Hasiera » Zehaztu gabe » Bikain ziurtagiria jaso dute UEMAko kide diren hiru udalek: Amezketako, Legorretako eta Zumaiako udalek.

Bikain ziurtagiria jaso dute UEMAko kide diren hiru udalek: Amezketako, Legorretako eta Zumaiako udalek.

Eusko Jaurlaritzak gaur arratsaldean banatu ditu 2021eko Bikain ziurtagiriak, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egindako ekitaldian, eta Amezketako, Legorretako eta Zumaiako udalek ere jaso dute aurten ziurtagiria. UEMAko kide diren hiru udalek, zehazki, maila goreneko urrezko ziurtagiria jaso dute. Ziurtagiria jasotzean, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Iñigo Urkullu lehendakaria izan dituzte lagun agertokian. Lehendakariak hitzartzean adierazi duenez, eredu dira gaur ziurtagiria jaso duten erakundeak eta entitateak, euskararen aldeko hautua eginez herritarrei eskaintzen dioten zerbitzua nabarmen hobetu dutelako.

[2021eko Bikain ziurtagiriak jaso dituzten erakunde eta entitateetako ordezkariak, gaur arratsaldean, Gasteizen. Argazkia: Eusko Jaurlaritza – irekia.eus

Bikain ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala da. Publikoa eta doakoa da, eta esparru sozioekonomikoan zein publikoan euskararen presentziaren eta erabileraren normalizazio-maila egiaztatzen eta aitortzen du. 2008tik gaur egun arte 400 erakunde baino gehiagok jaso dute ziurtagiria, eta guztira 80.000 langile inguru dituzte erakunde publiko zein enpresa horiek.

Aurten ziurtagiria jaso duten 27 erakundeen artean, 12k goi mailako urrezko Bikain ziurtagiria jaso dute, 14k zilarrezkoa eta beste batek oinarrizkoa. UEMAko kide diren udalen kasuan, denek urrezko Bikain ziurtagiria jaso dute. Gainera, aurten ere, urrezko Bikain ziurtagiria jaso duten udal guztiak dira UEMAko kideak.

Ziurtagiria eskuratu ahal izateko, erakundeak ebaluazioa egin eta gainditu behar izaten du. Aurten ere ebaluazioak egiten Bikain Ebaluatzaileen Klubeko ehun lagunetik gora aritu izan dira (2-4 ebaluazio-talde bakoitzeko). Guztira, Bikain ebaluazio klubean 750 lagun baino gehiago daude, sektore eta lan alor askotarikoak. UEMAko kide diren eta ziurtagiria jaso zuten hiru udalek, zehazki, prozesu horretan eta egin beharreko lanetan UEMAren laguntza izan dute aurten ere.

UEMAko gainerako udalei dagokienez, horietako askok betetzen dituzte Bikain ziurtagiria lortzeko zehazten diren baldintzak, baina horiek denak batera ebaluatzeko eta bideratzeko zailtasunengatik, batzuk soilik hautatu dira aurten ere ziurtagiria jasotzeko, beti ere udalerri euskaldunetako udalen aitzindaritza erakusteko asmoz.

Bikain ziurtagiria jaso duten eta UEMAko kide diren udalak, urtez urte

2021: Legorreta, Zumaia, Amezketa.
2020: Bergara, Markina-Xemein.
2019: Aduna, Aizarnazabal, Dima, Segura, Mutriku.
2018: Itsasondo, Zestoa, Tolosa.
2017: Ajangiz, Anoeta, Aulesti, Ikaztegieta, Irura.
2015: Oñati.
2011: Bermeo.
2009: Azpeitia.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.