Hasiera » Zehaztu gabe » Kontsumitzaileen legeak euskaldunen hizkuntza eskubideak berma ditzan hainbat ekarpen egin ditu UEMAk

Kontsumitzaileen legeak euskaldunen hizkuntza eskubideak berma ditzan hainbat ekarpen egin ditu UEMAk

Eusko Legebiltzarrak Merkataritza, Kontsumo eta Turismo batzordearen bilera du gaur, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren lege-proiektua aztertzeko, eta legebiltzarreko taldeek eskatu dituzten adituen agerraldiak entzuteko. Lege-proiektua aztertuta, aldaketa batzuk proposatu dizkio UEMAk legebiltzarrari, euskaldunen hizkuntza eskubideak berma ditzan. Besteak beste, jatorri-izendapen edo kalitate-izendapeneko produktuak aurkeztean eta etiketatzean euskara erabiltzea ezinbestekoa da UEMArentzat. Baita sortuko diren informazio bulegoetan euskarazko zerbitzua ematea ere, saltoki handietako errotuluetan euskara lehenestearekin batera.

Arau-hausteei dagokienez, hizkuntza-eskubideekin lotutako artikuluak ez betetzea berariaz salbuesten du lege-proiektuak, eta hori larria eta bidegabea da UEMArentzat: “Batetik, aditzera ematen delako hizkuntza-eskubideak ez direla beste eskubide batzuen parekoak; bestetik, enpresa-jabeei mezu arriskutsua ematen dielako, hau da, legean hizkuntzari buruz zehaztutako betekizunak ez betetzeak ez dakarrela batere ondoriorik”.

[Saltoki handietako errotuluetan eta seinaleetan euskara lehenesteko neurriak bildu beharko lituzke lege berriak, UEMAren iritziz. Argazkia: noaua.eus].

UEMAk Eusko Legebiltzarrean erregistratutako ekarpenen txostenean gogoratu duen moduan, eremu sozioekonomikoa da euskararen erabileran eta bilakaeran aurrerapenak emateko tarterik handiena duen eremuetako bat eta, alde horretatik, lehentasunezkoa da merkataritza arloa. Eusko Jaurlaritzak onartutako Euskara eremu ekonomikoan sustatzeko plana 2020-2023 dokumentuak dioen bezala, “administrazioak duen lehentasun maila bera du, irudia emateaz gain, herritarrekiko hartu-eman zuzena eta etengabea duelako”. Testuinguru horretan, lege-proiektua aztertu eta aldaketak proposatu ditu UEMAk, kontsumiltzaileen eta erabiltzaileen eskubideetan hizkuntza-eskubideak gehitzeko eta bermatzeko helburuarekin.

Honakoak dira UEMAk aldatzea edo gehitzea proposatu dituen puntuak:

· Hizkuntza ofizialak erabiltzeko eskubidea, lege honek eta ordenamendu juridikoaren gainerako legeek araututako moduan.
· Beren eskubideak behar bezala baliatzeko kontsumitzaileek eta erabiltzaileek behar duten informazioa eta orientabideak emateko xedez, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak sustatuko du informazio-bulegoak sortzea kontsumitzaileentzat eta erabiltzaileentzat; udalen do kontsumitzaile- eta erabiltzaile-elkarteen mendekoak izango dira. Bulego horietan euskaraz eta gaztelaniaz emango dute zerbitzua, herritarrak hautatutako hizkuntza ofizialean.
· Ondasunen produktuen edo zerbitzuen erabilera- eta mantentze-jarraibideen eskuliburuak, berme-agiriak, etiketak eta ontziratzea euskaraz eta gaztelaniaz idatzi beharko dira, gutxienez.
· Gutxienez euskara erabiliko da Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen diren jatorri-izendapen edo kalitate-izendapeneko ondasun eta artisautza-produktuak aurkezteko eta etiketatzeko.
· [15 langile baino gehiago dituzten merkataritza-establezimenduek] “Errotuluak eta seinaleak bi hizkuntza ofizialetan idatziko dira; sustatuko da euskara lehenestea seinaleetan, eta kasu hauetan euskara hutsez jarri ahalko dira: a) Testuaren grafia euskaraz eta gaztelaniaz oso antzekoa denean. b) Euskarazko errotuluak nahasmenik sortzen ez duenean. c) Mezuarekin batera, piktograma bat ere dagoenean, esanahia argitzeko”.
· Entitateek, administrazioaren dirulaguntzaren bat jasotzen badute, gaitasuna izan beharko dute kontsumitzaileek edo erabiltzaileek erabiltzen duten edo eskatzen duten hizkuntza ofizialean artatzeko.

Material osagarria:
· UEMAren ekarpenak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen lege-proiektuari. ¨Eusko Legebiltzarra, 2022ko maiatza (dokumentua osorik, PDFan).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAk zuzenketak egin dizkio kontsumitzaileen legeari, hizkuntza eskubideak errespeta ditzan (berria.eus, 2022-05-31).
· UEMAk zuzenketak aurkeztu dizkio kontsumitzaileen legeari (berria.eus, 2022-06-01).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.