UEMAko kide izatea erabaki du Bidania-Goiazko Udalak, gaur iluntzean egin duen udal osoko bilkuran. Abenduaren 18an du UEMAk batzar nagusia, eta batzarkideek orduan aztertuko dituzte herri berrien eskaerak. Bidaia-Goiatz gehituta, 93 udalerri izango dira UEMAko kide. Azkenaldian Tolosaldeko hainbat udalek erabaki dute UEMAko kide izatea: Alkizak, Amasa-Villabonak, Zizurkilek, Elduainek, azaroaren 11n Ibarrak, eta gaur Bidania-Goiatzek. Azken hau gehituta, Tolosaldeko 21 udalerri dira UEMAko kide.
Datu soziolinguistikoei dagokienez, euskaldunen indizea %87,65 da Bidania-Goiatzen, baina beheranzkoa da joera, beste arnasgune askotan bezala. Etxeko erabileraren beheranzkoak ere kezkatzen du Udala, eta herritarrak kontzientziatzeko eta UEMArekin zein Tolosaldeko beste udalerriekin batera hizkuntza politikan eragiteko asmoz hartu du erabakia.
Agurtzane Zelaia alkatearen arabera, “naturaltasunez” hartu dute erabakia: “UEMAko kide izatea hainbat legealditan landutako gaia da, baina orain arte ez da pauso hori eman. Agian, momentu horietan ez zen beharrezkoa ikusiko, baina iritsi da eguna, eta naturaltasunez hartu dugu erabakia. Momentu hau ere gakoa dela uste dugu, erabilera eta ezagutza beherantz doaz, eta horri gora egiteko baliabideak beharrezkoak ditugu. Helburu honetan lankidetzan aritzea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu”.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Uemako kide izatea erabaki du Bidania-Goiatzek (ataria.eus, 2021-11-25).
· Agurtzane Zelaia: “Gora egiteko baliabideak beharrezkoak ditugu, eta horretarako lankidetzan aritzea ezinbestekoa da, UEMArekin eta Tolosaldeko beste udalekin” (uema.eus, 2021-11-25).
· Bidania-Goiazko Udalak gaur erabakiko du Uemako kide izatea (ataria.eus, 2011-11-24).