Derrigortasunik ezarrita ez zegoen arren, euskaldunak ziren orain arte Etxarri-Aranatzen aritu diren bi medikuak. Haietako bat joan ondoren, ordea, euskaraz ez dakien mediku bat ekarri dute, eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak errespetatzeko helburuz egin dute eskaria Etxarri Aranazko Udalak eta UEMAk.
Etxarri Aranazko osasun etxean lanean ari diren bi familia-medikuak euskaldunak izan daitezela bermatzeko eskatu diote Osasunbideari Etxarri Aranazko Udalak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Gutun baten bidez egin dute eskaria Silvia MaraƱon alkateak eta Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak, osasun arreta euskaraz jaso ahal izateko neurriak hartu eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak errespetatu daitezen.
Iazko otsailean gorako errekurtso bat aurkeztu zuen UEMAk, postu horietarako lan deialdiaren harira. Izan ere, bi mediku lanpostu daude Etxarri Aranazko osasun etxean, baina hoietako batek ere ez du hizkuntza derrigortasunik, Etxarri Aranatz eremu euskaldunetako udalerria izan arren.
Pazientea ardatz
Nafarroako 18/1986 foru legeak aitortzen du, hitzez hitz, “Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eta berek hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea”. Osasun zerbitzuari zuzenean eragiten dio lege betebehar horrek.
Euskaraz jakiteko derrigortasunik ez zuten arren, orain arte lanean aritu diren bi medikuek bazekiten euskaraz. Haietako bat dagoeneko ez da lanean ari, ordea, eta ekarri duten berriak ez daki euskaraz. Ondorioz, herritarrek ez daukate bermatuta zerbitzua euskaraz jasotzeko aukera, eta kexatu dira dagoeneko.
“Badakigu [mediku berriak] legalki eskubidea duela postu horretan aritzeko eta arazoa ez dela berea”, azaldu dute UEMAk eta Etxarri Aranazko Udalak. Gogora ekarri dute, ordea, pazientea dela ardatza, eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko, bi familia-medikuak euskaldunak izan daitezela eskatu diote Osasunbideari.