Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAko kide izatea erabaki du Idiazabalgo Udalak

UEMAko kide izatea erabaki du Idiazabalgo Udalak

Idiazabalgo Udalak gaur arratsaldean egindako udal osoko bilkuran erabaki du UEMAko kide izatea. Iñaki Alberdi alkateak aipatu duenez, “hainbat arlotan lan asko dago oraindik egiteko, eta UEMAren esperientziari eta laguntzari helduko diogu horretarako”. Larunbatetik aurrera, UEMAko 94. herria bihurtuko da Goierriko herria.

[Idiazabalgo 2.305 biztanleen artean %87,9 da euskaldunen indizea].

EH Bilduko sei ordezkarien aldeko botoekin eta Izal Bai taldeko hiru ordezkariren abstentzioarekin, Idiazabalgo Udalak UEMAko kide izatea erabaki berri du, abenduko udal osoko ohiko bilkuran.

Gipuzkoa hegoaldeko herria da Idiazabal. Goierri bailaran dago, eta euskaldunen indizea %87,9 biztanleen artean. UEMAra sartzeko erabakiarekin, udalean zein udalerrian hizkuntza normalizazioan eragiteko asmoa du Udalak, urrats berriak eginez herritarrekin zein udal langileekin.

UEMAk Idiazabalen bertan egingo du urte amaierako batzar nagusia, larunbat honetan, 10:00etatik aurrera, eta 2021eko balantzea egiteaz eta 2022rako egitasmo nagusiak aurkezteaz gain, UEMAko kide izateko jasotako azken eskaerak ere aztertuko dituzte batzarkideek. Horrela, lau herri berri gehituko dira larunbat honetan UEMAra: Elduain, Bidania-Goiatz, Ibarra eta Idiazabal.

UEMAk maiatzean bete zituen 30 urte, eta orain arteko ibilbidea gogoratzeko eta bidelagunei eskerrak emateko egindako ekitaldian gogoratu zuten bezala, hasieran zenbait udalek sortutako mankomunitatea inoiz baino sendoago dago gaur egun. 94 udal biltzen ditu UEMAk, guztien artean 275.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute, eta udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzeko hizkuntza politika dute azken urteotan orube garrantzitsuenetakoa, batez ere herritarren kontzientziazioan eta ahalduntzean eragiteko hainbat ekimenekin.

—————————————–

Iñaki Alberdi, Idiazabalgo alkatea:
“Hainbat arlotan lan asko dago oraindik egiteko, eta UEMAren esperientziari eta laguntzari helduko diogu horretarako”.

Iñaki Alberdi, Idiazabalgo alkatea. Argazkia: Laida Goiburu – Goierriko Hitza.



Idiazabalgo Udalak UEMAko kide izatea erabaki du. Zergatik hartu duzue erabakia?
Akaso egokiagoa da galdetzea orain arte zergatik ez ote dugun hartu. Kontuak kontu, atzeratzen joan da erabakia, baina bazen ordua, euskararen biziberritzean bidegurutzera heldu baikara, eta herritarren kontzientziazioan eragiteko laguntza handia izango da UEMA. Egia esan, Idiazabal herri euskalduna da. Euskaldunen indizea %87,9 da eta, beraz, Idiazabalentzat naturala izan da erabakia, euskararen lurgunea ez ezik, baita UEMA bera sendotzeko ere. Askotan pentsatzen dugu dena eginda daukagula, eta naturaltasunez bizi garela euskaraz, eta horrela da hein batean, baina hainbat arlotan lan asko dago oraindik egiteko, eta UEMAren esperientziari eta laguntzari helduko diogu horretarako.

Datu soziolinguistikoei dagokienez, Idiazabalen %87,9 da euskaldunen indizea. Datua esanguratsua izan arren, ordea, hauskortasunaren kezka hor dago, eta arnasgune gehienetan bezala, beheranzko joera nabari da.
Bai. Ohartuta gaude, eta gero eta gehiago aipatzen dugu erdaretarako joera zenbat ari den zabaltzen. Bizimodua eta aisialdiko ohiturak aldatu egin dira, eta ikus-entzunezkoetan, esaterako, euskara hutsala da erdarek duten lekuaren eta eraginaren aldean. Beraz, kalean naturaltasunez euskaraz hitz egiten den arren, ohartuta gaude hainbat faktorek eragin zuzena dutela hizkuntzaren erabileran, eta hor ezin dugu Udaletik soilik eragin. Ez da Idiazabalen kontua soilik. Udalerri euskaldun guztietan sumatzen da, eta horren aurrean oso garrantzitsua da denek norabide berean ekitea, edota UEMAk udalerri euskaldunak zaintzeko duen esperientzia baliatzea. Herritarrak kontzientziatzeko lan handia ari da egiten azken urteotan UEMA, eta ederki etorriko zaigu laguntza hori guztia, bai udalean, eta baita herri mailan ere, herriko talde eta elkarteetan, zerbitzu sektorean, eta beste hainbat arlotan ere irizpideak argi izateko.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.