Hasiera » Zehaztu gabe » Udalerri euskaldun guztiak UEMAra elkartzeko deia egin dute Udalerri Euskaldunen Egunean, indarrak batzeko eta euskararen lurgunea sendotzeko

Udalerri euskaldun guztiak UEMAra elkartzeko deia egin dute Udalerri Euskaldunen Egunean, indarrak batzeko eta euskararen lurgunea sendotzeko

Udalerri Euskaldunen Eguna ospatzen ari dira gaur Seguran, festa eta aldarrikapena uztartuz. Goizean UEMAren batzar nagusia egin dute udalerri euskaldunetako ehun bat alkate eta zinegotzik, eta eguerdian ekitaldi instituzionala ere izan da Segurako plazan, erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkaritza zabalarekin. Horien babesarekin deialdi argia egin du UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok: “Euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko bidegurutzean, erdaren erauntsipean, udalerri euskaldunei sendo eusteko eta euskararen lurgunea zabaltzeko garaia da, beranduegi izan baino lehen. Horretarako ezinbestekoa da indarrak batzea eta, beraz, eskaera zehatza egiten diegu Aturritik Ebroraino Euskal Herrian dauden udalerri euskaldun guztiei, UEMAko kide izan daitezen”.

[Jai giro ederrean ari dira ospatzen Udalerri Euskaldunen Eguna gaur, Seguran].

‘Euskara aiden!’ lelopean Udalerri Euskaldunen Eguna ari dira ospatzen gaur Seguran, giro ederrean. Bi ekitaldirekin eman diote hasiera egunari, 10:00etatik aurrera.

Batetik, UEMAren batzar nagusia izan da Segurako Baratze pilotalekuan. Euskal Herri osotik heldutako ehun bat alkate eta zinegotzi bildu dira bertan. Mankomunitatearen jardueraren baitako ohiko kontuez gain, UEMAk 2021ean egindako ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketaren emaitzak ezagutarazi zaizkie batzarkideei. Baita udalak eta udalerriak euskalduntzeko zein herritarrak kontzientziatzeko UEMAk abian dituen ildoen baitan aurten lantzen ari den ekimen garrantzitsuenak ere.

Udal ordezkariak batzar nagusian zeuden bitartean, Euskal Herri osoko hainbat herritar eta euskara elkarte bildu dira hitanoari buruzko jardunaldian. Hainbat herritako esperientziak trukatu dituzte. UEMAk, Segurako Udalak eta Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri euskara elkarteak antolatuta, Oiartzunen, Usurbilen eta Seguran hitanoaren inguruan egindako ikerketak eta ekimenak ezagutarazi dituzte, eta EHUko irakasle Garbiñe Bereziartuaren hitzaldia entzuteko aukera ere izan dute: Euskararen normalizazioa eta hitanoa.

UEMAko teknikari Eneritz Albizu aritu da jardunaldia koordinatuz. Albizuren hitzetan, “hitanoaren inguruan udalerri euskaldunetan antolatutako ekimenak ezagutarazteaz gain, euskaltzaleok saretzeko ere baliagarria izan da jardunaldia, batez ere elkarren berri izateko eta aurrera begira hitanoaren inguruan antolatu ditzakegun ekimenez aritzeko”.

Ekitaldi instituzionala: “Sekula baino gehiago, erakunde publikoen eta euskalgintzaren arteko elkarlana ezinbestekoa da, baina baita euskararen lurgunea zabaltzea eta sendotzea ere, udalerri euskaldunei euskaldun eusteko eta efektu biderkatzailea zabaltzeko. Beraz, deialdi sendoa eta zehatza egin nahi diegu udalerri euskaldun guztiei UEMArekin bat egin dezaten”.

[Segurako alkate Izarra Urdalletak ongietorria eman die Seguran bildutako euskaltzale guztiei].
[Segurako Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkarteko kideek egindako lanaren aitortza jaso dute eguerdiko ekitaldian].
[Euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkarien babesarekin egin ditu adierazpenak UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok. UEMAra batzeko deia egin die udalerri euskaldun guztiei, indarrak batzeko garai dela iritzita].

Ekitaldi nagusian, berriz, euskalgintzako eta erakunde publikoetako hainbat ordezkari izan dira. Besteak beste, Seguran izan dira gaur Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako
Hizkuntza ikerketa eta koordinazio zuzendaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldunduko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Urko Aierbe Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kidea, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria eta Aize Otaño AEK-ren ordezkaria, beste hainbaten artean.

