Hasiera » Zehaztu gabe » Euskararen erabilera areagotzeko arkitektura eta hirigintza gidak eta hizkuntza-autoestimua ikertzeko eta lantzeko proposamenak jasoko dute Iñaki Arregi beka

Euskararen erabilera areagotzeko arkitektura eta hirigintza gidak eta hizkuntza-autoestimua ikertzeko eta lantzeko proposamenak jasoko dute Iñaki Arregi beka

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kontseiluak osatutako epaimahaiak gaur ezagutarazi ditu Iñaki Arregi ikerketa bekaren deialdian saritutako lanak. Udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko asmoarekin sortu zuen beka UEMAk 2019an, eta bigarren deialdia du aurten.

Garapen sozioekonomikoarekin, hizkuntzalaritzarekin edota soziolinguistikarekin lotutako zortzi lan aurkeztu dira deialdi honetan, eta lan gehienen interesa eta kalitatea nabarmendu ondoren, epaimahaikideek bi ikerketa saritzea erabaki dute. Bakoitzak 6.000 euroko laguntza jasoko du ikerketa amaitzeko eta aurkezteko, urtebeteko epean.

Udalerri euskaldunak zaintzeko eta babesteko UEMAk urte askoan egindako ildoan sakonduz, eta lurralde antolamenduak eta hirigintzak hizkuntzarengan duen eragina ezagututa, EAEko Udal Legeak legez arautu zuen proiektu zehatzek hizkuntzan duten eragina neurtzeko beharra. Horri heldu dio Saioa Zuazubiskar arkitektoak, epaimahaiak saritu duen lehen lanean: Herri euskaldunak diseinatzen. Eragin linguistikoaren manuala arkitekturan eta hirigintzan.

Zehazki, hirigintzaz arduratzen diren teknikariei eta udal ordezkariei baliagarria izango zaien gida sortzeko jaso du beka. “Batetik, proiektuak abiatu aurretik gogoeta egitera behartzeko, proposatuko diztuzten hiri eredu eta diseinu horiek euskararengan izan dezaketen eragina aztertzeko. Bestetik, proiektuek euskararengan eragin positiboa izan dezaten, aldez aurretik definitu daitezen bete beharko dituzten baldintzak”.

Hizkuntza-autoestimua ikertzeko eta lantzeko baliabideak, hezkuntzan eta aisialdian

June Furundarena, Leire Sanchez eta Jon Izetak osatutako lantaldearen proposamena da epaimahaiak saritu duen bigarren ikerketa: Euskal gazte hiztunen hizkuntza-autoestimua: fak-toreen analisia eta egoera iraultzeko proposamena.

Azken urteotako ikerketen arabera, euskararen erabilera estuki lotuta dago hizkuntza-autoestimuarekin. Halaber, horrek lotura zuzena du hizkuntza-gaitasunarekin, hizkuntza-aldaerarekin, hizkuntzarekiko jarrerarekin eta hizkuntza-identitatearekin. Bekari esker, horiek kualitatiboki eta kuantitatiboki ikertuko dituzte egileek, eta ondoren “gazte euskaldunen hizkuntza-autoestimua indartzeko, euskararen erabilera hauspotzeko, eta sentsibilizazioa eta ahalduntzea bultzatzeko” baliabideak sortuko dituzte, unitate didaktikoak osatuz. Horiek sortuta, hezkuntzan zein aisialdian erabili ahal izango ditu UEMAk, eskoletako hezkuntza proiektuan zein 2023ko udalekuetan.

Epaimahaiaren ebazpena:
· Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia. Epaimahaiaren ebazpena (PDFan).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.