko Berezko Tituluen eskaintzan sartzen da, UPV/EHUko Sail bik antolatuta: Arkitektura saila eta Administrazio Zuzenbidea, Konstituzio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Saila. Halaber, hizkuntza eta lurraldea lotzen dituzten alorretan lan egiten duten hainbat erakunderen irakasle biltzen dira graduondoko honen ikasketa-planean.
4 arrazoi titulu hau aukeratzeko:
- Hirigintzaren eta soziolinguistikaren artean dagoen harremana baloratzen ikastea.
- Zuzenbidearen eta soziolinguistikaren artean dagoen harremana baloratzen ikastea.
- Lurralde-antolamenduko eta hirigintzako planek eta proiektuek hizkuntzan duten eragina neurtzen ikastea.
- Eragin linguistikoen arabera neurri zuzentzaile egokiak proposatzen ikastea.
Zuzendaritza eta antolaketa
- Zuzendaria: Koldo Telleria (UPV/EHUko ikertzaile eta irakaslea)
Talde antolatzailea:
- Koldo Telleria (UPV/EHUko ikertzaile eta irakaslea)
- Itsaso Olaizola (EKOGUNEA)
- Iker Salaberria (UEMA)
- Miren Segurola (UEMA)
- Goizane Arana (UEMA)
Ezaugarri nagusiak:
- Urritik apirilera bitartean izango da, proiektua aurkezteko orduan luzatzeko aukerarekin.
- Online irakaskuntza UEUren Ikasgela Birtualean izango da
- Aurrez aurreko eskolak ostiraletan (arratsaldez) izango dira, UEUko Eibarko egoitza akademikoan (guztira 9-10 saio izango dira).
- Ikasleek, mintegietara agertzeaz gain, ikerketa lan bat ere egin beharko dute beraien interesen araberako gaia jorratuz.
Izena emateko HEMEN.
Helburuak
Proposatutako graduondokoak jakintza berritzaile bat sortzea du helburu, orain arte gehiegi kontuan hartu ez den harreman batean sakonduz: lurralde-antolakuntzaren eta hirigintzaren eragin soziolinguistikoan, jakintza-alor zabal horiekin zerikusia duten beste zenbait esparru ere ahaztu gabe (sozioekonomia, geolinguistika, ekolinguistika, zuzenbidea, antropologia, demolinguistika…).
Hortaz, proposamenak Euskal Herriko gizartearen garapen kulturala aztertzea eta eraldatzea du xede, haren ondare immaterial intelektual nagusi den euskara oinarritzat joz, beti ere kalitatezko goi mailako irakaskuntzaren parametroetatik abiatuta.
Proposamenak erakunde publiko eta pribatuekiko harremana lantzen du, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA), eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua graduondokoaren suspertzaile diren heinean, eta EHU antolatzailea izan da. Beste zenbait elkarte eta erakunderen lankidetza ere izango du graduondokoak, hala nola, Ekogunearena.
Edukiak
- Oinarri teorikoak (3 ECTS)
- Oinarri juridikoak (3 ECTS)
- Eragin LInguistikoaren Ebaluazioa. Metodologia eta Aplikazioa. (3,5 ECTS)
- Proiektu tutorizatua (5,5 ECTS)
Metodologia
Etengabeko prestakuntzara eta eguneratzera bideratutako eskaintza bat izanik, edukiei lotutako kreditu erdiak aurrez aurreko eskolatan eskainiko dira (7 saio) eta beste erdia Ikasgela Birtualean landuko da. Horrez gain, ikasleek ikerkuntza lan baten bitartez maila praktikoa garatu behar izango dute, ikasitakoa barneratuz eta landuz. Lanak azken aurrez aurreko saio batean aurkeztuko dira.
Behin behineko egutegia eskuratu nahi baduzu, idatzi a.latatu@ueu.eus helbidera.
Nori zuzendua
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan (ELE) aditu titulua bereziki interesgarria da lurralde antolamenduan eta hirigintzan aritzen diren teknikarientzat (arkitektoak, ingeniariak, geografoak, soziologoak, abokatuak…), soziolinguistikan aritzen diren teknikarientzat (euskara-teknikariak, soziolinguistak, filologoak…), zein udalgintzan aritzen direnentzat (zinegotziak, aholkulariak, idazkariak…)
Matrikulaziorako argibideak
EHUren titulua izanik izen-ematea eta matrikulazioa EHUren Berezko Tituluen sarbidetik egin beharko da, hemendik.
Izena emateko epea urriaren 21era arte zabalik egongo da.
Gutxieneko ikasle kopurua gaindituta, matrikulazio epea zabalduko da irailaren bigarren hamabostaldian, hau ere EHUren bitartez.
Oharrak
EHUren Berezko Titulua da eta, beraz, EHUren eskaintzan sartzen denez unibertsitateari dagozkio tramite administratiboak (matrikulazioa eta graduondokoaren betekizunak).
Dena dela, gainerako erakunde antolatzaileek ere prozesu osoan laguntzen dute, eta zalantzak argitzako lasai asko jo daiteke UEMAra edota UEUra. Kontaktua: Ainhoa Latatu, a.latatu@ueu.eus, 943821426).