Hasiera » Zehaztu gabe » Orioko terrazen ordenantza berriaren arabera, eremu publikoa okupatzen duten taberna eta jatetxeetako terrazek nahitaez euskaraz erakutsi beharko dituzte bezeroentzako mezuak

Orioko terrazen ordenantza berriaren arabera, eremu publikoa okupatzen duten taberna eta jatetxeetako terrazek nahitaez euskaraz erakutsi beharko dituzte bezeroentzako mezuak

[Argazkia eta informazioaren iturria: Orioko Udala].

Orioko Udalak berritu egin du bide publikoaren okupazioa arautzen duen terrazen ordenantza. Herriko zenbait eremu oinezkoentzat jartzeko egindako lana eta gero, Orioko Udalak beharrezkoa iritzi dio ordenantza eguneratzeari, “egoera berriari hobeto erantzuteko”.

Gainerako herrietakoen antzera, ordenantza honek zehazten du zer baldintza bete behar dituzten taberna, jatetxe eta dendariek eremu publikoa okupatzeko, bai terrazekin, mahaiekin edo jarduera komertzialari lotutako bestelako elementuekin. Orioko Udalak jakinarazi duenez, “ordenantzaren edukia herriko ostalaritzako ordezkariekin landu du Udalak, bilera ugari eginez eta kontu asko haiekin adostuz”. Prozesua amaituta, aho batez onartu du udalbatzarrak eta, erakusketa publikoan egon eta gero, dagoeneko indarrean dago ordenantza. Horren arabera, lehen aldiz, bide publikoa okupatzen dutenek nahitaez euskaraz erakutsi beharko dituzte mezuak.

Herri euskaldunaren izaera erakutsi eta islatu beharra


Orioko Udalak jakinarazi duen moduan, “ordenantzak hainbat betebehar ezartzen dizkie eremu publikoa okupatzen duten ostalariei, eta horien artean dago, lehenbiziko aldiz, euskararen erabilerari buruzkoa”. Euskararen erabilerari dagokionez, zehazki, honakoa dio ordenantzak:

«Okupatutako eremuan jendearen eskueran eta bistan jartzen diren elementu guztiak (menuak, prezioen zerrendak, kartelak, eskaintzen oharrak, arbeletako oharrak…) euskaraz idatziko dira (beste hizkuntza batzuetan ere idatzi daitezke). Elementu horiek hizkuntza bat baino gehiagotan jartzen badira, euskarari lehentasuna emango zaio (hurrenkeran, tamainan…)».

Arau hori nahitaez bete beharrekoa da, ordenantzaren gainerakoak bezala. Beraz, hizkuntzari dagokionez errotik aldatzen ditu orain arte bide publikoa okupatzen zuten jarduerei ezarritako betebeharrak.

Orioko Udalak jakinarazi duenez, ordenantza honen bidez, “besteak beste, herriaren nortasun linguistikoari balioa eman nahi dio Udalak. Orioko Biziberritze Planak jasotzen du herri euskaldunaren izaera indartu eta proiektatu behar duela Udalak, eta merkataritza eta ostalaritza alorreko establezimenduek bereziki zaindu behar dute kontu hori”.

Orioko Udalaren erabakiak azken egunotan oihartzun zabala izan du sare sozialetan, eta beste udalerrietarako eredugarria dela nabarmendu dute hainbat erabiltzailek.

Material osagarria:
· Orioko terrazen ordenantza berria, osorik (PDFa).


Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Terrazen ordenantza berria indarrean sartu da Orion (Karkara, 2022-01-15).
· “Euskara ez da ezkutatu behar turismoagatik; kontrakoa” (Gipuzkoako Hitza, 2022-02-11).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.