Hasiera » Zehaztu gabe » Abizenak euskalduntzeko ‘Euskaraz naiz’ kanpaina abiarazi dute Nafarroako hainbat udalek

Abizenak euskalduntzeko ‘Euskaraz naiz’ kanpaina abiarazi dute Nafarroako hainbat udalek

UEMArekin elkarlanean ekin diote kanpainari Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen parte diren Nafarroako hamalau udalerrietan. Abizenak euskarazko grafiaz jartzeko deia egingo dute euskara zerbitzuek datozen hilabeetan, ‘Euskaraz naiz’ lelopean.

Berastegui, Lacunza, Goicoechea, Garciandia, Razquin… Nafarroan ere asko dira oraindik erdarazko grafiaz idazten diren euskarazko abizenak. Euskaraz naiz kanpainarekin, herritarrek abizenak era ofizialean euskaraz jartzea sustatu nahi da, eta horretarako, zein pauso eman behar diren azalduko dute UEMAren parte diren Nafarroako udalek: Arbizu, Etxarri-Aranatz, Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi, Lesaka, Areso, Goizueta, Leitza, Larraun, Basaburua eta Araitz.

Deialdia bereziki guraso izateko bidean direnei edota 18 urtetik beherako seme-alabak dituztenei egin diete. Izan ere, helduek abizenak euskal grafiarekin jartzeko tramitea eginez gero, seme-alabei automatikoki abizena behar bezala erregistratua geldituko zaie.

Mendaron, Bermeon eta Ziortza-Bolibarren ere, kanpaina martxan

Nafarroan ez ezik, beste hainbat udalerritan ere ekin diote Euskaraz naiz kanpainari. Esaterako, Mendaroko, Bermeoko eta Ziortza-Bolibarreko udalek ere egin dute abizenak euskalduntzeko deia, azken horretan, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean.

Abizenak euskal grafiaz jartzeko zer egin behar duzu?

1. Bizi zaren tokiko bake-epaitegira edo erregistro zibilera joan behar duzu. Seme-alabarik baduzu eta adin txikikoak badira, bi gurasoek joan beharko duzue, biek sinatu behar duzuelako.
Erregistro batzuetan komeni da aurretik hitzordua eskatzea.
2. Agiri hauek aurkeztu behar dituzu: nortasun-agiria, hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria eta errolda-ziurtagiria.
3. Bake-epaitegian edo erregistro zibilean agiriak aurkeztu eta eskaera sinatu behar duzu. 10 bat minutu iraungo du.
4. Dagokion erregistro zibilak eskaera jasoko du, eta etxera bidaliko dizute hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria eguneratuta (abizena euskal grafiaz jarrita).

Helbide honetan duzu abizenak euskalduntzeari buruzko informazio guztia.

Gai honi buruzko informazio osagarria:

Abizenak euskal grafiaz paratzeko ‘Euskaraz naiz’ kanpaina abian. (Erran.eus, 2022-02-08).

Abizenak euskal grafiaz jartzeko gonbidapena. (Guaixe.eus, 2022-03-10).

Abizenen grafia euskalduntzeko kanpaina Nafarroan (gazteberri.eus, 2022-03-23).

Izen-abizenak euskarazko grafiaz jartzeko deia egin dute Ziortza-Bolibarren (lea-artibaietamutriku.hitza.eus, 2022-03-23).

Izen abizenak euskalduntzeko kanpaina jarri dute abian Mendaron (barren.eus, 2022´-03-28).

Bermeok abizenak euskaraz idazteko kanpaina hasiko du apirilean (busturialdea.hitza.eus, 2022-03-22).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.