Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAko kide izatea erabaki du Ibarrako Udalak

UEMAko kide izatea erabaki du Ibarrako Udalak

Ibarrako Udalak gaur arratsaldean egin du azaroko udal osoko bilkura eta, besteak beste, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea erabaki du. Beraz, UEMAren batzar nagusiak herri berrien eskaerak onartzen dituenean, UEMAko kide den 92. herria izango da Ibarra. Tolosaldeari dagokionez, zehazki, UEMAko kide den eskualdeko 20. herria izango da.

[Tolosaldeko udalerria da Ibarra. 4.248 biztanle ditu,
eta %74,86 da bertako euskaldunen indizea].

Gaur arratsaldean egin duen udal osoko bilkuran hartu du erabakia Ibarrako Udalak: UEMAren estatutuak onartu eta mankomunitateko kide izateko eskaera egin du. EH Bilduren sei zinegotzien eta EAJren 4 zinegotzien aldeko bozkekin hartu dute erabakia, eta PSE-EEko zinegotzia aurka agertu da. Beraz, aldeko 10 bozka eta aurkako bozka batekin hartu dute erabakia.

2016ko datuen arabera, euskaldunen indizea %74,86 da Ibarran. Oro har euskaraz bizi dira herrian, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala, hauskortasunarekiko kezka ere badu Ibarrako Udalak, edozein aldaketarekin egoera iraultzeko arriskua benetakoa delako. Euskararen kale-erabilerari dagokionez, esaterako, 2019ko datuen arabera %54,60ra egiten du behera ehunekoak, haurren (%79) eta gazteen (%66,92) artean datuak askoz hobeak diren arren. UEMAko kide bihurtuta, Ibarrako Udalak euskararen biziberritzean hizkuntza politika sendo eta bateratuekin eragiteko asmoa du, elkarlanean, Tolosaldeko gainerako udalekin eta UEMArekin batera.

Ibarra Gipuzkoako udalerria da. Tolosaldea eskualdean dago, eta iaz 4.248 biztanle zituen erroldan. UEMAk abenduaren 18an egingo du batzar nagusia, Idiazabalen. Batzar horretan, ohi bezala urteko balantzea egiteaz eta urte berrirako plangintza onartzeaz gain, UEMAko kide izateko herri berrien eskaerak ere aztertuko dituzte batzarkideek. Ibarra UEMAko kide izatea onartzen dutenean, Tolosaldeko 28 herrietatik 20 izango dira mankomunitateko kideak.

Ibarra: datu soziolinguistikoak
(iturria: galtzaundi.eus)
· Hizkuntza gaitasuna.
· Lehen hizkuntza.
· Etxeko erabilera.
· Kale-erabilera.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAko kide izatea erabaki du Ibarrako Udalak (ataria.eus, 2021-11-12).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.