Karmele Aierbe Muxika euskaltzale ataundarra hil da gaur. Martin Aramendi Ataungo alkateak jakinarazi du albistea sarean, eta berehala hasi dira euskalgintzako eragileak Aierberen ekarpena gogoratzen. Izan ere, euskara eta euskalgintza izan zituen Aierbek bere ibilbide politikoaren ardatz. Besteak beste, Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko koordinatzailea izan zen. Aurreko agintaldian, Ataungo euskara eta kultura zinegotzia ere izan zen, EH Bilduren zerrendan aurkeztu ostean. Orduan erabaki zuen Ataungo Udalak UEMAko kide izatea, eta UEMAren batzar nagusian esker onez eta hunkituta hitz egin zuen Aierbek, bere bizitzako egun zoriontsuenetakoa zela adieraziz.
Aierberen heriotzaren berri izan orduko BERRIA egunkariak nabarmendu duen moduan, Karmele Aierberena euskararen eta euskal kulturaren inguruan oinarritutako bizitza izan da, “eta haren aldeko borroka politikoan jositakoa: «Euskarak beti markatu nau». 16 urterekin hasi zen Beasainen (Gipuzkoa) gau eskoletara joaten, euskara erdi-ilegala zen garaian, euskal nortasuna eta identitatea lantzeko eskolak ematen zituztelako han. «Nire gurasoek motor txiki bat erosi zidaten. Bezperan Beasainen ikasten genuena herrian [Ataunen] irakasten genuen hurrengo egunean. Gai gramatikalak ematen genituen, eta hitzaldiak antolatzen naziotasunari buruz; ekonomiarekin lotutako gaiak, Marxen eta Engelsen ideiak…». Joxemiel Barandiaran herrikidea bizi zen oraindik orduan, eta ongi gogoan zeukan hura Aierbek: «Bere hitzaldiekin —euskarak duen balioaz, hizkuntzaren altxorraz, eta identitateaz eta naziotasunaz—, asko lagundu zigun. Gau eskola horietan aholkulari garrantzitsu izan genuen».
1970eko hamarkadan, Burgosko prozesuaren testuinguruan, kontzientzia politikoa ere euskararen iniguruan harilkatu zuen, eta horri eutsi dio bizitza osoan. «Euskarak beti markatu nau. Garai horretan sortu ziren ikastolak, eta Ataunen ere sortu genuen. 20 bat urterekin hasi nintzen. San Gregorio auzoan bazen irakasle bat, eta tokiz aldatzea eskatu zuen. Haren ondoren nik hartu nuen San Gregorioko ikastolako ardura. Orduan ez nuen irakasle ikasketarik, baina, kargua hartzerako, urtebete egin nuen irakasle horrekin lanean, ikastaro batzuk egin nituen, eta Kataluniara joan nintzen metodologia aurreratu batzuk ikastera; Bartzelonara, hain zuzen. Harrezkero, bizi guztia irakasle izan naiz. San Gregorion egin genituen 11 urte, Gizarte Segurantzarik gabe, eta ezin legeztaturik. Baina herriaren laguntzaz eta gurasoen inplikazioaz, aurrera egin genuen».
Aierberentzat UEMA giltzarria zen Euskal Herri euskalduna lortzeko
Aierbek erabat sinesten zuen Euskal Herriak bere kabuz egin behar duela bidea, inori ezer eskatu gabe, “eskubide osoz dagokiguna sortuz eta eginez”. Horrela aritu zen EHE erakundean, eta horrela aritu zen lanean UEMAren sorrerako lehen urratsak prestatzen ere, Iñaki Arregi zenarekin eta beste zenbait euskaltzalerekin batera. Zehazki, Euskal Herri euskaldunaren bidean, udalek antolatzea eta herritarrei zerbitzua euskaraz ematea giltzarria zen Aierberentzat.
UEMAk iaz bete zituen 30 urte, eta egindako bidea gogoratzeko ekitaldi instituzionala egin zuen Amasa-Villabonan. Bertan, bereziki gogoratu zuen UEMAk Karmele Aierberen ekarpena, UEMAren eta euskararen alde egindako lan guztia eskertu nahian. Ordurako osasunez pattal zebilen Aierbe, eta UEMAk Ataungo alkate Martin Aramendiren bidez helarazi zion lore sorta, eta ekitaldian bildutakoen mezua: “UEMAren alde egindako lanagatik, eta Iñaki Arregik bezala Euskal Herri euskaldun baten alde dena emateagatik, ez dugu ahaztu nahi beste bidelagun handi bat. Beraz, UEMA osatzen dugun guztion izenean, hemendik Ataunera, besarkadarik eta muxurik handiena Karmele Aierberentzat. Eskerrik asko eman diguzun guztiagatik”.
Gaur, Aierberen heriotzaren berri izan orduko, haren ekarpena gogoratu eta eskertu nahi izan du UEMAk ere. Aritz Abaroa Bermeoko alkate eta UEMAko jarduneko lehendakariaren hitzetan, “Euskal Herri euskaldunaren aldeko lanean eredugarria izan da Karmele Aierberen ekarpena. UEMAren sorrerako lehen urteetan buru-belarri aritu zen erakundearen nondik norakoak bideratzen, eta ondoren ere etenik gabe aritu da euskararen alde lanean. Elkarlana, konpromisoa eta euskararen aldeko lana izan dira bere ardatzak”.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Karmele Aierbe euskaltzalea hil da (berria.eus, 2022-02-15).
· Karmele Aierbe ezker abertzaleko kide historiko eta euskaltzalea hil da (naiz.eus, 2022-01-15).
· Karmele Aierbe hil da (goierri.hitza.eus, 2022-02-15).