Hasiera » Zehaztu gabe » Errenta aitorpena euskaraz egitera deituko du UEMAk, udalekin eta hainbat erakunde publikorekin batera

Errenta aitorpena euskaraz egitera deituko du UEMAk, udalekin eta hainbat erakunde publikorekin batera

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea bultzatu nahi du UEMAk, eta horien artean, errenta aitorpena ere euskaraz egitea. Horretarako, aurreko urteetan bideari jarraituz, hautu hori sustatzeko kanpaina hasiko dute UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean. Izan ere, lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera bideak aldatzen diren arren, errenta aitorpena egiteko moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honen helburua.

Heldu da unea 2021eko errenta eta ondarea aitortzeko. Apirilaren 4an hasiko da kanpaina Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunetan, eta ekainaren 30era arte iraungo du. Nafarroan, berriz, apirilaren 7tik ekainaren 24ra artekoa izango da epea, eta apirilaren 5etik ekainaren 27ra artekoa Araban. Haiekin bat eginez, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du aurten ere Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatzeko.

Izan ere, azken urteetan errenta euskaraz egiten duten herritarren kopuruak gora egin arren, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, izan daitezkeenetik oso urrun daude datuok oraindik.

Administrazioa euskalduntzeko bidean eredu izan nahi du UEMAk, eta eta bide horretan, garrantzitsua da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Udalen eta hainbat erakunde publikoren arteko elkarlana ez ezik, herritarren babesa eta parte hartzea ezinbestekoa da horretarako, eta hautu horretan eragin nahi du UEMAk aurten ere kanpaina honekin.

Elkarlana, tokian toki

Udalekin eta hainbat erakunde publikorekin elkarlanean gauzatzen da kanpaina, eta foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak moldatzen du bere beharren arabera. Mezu orokorra berbera da leku guztietan, baina tokian toki, foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua. Besteak beste, Errenta aitorpena euskaraz lelodun kartel orokorra eta azalpen kartela jarri ditu eskura UEMAk, nork bere arabera moldatzeko aukerarekin.

Gipuzkoan, esaterako, Ogasunarekin euskaraz leloa erabiliko du aldundiak, eta UEMAk ere halaxe gehituko du Gipuzkoako udaletara zabaldutako euskarri guztietan. Oiartzualdean, esaterako, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalek agerraldi bateratua egin dute herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera bultzatzeko. Tolosaldean ere 20 udalek egin dute bat kanpainarekin.

Modu bat baino gehiago egon daitezke horretarako: autolikidazio proposamena onartzeko orduan, eta baita aitorpena internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egitean ere, euskaraz egin nahi duzula hautatuz nahiz langileari adieraziz. Bestalde, gestoria batean eginez gero, errenta aitorpena euskaraz egin eta ogasunekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea adierazi.

Gai honi buruzko informazio osagarria:

Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia. Ea HERENA izatera iristen garen! (villabona.eus, 2022-03-23).
Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute Uemako udalerriek (usurbil.eus, 2022-03-24).
Errenta aitorpena euskaraz (aulesti.eus, 2022-03-22).
Oarsoaldeko udalek errenta aitorpena euskaraz egitera deitu dituzte zergadunak (oarsoaldea.eus, 2022-03-28) .
Errenta aitorpena euskaraz egiteko UEMAren kanpainarekin bat egin du udalak (azpeitia.eus, 2022-03-29).
Aurten ere egin errenta aitorpena euskaraz (zumaia.eus, 2022-03-29).
Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute Uemak nahiz hainbat eragilek eta udalek (baleike.eus, 2022-03-29).
Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute hainbat erakundek elkarlanean (legorreta.eus, 2022-03-30).
Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute Uemak eta Azpeitiko Udalak (uztarria.eus, 2022-03-30).
Uemak errenta euskaraz  egiteko deia egin du (ataria.eus, 2022-04-06)
-Errenta aitorpena, euskaraz (zaldibia.eus, 2022-04-08).


Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.