Hasiera » Zehaztu gabe » Nafarroako Parlamentuak muzin egin dio hizkuntza eskubideak bermatzeko lanpostuen afera tratatzeari

Nafarroako Parlamentuak muzin egin dio hizkuntza eskubideak bermatzeko lanpostuen afera tratatzeari

  • Urtarrilean UEMAk eta Behatokiak salatu zuten ia ezinezkoa egiten dela Gobernuko edozein tramite edo arreta euskaraz jasotzea.
  • Parlamentuak ez du onartu herritarrekiko zerbitzu guztietan euskarazko arreta bermatze aldera lan-postu elebidunak ezartzea.
  • UEMAk eta Behatokiak adierazi dutenez, “nahitaezkoa eta urgentea da merezimenduen dekretua herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeari begira erregulatzea. Garaiz gabiltza aurkeztu den zirriborro hori atzera botatzeko”.
[Aitor Elexpuru eta Agurne Gaubeka, gaur goizean, Nafarroako Parlamentuaren atarian].

Pasa den urtarrilean UEMAk eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Nafarroako Parlamentuan egindako salaketaren harira, Nafarroako Gobernuko Departamentu guztietan euskarazko zerbitzua eta arreta eskaini eta egoitza elektronikoan tramite guztiak euskaraz egin ahal izatea eztabaidatu da gaur Parlamentuan.

Izan ere, herritarrek tramite elektronikoen %23 soilik egin ahal dituzte euskaraz, eta udalen kasuan ehunekoa %2,5era jaisten da. Departamentuetako edozein tramite edo zuzeneko arreta edo arreta telefonikoa jasotzean ere ia ezinezkoa egiten da euskarazko zerbitzua jasotzea eta zenbaitetan albo kalte-ondorioak jasan behar izaten dira.

Gaur Nafarroako Parlamentuko alderdiek ondorengoa onartu dute:

  1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Gobernuaren beraren eta honen erakunde autonomoetako egoitza elektronikoko edukiak, tramitazioak zein bestelako jarduerak modu integralean euskaraz egin ahal izanen direla bermatzea, helburu hori lortzeko beharrezkoa den plangintza eginez.
  2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio aurreikus dezan, egoitza elektronikoan tramite zein bestelako eginbideak euskaraz egin ahal izateko, dauden beharren ebaluazio bat egitea Departamentu bakoitzaren hizkuntza planean.

Aldiz, ez da onartu herritarrekiko zerbitzu guztietan euskarazko arreta berdintasunean bermatze aldera Departamentu bakoitzaren hizkuntza planean beharrezko lan-postu elebidunak ezartzea.

Dekretu zirriborroa atzera botatzeko garaiz gabiltza”

[Aitor Elexpuru Berako alkatea eta UEMAren zuzendaritza batzordeko kidea, hedabideen aurrean adierazpenak egiten, gaur goizean, Nafarroako Parlamentuan].

UEMAko ordezkari eta Berako alkate Aitor Elexpuru eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkuran izan dira gaur, ezbaida bertatik bertara jarraitzen. Amaieran, adierazpenak egin dituzte hedabideen aurrean, parlamentuaren atarian. Nabarmendu dutenez, “departamentuetan euskaraz zerbitzuak emateko gaituak dauden lanpostuak ezartzen ez badira, ezin daitezke bermatu euskarazko arreta ezta tramite elektroniko guztiak euskaraz egon ahal izatea. Eta noski, hori Nafarroa osoan egin behar da. Horren adibide argia dugu udalerri euskaldunena, non lege babes handia duten arren, 15 urtetan tramiteen %2,5a bakarrik egin ahal duten euskaraz, batik bat, zerbitzu zentralak eremu mistoan kokatuak dituztelako”.

Elexpuruk eta Gaubekak gogoratu dutenez, bestalde, “arreta ez da soilik telefono edo leihatila zehatz batzuetan dauden lanpostuetan ematen. Departamentu guztiek dituzte herritarrekin nolabaiteko harremanak eta beraz, departamentuz departamentu hartu behar dira neurriak bakoitzaren osotasunean. Horregatik, beharrezko lanpostu elebidunak ezartzeaz gain, nahitaezkoa eta urgentea da merezimenduen dekretua herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeari begira erregulatzea. Oraindik garaiz gabiltza funtzio publikoaren mahaian aurkeztu den zirriborro hori atzera botatzeko”.

Gaubekak adierazi duenez, “ezin genitzake gaurkoa bezalako erabakiak hartu, lanpostu eta deialdietan neurri egokiak hartu gabe, adierazpen hutsalek ez dituzte Nafarren eskubideen aitortza, kohesioa eta justizia bermatzen”.

Nafarroa osoko herritarrei deia

Azkenik, UEMAk eta Behatokiak dei egin diete Nafarroa osoko herritarrei beraien eskubideak aldarrikatu eta zerbitzu eta tramite guztiak euskaraz egin ahal izatea eskatu dezaten eta, hala bermatzen ez zaienean, Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo dezaten urraketa kasu bakoitza dokumentatze aldera. “Gaurkoa bezalako adierazpenei konpromiso zehatzak exigitzeko eta eskubideen urraketen betikotzea normalizatu ez dezagun”.

Material osagarria:
· Behatokiaren eta UEMAren prentsa oharra, gaurko erabakiaren harira (PDFan).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Nafarroako Parlamentuak muzin egin dio hizkuntza eskubideak bermatzeko lanpostuen afera tratatzeari (behatokia.eus, 2022-02-17).
· Parlamentuak aho batez eskatu dio gobernuari izapide elektronikoak euskaraz egin ahal izatea (euskalerriairratia.eus, 2022-02-17).
· Euskarazko artari bai, lanpostu elebidunei ez (Berria, 2022-02-18. PDFa).
· Nafarroako Parlamentuak ezezkoa eman dio hizkuntza eskubideak bermatzeko lanpostuen afera lantzeari (erran.eus, 2022-02-18).

· Nafarroako administrazio elektronikoko izapideak euskaratzea eskatu dute UEMAk eta Behatokiak (uema.eus, 2022-01-19).
Elkarrizketa, Agurne Gaubeka: “Udalen tramite elektronikoen %97 gaztelaniaz egin daitezke soilik” (Euskalerria Irratia, 2022-01-19).
· UEMAk eta Behatokiak Nafarroako herritarren arreta eta administrazio eletronikoko izapideak euskaratzea eskatu dute (behatokia.eus, 2022-01-19).
· Behatokiak eta UEMAk Nafarroako herritarren arreta eta administrazio eletronikoko izapideak euskaratzea eskatu dute parlamentuan (erran.eus, 2022-01-19).
· Nafarroako administrazioarekin euskaraz komunikatzeko traba eta eskari zehatzak, Parlamentura (naiz.eus, 2022-01-19).
· Nafarroan euskaraz egin daitezkeen tramite telematikoak, %25etik behera (Berria, 2022-01-20).
· Solicitan que se traduzcan al euskera todos los trámites electrónicos (Noticias de Navarra, 2022-01-20).
· Behatokiak eta UEMAk Nafarroako herritarren arreta eta administrazio eletronikoko izapideak euskaratzea eskatu dute (ahotsa.info, 2022-01-20).
· UEMAk eta Behatokiak Nafarroako Gobernuari eskatu diote administrazioko tramite elektronikoak euskaratzeko (argia.eus, 2022-01-21).
· Bideoa: Nafarroako administrazio elektronikoko izapideak euskaratzea eskatu dute UEMAk eta Behatokiak (Hamaika Telebista, 2022-01-20).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.