Hasiera » Zehaztu gabe » Maiatzaren 14an izango da Udalerri Euskaldunen Eguna, Seguran

Maiatzaren 14an izango da Udalerri Euskaldunen Eguna, Seguran

Seguran izango da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 14an. Lau urteren ondoren, Euskara aiden! lelopean egingo da udalerri euskaldunen lana ospatzeko topaketa. Segurako Udala, herriko eragileak eta UEMA buru-belarri ari dira egunaren nondik norakoak antolatzen.

2018koaren ondoren, duela bi urte egitekoa zen Udalerri Euskaldunen Eguna Seguran, baina atzeratu egin behar izan zen pandemiaren ondorioz. Azkenean, maiatzaren 14an izango da aukera aldarrikapena eta festa uztartzeko, arnasguneek euskararen normalizazioan egiten duten ekarpena nabarmendu eta elkarlanean bidea egiteko.

UEMAko herriena ez ezik, gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna. Martxoan kale erabilera datuak aurkeztean nabarmendu genuen bezala, euskaldunen dentsitatea eta trinkotasuna oso garrantzitsua da euskara erabiltzeko, eta hori da, hain justu, udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten rol garrantzitsuenetako bat.

Datuek erakutsi dute, oro har, mantendu egin dela euskararen kaleko erabilera azken urteetan, baina ezagutza gehieneko herrietan zerbait behera egin duela. Ezin da pentsatu, beraz, euskaldun dentsitate handieneko eremuak arriskurik gabe daudenik. Beharrezko izaten jarraitzen du, azken urteetan egin bezala, udalerri euskaldunen eta arnasguneen berariazko aitortza egiteak. Horiek babestu eta garatzea hizkuntza politika aurrerakoien ardatzetako bat izan behar da.

Bazkarirako izen ematea, irekita

Egun osorako egitarau zabala izango da, eta ohi bezala, UEMAren batzar nagusia ere egingo da Seguran. Horrez gain, bazkari herrikoia ere izango da egitarauaren barruan, Segurako Iparra-Hegoa elkartearen eskutik. 18 euroan izango da helduentzako txartela, eta 6 euroan haurrena. Ondoko helbidera idatzi behar da bazkaritarako lekua hartzeko: administrazioa@uema.eus. Glutenik gabeko menua edo begetarianoa behar izanez gero, aipatu mezuan.

BAZKARIRAKO INFORMAZIOA: menua eta txartelak eskatzeko informazioa.

Gai honi buruzko informazio osagarria:

Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko da maiatzaren 14an Seguran (goierri.hitza.eus, 2022-04-11)

Udalerri Euskaldunen Eguna maiatzaren 14an izango da, Seguran (europapress.es, 2022-04-11)

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.