Hasiera » Zehaztu gabe » Iraitz Lazkano: “Oso garrantzitsua da hizkuntza politika bestelako politiketan txertatzea; zeharlerrotasuna lortzea”.

Iraitz Lazkano: “Oso garrantzitsua da hizkuntza politika bestelako politiketan txertatzea; zeharlerrotasuna lortzea”.

Iraitz Lazkano elkarrizketatu zuen atzo Berria egunkariak.
UEMAren batzar nagusiaren biharamunean, UEMAren lehendakaria mankomunitatearen ildoez eta euskararen biziberritzeak dituen erronkez aritu da Julen Aperribaik egindako bi orrialdeko elkarrizketa mamitsuan.

Hemen osorik irakurgai:

Iraitz Lazkano: «Arnasguneetan ere ezinbestekoak dira hizkuntza politika ausartak».

Udalerririk euskaldunenetan herritarren kontzientziazioan «erlaxazioa» egon dela aitortu du Lazkanok, eta datozen urteetako erronka nagusietako bat hor eragitea izango dela nabarmendu. Hizkuntza politikak «zehar lerro» izan behar duela uste du.

[Iraitz Lazkano, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria eta Elgetako alkatea. Argazkia: Andoni Canellada/Foku. Iturria: Berria].

Legealdi erdia egin du Iraitz Lazkano (Elgeta, Gipuzkoa, 1987) Elgetako alkateak Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari karguan. Udalerri euskaldunenen garapena azken urteetako lan lerro nagusietako bat izan da mankomunitatearentzat. Horretan sakondu nahi dute aurrerantzean, eta baita herritarren «ahalduntzean» eragin ere.

Uemak 94 udalerri biltzen ditu egun. Oraindik badago kopuru hori handitzeko marjinarik?

Marjina badago, eta borondatea ere bai. Ehuneko langa gainditzeko asmoa ezarri genion geure buruari, eta tartea badago. Izan ere, Hego Euskal Herrian 160-170 inguru dira Ueman sartzeko baldintzak betetzen dituzten udalerriak, hots, %70etik gorako euskara indizea dutenak.

Txikiak eta ertainak dira gehienak; datu demografikoek diote hiriguneetan ari dela pilatzen populazioa. Nola egokitu daiteke Uema horretara?

Egia da herri asko txikiak eta ertainak direla, baina badira handiagoak ere: Bergara, Bermeo, Zarautz, Tolosa… Datu demografikoak aztertzea komeni da, eta gure lan lerroetako bat da udalerri euskaldun horien garapena bermatzea. Azken batean, uste dugu, euskaldunak diren gune horiek garatzen baditugu eta euskaldunek bertan bizitzeko aukera badute antena efektua egingo dutela, eta, eremu erdaldunagoetara joanez gero, hizkuntza ohitura horiek mantentzea izango dela joera, eta beste batzuei erraztea euskaraz bizi ahal izatea.

Batez ere zerbitzuen sektorea euskalduntzen saiatu zarete azken urteetan. Hori izango da lehentasuna aurrerantzean ere?

Zerbitzuen sektorean urte osoan iraunkorki egiten ditugu kanpainak eta ekimenak: Bertatik Bertara eta Arnasa Gara kanpainak, udalekin eta euskalgintzarekin egiten ditugun kontzientziazio saioak… Horretan eragiten jarraituko dugu; aurreikusten dugu herritarren ahalduntzea izango dela Uemaren ildo nagusietako bat.

Izan ere, arnasguneetako egoera soziolinguistikoa bada kezka iturri aspaldian. Euskararen kale erabilera neurtu duzue berriki. Zer erakusten dute datuek?

Behin betiko datuak udaberri inguruan argitaratuko ditugu, baina, lehen begiradan, ikusten dugu kale erabileraren joera beheranzkoa dela. Alde horretatik, uste dugu ezinbestekoa dela kontzientziazioa bultzatzea. Sarritan aipatu izan dugu euskararen inguruko hizkuntza politikak egitean eremu euskaldunetan eduki ditugun gabezietako bat izan dela erlaxazioa, eta pentsatu izan dugula, naturalki euskaraz bizi izan garenez, ez dagoela arazorik, ezta hizkuntza politikak egin beharrik ere. Datu hauek autokritika egitera behartu behar gaituzte, eta konturatzera arnasguneetan ere ezinbestekoak direla hizkuntza politika ausartak.

