Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAk helegitea jarri dio Osakidetzaren logopeda lanpostuen deialdiari, euskaraz jakitea ez delako ezinbestekoa izango

UEMAk helegitea jarri dio Osakidetzaren logopeda lanpostuen deialdiari, euskaraz jakitea ez delako ezinbestekoa izango

Osakidetzak logopedian diplomatuei zabaldutako lan deialdiaren aurkako Gorako Errekurtsoa aurkeztu du UEMAk, logopeda lanpostuen hautaketa-proben oinarrietan euskara ez delako ezarri betekizun bezala. UEMArentzat bereziki larria da eskubide urraketa logopeden kasuan gertatzea. Izan ere, “logopeden kasuan garrantzi nabarmena du komunikazio-hizkuntzak, hitzarekin eta ahoskerarekin lotura zuzena duelako osasun-adar honek. Komunikatzeko ez ezik, pazienteak aztertzeko, diagnostikatzeko eta tratatzeko tresna da hizkuntza”.

[Logopeden kasuan garrantzi nabarmenda du komunikazio-hizkuntzak, pazienteak aztertzeko, diagnostikatzeko eta tratatzeko bitartekoa baita hizkuntza].

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok pasa den ostegunean sinatutako errekurtsoak nabarmentzen duen moduan, “bederatzi logopeda lanpostu daude Osakidetzako lanpostu zerrendan; horietatik lau lanpostutan soilik dago hizkuntza-eskakizuna ezarrita eta egiaztatuta. Orain aipagai dugun ebazpenean, lau logopeda lanpostu lehiaketara atera dira, eta ez da euskaraz jakitea eskatu. Lehen eta bigarren hizkuntza-eskakizunak merezimendu bezala puntuatuko dira, baina inongo derrigortasunik gabe. Gainera, hirugarren eta laugarren hizkuntza-eskakizunek ez dute puntuazio gehigarria izango. Alegia, gehienezko puntuazioa 2HErena izango da”.

Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko betebeharra duenez Osakidetzak, UEMArentzat bereziki larria da eskubide urraketa logopeden kasuan gertatzea. Izan ere, “logopeden kasuan garrantzi nabarmena du komunikazio-hizkuntzak, hitzarekin eta ahoskerarekin lotura zuzena duelako osasun-adar honek. Komunikatzeko ez ezik, pazienteak aztertzeko, diagnostikatzeko eta tratatzeko tresna da hizkuntza. Mintzairaren eta hizkuntzaren gaixotasunak dituzten paziente askori ematen diete arreta logopedek. Kasu horietan, lanerako behar-beharrezko baldintza da pazientearen hizkuntza jakitea. Euskara ez eskatzeak dakar paziente euskaldunak bigarren mailako herritar egitea, eta Osakidetzak haientzat kalitate eskasagoko zerbitzua eskaintzea. Horrez gain, hainbat adituren arabera, paziente elebidunek gabezia desberdinak izan ditzakete hizkuntza bakoitzean; eta, beraz, hiztun elebidun bat hizkuntza bakarrean ebaluatzeak ere diagnostiko okerra egitea ekar dezake”.

Horregatik guztiagatik, gaiaren larritasuna ikusita, eta helburua beti ere osasun-zerbitzuaren kalitatea eta herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzea izanda, logopeda lanpostu guztietan euskara betekizun izan dadila eskatu du UEMAk Gorako Errekurtsoan. Bitartean, berriz, herritar elebidunei zerbitzua Osakidetzako profesional elebidunek eman diezaiotela bermatzea ere eskatu du.

UEMAk ez ezik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ere helegitea aurkeztu dio Osakidetzaren lan deialdi honi, UEMAk aletutako arrazoi berdinengatik.

Dokumentazio osagarria:
· UEMAren Gorako Errekurtsoa Osakidetzaren logopeda lanpostuen deialdiari. 2022-01-13 (PDFa).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAk helegitea jarri dio Osakidetzaren logopeda lanpostuen deialdiari, euskaraz jakitea ez delako ezinbestekoa izango (Europa Press, 2022-01-17).
· UEMAk helegitea jarri dio Osakidetzaren logopeda lanpostuen deialdiari, euskaraz jakitea ez delako ezinbestekoa izango (El Correo, 2022-01-17).


Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.