Segurako alkate Izarra Urdalletaren hitzen ondoren, Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri euskara elkarteak urte askoan egindako lana aitortu eta omendu dute UEMAk eta Segurako Udalak.

Ondoren, ekitaldian bildutako alkate, zinegotzi, euskaltzale, erakunde publikoetako ordezkari eta euskalgintzako eragileen babesarekin, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok hartu du hitza, eta udalerri euskaldunak herri honen etorkizunerako giltzarria direla nabarmendu du: “Etorkizun hori euskalduna eta sendoa izan dadin lanean ari gara aspaldidanik, eta gero eta zabalagoa da elkarlana, bai euskalgintzarekin, eta baita gainerako erakunde publikoekin ere. UEMA bera ere sendotuz doa. 31 urte bete berri dira lehen aldiz Udalerri Euskaldunen Eguna antolatu zutenetik Aizarnazabalen. Egun hartan, 19 udalen artean UEMA sortu zuten. Gaur egun, berriz, 94 udal dira UEMAko kide, eta guztien artean, 275.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dugu”. Lazkanok adierazi duenez, ez da nolanahikoa urte hauetan guztietan egindako lana, eta aitzindarien ekarpena gogoratu du, Iñaki Arregi eta Karmele Aierbe nabarmenduz.

Udalerri euskaldunetan euskara oasuntsu dagoen arren, hainbat arlotan zabaldu diren arrakalak eta euskararen biziberritzeak dituen erronkak ere aipatu ditu Lazkanok: “aisialdian, ikus-entzunezkoetan, hedabideetan, lan-munduan, sarean, teknologia berrietan eta abar, arrakala handia zabaldu zaigu. Izan ere, erdaren erauntsia etenik gabea da. Handia, eta hortik ari dira edaten gure herritarrak. Ezinbestean, beraz, erronka berriei herri bezala erantzun behar diegu”.

Horretarako, eta indarrak batzea ezinbestekoa dela iritzita, “ezagutzaren eta erabileraren arteko bidegurutze honetan, sekula baino gehiago, erakunde publikoen eta euskalgintzaren arteko elkarlana ezinbestekoa da, baina baita euskararen lurgunea zabaltzea eta sendotzea ere, udalerri euskaldunei euskaldun eusteko eta antena efektua edo efektu biderkatzailea zabaltzeko. Beraz, gaur, deialdi sendoa eta zehatza egin nahi diegu, Aturritik Ebroraino Euskal Herrian dauden udalerri euskaldun guztiei UEMArekin bat egin dezaten”.

[Iraitz Lazkanoren hitzartzea, osorik, hemen].

Ekitaldiaren amaieran, Udalerri Euskaldunen Egunerako sortutako abestia zuzenean jo dute Segurako hainbat musikariren artean, Azpilla dantza taldeko kideen laguntzarekin.

Bazkari herrikoiaren ondoren, ekitaldiz betetako arratsaldea

Behin ekitaldia amaituta, festa giroan murgildu da erabat Segura. Laster Iparra-Hegoa elkarteak prestatutako bazkari herrikoia izango da, batetik eta bestetik heldutako ehunka euskaltzalerekin.

Arratsaldean, berriz, haurrentzako puzgarriak, Ion Martinezen bakarrizketa, Eidabe taldearen Futbolariak eta printzesak ikuskizuna eta toka eta bolo txapelketa izango dira. Ondoren, Bada giro! taldearen erromeriarekin emango diote egunari.

· Argazki bilduma (119 argazki): Udalerri Euskaldunen Eguna, 2022.
Ikusteko, egin klik hemen edota beheko irudiaren gainean.

[Bideoa] Albistea, ETBren Gaur Egun albistegian:

[Bideoa] Goierri Irrati Telebistak egindako bideoa, egunaren nondik norakoak bilduz:

Hemeroteka:
· UEMAk udalerri euskaldunen garrantzia nabarmendu du Seguran (berria.eus, 2022-05-14).
· UEMAra batzeko deia egin dute Udalerri Euskaldunen Egunean Seguran (albistea + argazki bilduma. Goierriko Hitza, 2022-05-14).
· Udalerri euskaldun guztiak UEMAra elkartzeko deia egin dute Udalerri Euskaldunen Egunean (naiz.eus, 2022-05-14).
· Euskara aireratu dute Seguran (Berria, 2022-05-15).
· Udalerri Euskaldunen Eguna Seguran ospatu zen festa giroan (Noticias de Gipuzkoa, 2022-05-15).
· Festa eta aldarrikapena uztartu zituen Udalerri Euskaldunen Egunak (El Diario Vasco, 2022-05-15).

Bideoklipa: Euskara aiden!

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.