Nolakoak behar dute politika horiek, herri mailan?

Topiko bat da, baina oso garrantzitsua da hizkuntza politika bestelako politiketan txertatzea; zeharlerrotasuna lortzea, alegia. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egin beharrak ekarri du hirigintza proiektuetan euskara kontuan hartzea, eta nik uste dut horrek eragiten duela beste sailek ere kontzientzia hartzea, eta, poliki-poliki, euskararen normalizazioaren alde egiten diren urratsak beste esparru batzuetara ere zabaltzea; normalizaziorako bidea normalizatzea.

Immigrazioa jopuntuan jartzeko tentaldia ere sor dezake beheranzko joerak. Baduzue horren beldurrik?

Garbi dugu immigrazioa ez dela ezeren erruduna. Kanpotik datorrenak ikusten du euskara ez dela beharrezkoa, eta, hori hala izan ez dadin, hizkuntza politika ausartak behar ditugu, euskara lehen lerroan jarriko dutenak eta euskara beharrezko egingo dutenak. Ikusi dugu bitartekoak jarriz gero —bai ekonomikoak eta bai pertsonalak— kanpotik datorrenak euskararekiko jarrera proaktiboa izaten duela normalean. Fokua immigrazioa erruduntzean jarri beharrean, datorren hori euskaran nola txertatu pentsatu behar dugu.

EAEko Udal Legea indarrean zela hartu zenuen lehendakaritza. Zer eragin izan du udalen euskarazko funtzionamenduan?

Uemak urteetan aldarrikatutako hizkuntza politikak garatzeko aukera eman du. Adibide esanguratsuena Eragin Linguistikoaren Ebaluazioarena izan daiteke. EAEn edozein proiekturi egin behar zaion ebaluazioa da, eta guk luzaroan defendatu duguna. Herri batean edo arnasgune batean egiten den edozein politikak eragina du hizkuntzan. Orain arte, hori ez da neurtu izan, eta, orain, legeak babestu eta derrigortu egiten du ebaluatzea. Ez hori bakarrik: hizkuntzan inpaktu negatiboa badu, neurri zuzentzaileak jartzera behartzen du. Horrek aukera ematen digu zenbait hizkuntza politika aurrerakoi egiteko.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalean dago lege hori, ordea. Kontrako ebazpen batek zer ondorio izan ditzake udaletan?

Lehengora itzultzea litzateke, eta hizkuntza politika aurrerakoi horiek lege babesik gabe uztea. Ikusten dugu hizkuntza politika ausartak, aurrerakoiak eta euskara benetan lehenesten dutenak egiten diren momentuan epaileak sartzen direla hizkuntza politika horiek baloratzera eta, are, hizkuntza politikak egitera. Hori oso larria da.

Erantzun bateraturik eman lezakete udalek, gertatuko balitz?

Eman lezakete, noski, baina aztertu beharko litzateke nola eta nork sustatu beharko lukeen, ez bailitzateke hizkuntza politikaren edota euskalgintzaren aurkako erasoa soilik, autonomiaren oinarriak ere kolokan jarriko lituzkeena baizik.

Euskalgintzako eragile askok ozendu dute hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko premia. Iritzi partekatu horrek izan dezake islarik egiturazko aldaketetan?

Uste dut hizkuntza politiketan ardura daukagun instituzioen artean, orokorrean, sintonia dagoela, eta ikusten dut ados jartzeko aukera. Ikusteko dagoena da ea hizkuntza politika ausartak egiten badira —eta hori da gure apustua— zenbateraino oztopatuko den bide judizialetik eta zenbateraino izango garen gai gureari eusteko eta euskarak benetan behar duen arautegi aurrerakoi bat garatzeko.

———————————————–
· Elkarrizketa, Berria egunkariaren webgunean:
Iraitz Lazkano: «Arnasguneetan ere ezinbestekoak dira hizkuntza politika ausartak» (Berria, 2021-12-19).
· Elkarrizketa, PDFan.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.