Hasiera » Zehaztu gabe » Nafarroako administrazio elektronikoko izapideak euskaratzea eskatu dute UEMAk eta Behatokiak

Nafarroako administrazio elektronikoko izapideak euskaratzea eskatu dute UEMAk eta Behatokiak

Nafarroako administrazioarekin herritarrek egin ditzaketen tramite elektronikoen laurdenak ere ezin dira bideratu euskaraz. Udalek eta toki erakundeek egin ditzaketenak, berriz, ez dira %3ra ere iristen.

[Aitor Elexpuru eta Agurne Gaubeka, gaur arratsaldean, Nafarroako Parlamentuan].

UEMAk eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak agerraldia egin dute gaur arratsaldean Nafarroako Parlamentuan, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako batzordean. Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak eta Aitor Elexpuru UEMAko zuzendaritza batzordekideak eta Berako alkateak nabarmendu dutenez, Nafarroan euskaldunei legez aitortzen zaizkien eskubideak behin eta berriro urratzen zaizkie. Gaur, berariaz, Nafarroako administrazioarekin egin daitezkeen tramite elektronikoak izan dituzte hizpide, datu gordinak agerian utziz: herritarrek 1.434 tramite telematiko egin ditzakete gaur egun, eta horietatik 334 tramitek (%23,29) soilik eskaintzen dute euskaraz egin ahal izateko aukera. Udalek eta toki erakundeek egin ditzaketen tramite telematikoen kasuan askoz larriagoa da egoera, 778 tramite egin baititzakete, eta horietatik 20 baino (%2,57) ezin baitira egin euskaraz. Egoerari konponbidea jartzea eta tramiteak euskaraz egin ahal izango direla bermatzea eskatu diote UEMAk eta Behatokiak Nafarroako Gobernuari.

Aitor Elexpuruk batzordekideei gogoratu dien moduan, Nafarroako Gobernuko departamentuak bitarteko elektronikoen eta telematikoen alde egiten ari dira, “herritarrekiko zein administrazio ezberdinekiko zerbitzuetan denbora aurrezteko eta administrazioen garapen neurri gisa”. Izan ere, “bide telematikoen erabilerak administrazio eginbeharrak sinplifikatzen ditu eta zerbitzu ezberdinak jasotzeko eta edozein betebehar betetzerakoan erraztasunak eskaintzeko helburua dute. Beraz, erosotasuna, malgutasuna, bizkortasuna eta garai ezberdinetara doitzeko erraztasuna eskaitzen dutela aipatu izan du Nafarroako Goberrnuak”.

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak erakutsi duenez, ordea, errealitatea oso bestelakoa da, eta zeharo urratzen dute foru arauek eta dekretuek hainbat artikulutan zehaztutakoa. Besteak beste, Nafarroako Administrazioaren jabetzako baliabide elektronikoak euskaraz eta gaztelaniaz egoteko beharra. Eskubide urraketa, gainera, ez da nolanahikoa, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aletutako datuen arabera, gaur egun, herritarrek 1.434 tramite elektroniko egin ditzakete Nafarroan, eta horietatik 334 tramitek soilik eskaintzen dute euskaraz egin ahal izateko aukera. Udalei eta toki erakundeei dagokienez, berriz, askoz larriagoa da egoera, egin ditzaketen 778 tramiteetatik 20 baino ezin baitira euskaraz egin. Azkenik, herritarren arretarekiko eskaintzen diren telefono zerbitzuetan ere euskarazko arreta ez dela behar bezala bermatzen nabarmendu du Gaubekak, horiek askotan herritarren osasunarekin eta segurtasunarekin lotutakoak izan arren.

Datu horien atzean dagoen eguneroko errealitatea erakutsi dute Gaubekak eta Elexpuruk gaurko agerraldian, Nafarroako administrazio publikoarekiko harremanetan herritarrek zein udalek dituzten arazoak zehazki zerrendatuz.

Horiek erakutsita, euskara erabili nahi duten herritarrekiko eta udalekiko gutxiespena nabarmena dela eta Nafarroa osora zabaltzen dela adierazi dute, gaur egungo araudiak ezarritakoak ere ez direla bermatzen ikusaraziz talde parlamentarioetako batzordekideei. Amaitzeko, Elexpuruk adierazi duenez “eskubideak bermatzeko beharrezkoa da araudia aldatzea eta lanpostu elebidunak sortzea, eta ez bakarrik legeak ezarritako eremu euskaldunean, jasotzen ditugun zerbitzuek euskararen legeak ezarritako muga horiek zeharkatzen baitituzte”.

Egoera iraultzeko, UEMAk eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bi eskari egin dizkiote Nafarroako Gobernuari: Nafarroako Gobernuaren eta honen erakunde autonomoetako egoitza elektronikoko tramiteak zein bestelako jarduerak euskaraz egin ahal izango direla bermatzea, eta herritarrekiko zerbitzu guztietan euskarazko zerbitzua berdintasunean bermatzeko langile elebidunak ezartzea.

