Hasiera » Zehaztu gabe » “Urrats honekin, euskaratik urrunago dauden herritarren erreferente ere izan nahi dugu, guztion hizkuntza eskubideak errespetatuz”

“Urrats honekin, euskaratik urrunago dauden herritarren erreferente ere izan nahi dugu, guztion hizkuntza eskubideak errespetatuz”

Ibarrako Udalak UEMAko kide izatea erabaki zuen atzo, udal osoko bilkuran. EH Bilduren (6) eta EAJren (4) zinegotzien aldeko bozkarekin eta PSE-EEko (1) zinegotziaren aurkako bozkarekin hartu zuten erabakia. Erabakiaren nondik norakoaz eta aurrerantzean UEMArekin batera egingo duten bideaz aritu da Nagore Zubillaga alkateordea. Besteak beste, UEMA Ibarrako euskara sailaren euskarri izango den eta sailari indarra emango dion erakundea dela adierazi du.

[Nagore Zubillaga, Ibarrako alkateordea. Argazkia: ataria.eus].

Ibarrako Udalak UEMAko kide izatea erabaki du. Zergatik hartu duzue erabakia?


Tolosaldea eskualde euskalduna da. Baita Ibarra ere, herri gehienak dira UEMAko kide, eta Ibarrarentzat naturala izan da erabakia. Aspalditik zetorren erabakia da, baina pandemiak dena bertan bera utzi ondoren momentu egokia iruditu zaigu gaiari eusteko. Euskararen erabilera normalizatzeko eta euskara biziberritzeko laguntza handia da beste udalerri euskaldunekin elkartzea. Udaletik soilik bideratu ezin dugun hizkuntza politika aurrerakoia egiteko aukera ematen digu UEMAk, eta herriko euskara sailaren euskarri izango den eta indarra emango dion erakundea dela uste dugu.

Datu soziolinguistikoei begira, Ibarran %74,86 da euskaldunen indizea. Datua esanguratsua izan arren, ordea, hauskortasunaren kezka hor dago. Kale-erabileran, esaterako, %54,60ra egiten du behera ehunekoak. Kezka horrek ere bultzatu zaituzte UEMAren ekarpena eta esperientzia kontuan hartzera?

Bai, hori da. Izan ere, herri euskalduna da Ibarra, eta nagusiki euskaraz hitz egiten da, baina badakigu hainbat faktorek eragin zuzena dutela hizkuntzaren erabileran, eta hori ez da Ibarraren kontua soilik. Udalerri euskaldun guztietan ikusten da: hauskorrak gara, eta edonoiz aldatu daiteke egoera. Horri aurre egiteko hainbat alor ditu UEMAk, udalerri euskaldunak zaintzeko eta garatzeko ildo askorekin. Horien berri izatea, eta UEMAk duen esperientzia baliatuz herritarrak ahalduntzea eta kontzientziatzea garrantzitsua da, gero hizkuntza ohiturei eusteko. Horretan ezinbesteko bidelaguna izango da guretzat UEMA, zalantzarik gabe.

Herritarren edo alderdiren batek kezkarik agertuko balu erabaki honen inguruan, zer esanen zenioke?

Lasai egon dadila. Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea dagokio udalari, eta ildo horretan aitzindariak dira UEMAko kide diren udalak. Beraz, herritar bakoitzak inolako arazorik gabe izan dezake harremana udalarekin, nahi duen hizkuntzan. Baina, udalak eredu izan behar du euskararen normalizazioan. Bereziki euskaratik urrunago dauden herritar horien erreferente ere izan nahi dugu eta denengana iristea helburu izanda eta guztien hizkuntza eskubideak errespetatuz euskaratik urrunago dauden horientzat aukera bezela ikusten dugu UEMA.

[Ibarrako Udalak UEMAko kide izatea erabaki zuen unea, atzoko udal osoko bilkuran].
Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.