Eusko Jaurlaritzak bideratu duen eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege berria bilduko duen oinarrizko dokumentua lantzen hasi zen Eusko Legebiltzarra urrian. Horrela, hezkuntza batzordean Etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko ponentzia osatu delarik, UEMAk ekarpenak egin dizkio batzordeari, legebiltzarkideei UEMAren iritzia eta proposamenak helarazteko asmoz, hezkuntzari buruzko hitzarmen berria egitean kontuan har dezaten udalerri euskaldunen egoera eta euskararen normalizazioan duten garrantzia.
Zehazki, udalerri euskaldunen egoeraren argazki orokorra, diagnostikoa eta etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenerako proposamenak bildu ditu UEMAk Udalerri euskaldunak eta hezkuntza izeneko txostenean.
Diagnostikoan nabarmendu duen moduan, denbora gutxian asko aldatu da eta aldatzen ari da udalerri euskaldunen errealitatea. Horren analisia eta gakoak biltzen ditu txostenak lehen orrialdeetan, aldaketa demografikoen eta soziolinguistikoen datuak emanez. Izan ere, aldaketa demografiko eta soziolingustiko horiek zuzen-zuzenean dute eragina udalerri euskaldunetako ikastetxeen jardunean, urte gutxian aldatu egin baita ikasleen soslaia.
Horrela, urteotako ikerketek kezka sortu dute hezkuntza arloan, batik bat ikasleen euskara gaitasunarekin lotuta, UEMAren txostenak biltzen duen moduan “ikasleen ehuneko esanguratsu batek ez baitu gutxieneko euskara maila lortzen”. Beraz, egoera iraultzea ezinbestekoa da, euskaraz bizitzeko gaitasuna izango duten euskal hiztun erosoak sortuko baldin baditu eskolak, euskara indarberritzeko bidean funtsezko rola baitu, dena eskolaren bizkar ezin bada ere utzi. Egoera horretan, hitzarmen berrirako zenbait gako nabarmendu nahi izan dizkie UEMAk legebiltzarkideei:
· Arnasguneetako ikastetxeak. Hezkuntza hitzarmen berrian berariaz aztertu beharko litzateke eskola txikien egoera eta etorkizuna, mekanismoak ezarriz ikastetxe horiei zabalik eusteko, kontuan izanik arnasguneen garapenean eta euskararen normalizazioan nolako garrantzia duten.
· Formazio soziolinguistikoa. Ikastetxeek oinarrizko funtzioa dutenez euskararen normalizazioan, ezinbestekoa da ikastetxeetako langileek oinarrizko formazio soziolinguistikoa izatea: jakitea zein den euskararen egoera, zein diren hizkuntza helburuak, eta nola lan egin dezaketen. Gaur egun, ordea, hutsuneak daude esparru horretan, eta eskoletan oro har falta da herriko egoera soziolinguistikoari buruzko informazioa. Ezinbestean landu beharrekoa da ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin.
· Euskararen irakaskuntza. Udalerri euskaldunetan erabat hedatua dago D eredua eta, beraz, erronka kalitatea hobetzea da: ahozko jardunari garrantzi handiagoa ematea, irakasle guztiak euskara irakasle direla barneratzea, irakasleen jokabidea eredu dela kontziente izatea, ikasleak euskal kulturan murgiltzeko bitarteko egokiak jartzea, hizkuntza gramatika soilez haragoko fenomeno gisa transmititza, eta abar. Nolabait, D eredutik D+ eredura igarotzea. Horretarako, ordea, koordinazioa eta lankidetza derrigorra da, ereduari zuku gehiago ateratzeko eta irakasleak zein ikasleak euskararen egoeraren kontziente izateko.
· Tokikotasuna eta autonomia. Inguruneak, ikasleen soslaiak eta aldaketa soziolinguistikoak zuzen-zuzenean eragiten diotenez ikastetxearen jardunari, ezinbestekoa da ikastetxeen autonomia ere lantzea, nork bere testuinguruaren eta egoeraren araberako bideak har ditzan. Horretarako, hizkuntza proiektuan, antolaketan eta harrera planean landu beharrekoak zehaztu ditu UEMAk.
Azken batean, UEMAren ikuspegitik, hezkuntza ardatzetako bat da euskararen normalizazioan jauzi bat emateko abagunean. Beraz, ezinbestean eragin behar da, baita udalerri euskaldunetan ere: “Oker handia litzateke pentsatzea udalerri euskaldunetan ez dagoela aldaketa premiarik, gaur egungo jardunarekin bermatuko direla helburuak. Herri horietan ere badago eragin beharra, sendotu beharra, eta ikastetxeek datozen urteetan izango dituzten aldaketei erantzuteko beharra”.
Material osagarria:
· UEMAren txostena: Udalerri euskaldunak eta hezkuntza. UEMAren ekarpena Etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko ponentziarako (PDFa).