Nafarroako administrazio publikoarekiko harremanetan herritarrek zein udalek izaten dituzten arazoak

Herritarren hizkuntza eskubideak arautzen eta zehazten dituzten foru arauen eta dekretuen berri eman ondoren, Agurne Gaubekak eta Aitor Elexpuruak zehazki azaldu dituzte tramite elektronikoak euskaraz egin nahi izatearakoan herritarrek zein toki erakundeek dituzten arazoak. Honako hauek dira:

Herritarrek:

1-Ezin dira prozesu telematikoetako pauso guztiak euskaraz egin eta askotan itzulpenak gaizki eginak daude, euskarazkoan eduki edo material gutxiago dago eta euskarazko idatzietan gaiak, epeak etab. gaizki publikatzen dira.

Euskarazko webguneetan informazio gutxiago izaten da edo ez dago eguneratuta eta bilatzaileak gaztelaniaz konfiguratuta daude nahiz eta herritarrak euskarazko nabigatzailea hautatu. Sareetan argitaratzen diren gidak, azalpen bideoak… euskarazko materiala ez dago edo gutxiago argitaratzen da.

2-Oraindik enpresa publiko askoren web orrialde eta dituzten baliabide guztiak ere gaztelania hutsean daude.

3-Nafarroako Gobernuko hainbat eta hainbat telefonotan ez da euskarazko arreta bermatzen.

Erantzungailuak ere gaztelaniaz daude eta euskaraz daudenetan, euskarazko arreta nahi dela aukeratu arren, gaztelaniaz artatzen da herritarra. Beste kasu batzuetan, euskarazko arreta nahi badu beranduago deitzeko eskatzen zaio eta herritarrek gaztelaniaz hitz egitera behartzen dituztela salatzen dute.

Nafarroako Gobernuak herritarrak artatzeko txata, gaztelaniaz konfiguratuta dago eta artatzen duten langile gehienek euskara ez dutela ulertzen azaltzen diote herritarrari.

4- Nafarroa osora bidaltzen diren sms guztiak gaztelaniaz izaten dira nahiz eta herritarrak berariaz informazioa euskaraz nahi duela adierazita izan.

5- Hainbat departamentutatik e-mailak gaztelania hutsean bidaltzen dira.

6- Herritarrei zuzendutako azpikontratatutako inkestetan ez da behar bezala bermatzen herritarren hizkuntza hautua.

Udalek:

1-Ezin dira prozedura telematikoetako pausoak (dirulaguntzetarako prozedurak, batik bat) euskaraz egin; bakan batzuk besterik ez.

2-Eremu euskalduneko udalei zuzendutako ia komunikazio eta eranskin guztiak gaztelania hutsean heltzen dira. Kasurik onenean, Toki Administrazioko zerbitzua (Lurralde Kohesioko Departamentua) dugu. Zerbitzu horretatik jasotzen diren komunikazio eta euskarriak aztertu dira hilabete eta erdiko epean eta, soilik, %20 iristen dira euskaraz udaletara. Guztiak EBAZPENAK dira.

(Guztiak iritsi beharko lirateke euskaraz, 103/2017 FORU DEKRETUA-ren arabera).

3- Ahozko komunikazioak:

  • Telefonoz, oro har gaztelaniaz dira.
  • Bilerak gaztelaniaz izaten dira.

4- Udalek behar dituzten zerbitzu zentral gehienak gaztelania hutsean eskaintzen dira.

Batzordean izan diren alderdi guztiek (Geroa Bai, EH Bildu, Navarra Suma eta PSN) eskertu dituzte UEMAko eta Behatokiko ordezkarien azalpenak, eta legeak gaur egun aitortzen dituen eskubideak bermatzeko lan egin beharra nabarmendu dute. Euskararen legea aldatu beharrarekin ez dira bat etorri, baina bai urraketa agerikoa dela eta horri konponbidea ematea dagokiola Nafarroako Gobernuari, legez herritarrei aitortzen zaizkien eskubideak bermatzeko.

Material osagarria:
· Prentsa oharra eta eranskina (PDFan).

Agerraldia, osorik, bideoan:

[Bideoa audio pista bakarrarekin entzuteko, euskaraz, hemen:
labur.eus/UEMA-Behatokia].

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Elkarrizketa, Agurne Gaubeka: “Udalen tramite elektronikoen %97 gaztelaniaz egin daitezke soilik” (Euskalerria Irratia, 2022-01-19).
· UEMAk eta Behatokiak Nafarroako herritarren arreta eta administrazio eletronikoko izapideak euskaratzea eskatu dute (behatokia.eus, 2022-01-19).
· Behatokiak eta UEMAk Nafarroako herritarren arreta eta administrazio eletronikoko izapideak euskaratzea eskatu dute parlamentuan (erran.eus, 2022-01-19).
· Nafarroako administrazioarekin euskaraz komunikatzeko traba eta eskari zehatzak, Parlamentura (naiz.eus, 2022-01-19).
· Nafarroan euskaraz egin daitezkeen tramite telematikoak, %25etik behera (Berria, 2022-01-20).
· Solicitan que se traduzcan al euskera todos los trámites electrónicos (Noticias de Navarra, 2022-01-20).
· Behatokiak eta UEMAk Nafarroako herritarren arreta eta administrazio eletronikoko izapideak euskaratzea eskatu dute (ahotsa.info, 2022-01-20).
· UEMAk eta Behatokiak Nafarroako Gobernuari eskatu diote administrazioko tramite elektronikoak euskaratzeko (argia.eus, 2022-01-21).
· Bideoa: Nafarroako administrazio elektronikoko izapideak euskaratzea eskatu dute UEMAk eta Behatokiak (Hamaika Telebista, 2022-01-20).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.