Hasiera » Zehaztu gabe » Euskara lehenesteko hizkuntza politika, ezinbestekoa

Euskara lehenesteko hizkuntza politika, ezinbestekoa

Illart Gumuzio Igorreko alkateak eta UEMAren zuzendaritza batzordeko kideak Begitu aldizkariaren azken zenbakian (2021-10-01) argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Euskara lehenesteko hizkuntza politika, ezinbestekoa

Joshua Fishman soziolinguista estatubatuarrak breathing space kontzeptua akuilatu ondoren, Mikel Zalbide hizkuntzalari eta euskaltzainak ekarri zuen euskarara, eta orduan hasi ginen arnasguneez hitz egiten. Fishmanen arabera, hizkuntza batek iraungo badu ezinbestekoak ditu arnasguneak, inguru horietan garatuko baita lasai eta modu naturalean, beste hizkuntzen mehatxurik gabe.

Horrela, euskara biziberritzeko arnasguneak zaintzea, babestea eta garatzea behar-beharrezkoa dela iritzita, 1991n Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortu zuten 17 udalek. Gaur egun 90 udal dira UEMAko kide, eta guztien artean 450.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute. Tartean gaude Arratiako bost herri ere: Arantzazu, Areatza, Artea, Dima eta Igorre.

Udalak eta udalerriak euskalduntzeko hamaika ekimen eta lan egiteaz gain, udalerri euskaldunak zaintzeko eta garatzeko ikerketa ere sustatu du UEMAk azken urteotan, hainbat eragilerekin, unibertsitatearekin eta beste zenbait erakunde publikorekin elkarlanean. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak dira horren lekuko, eta hainbat urtez jardunaldi horietan hausnartutakoari bide emanez, ondorioei heldu eta udalerri euskaldunak berariaz zaintzeko bitartekoak ere sortu dira azken urteotan. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE), esaterako. Horren arabera, edozein proiektuk herri baten hizkuntza ohituretan duen eragina aztertzea ezinbestekoa da eta, behar balitz, baita neurri zuzentzaileak hartzea ere.

Euskalgintzak, unibertsitateak eta erakunde publikoek UEMArekin batera egindako lanaren ostean, Eusko Jaurlaritzak udalerri euskaldunak zaintzeko beharrari lege izaera eman zion, eta UEMAk urte askoan aldarrikatutakoa bildu zuen 2016an onartutako Udal Legean. 2019an, berriz, Udal Legea garatzeko dekretua argitaratu zuen, hainbat kontu zehaztuz eta udalei hizkuntza politika garatzeko eskubidea legez aitortuz, euskara biziberritzeko udalen ekinbideei aterpe juridikoa emanez. Ildo horretan, UEMA eta Eusko Jaurlaritza elkarlanean ari dira azken urteotan, udalei Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko ikastaroak eskainiz edota arnasguneen garrantzia jendarteratzeko kanpainak elkarrekin eginez, besteak beste.

Vox alderdi ultraeskuinadarrak, ordea, helegitea aurkeztu zuen Udal Legea garatzeko 179/2019 dekreturen aurka, eta Udal Legearen aurka ekiteko ere eskatu zien epaileei. Irailaren 13an heldu zen EAEko Auzitegi Nagusiaren autoa, Voxi arrazoia emanez eta dekretuaren artikulu batzuk Espainiako Konstituzioaren aurkakoak izan daitezkeela ebatziz, “gaztelania gutxietsi” egiten dutela argudiatuta. Horren arabera, udalek ezin dute euskara lehenetsi edota euskara hutsean aritu, eta baztertu beharrekoa da urte askoan UEMAk eta hainbat udalerri euskaldunek izandako jarduera eredugarria.

Epaia larria da, noski, euskara ezinbestean gazteleraren itzalera kondenatzen duelako eta bi hizkuntza ofizialen berdintasuna aldarrikatzen duelako. Berdintasunetik, ordea, ez zaio sekula parekidetasunik helduko euskarari. Euskara hizkuntza jazarria, ezabatua eta debekatua izan baita, eta gaur egungo erdaren erauntsipean, biziberrituko baldin bada, ezinbestekoa du euskara lehenetsiko duen hizkuntza politika aurrerakoia. UEMAk eta udalerri euskaldunek urte askoan egindako bideak eman ditu emaitzak, eta hala ere egoera kezkagarria da, erdaren erauntsia etenik gabea eta egiturazkoa baita. Beraz, udalerri euskaldunen bidea eta eredua zabaltzeko ordua da, eta ez atzera egitekoa.


Euskerea lehenesteko hizkuntza politikea, ezinbestekoa

Illart Gumuzio, Igorreko alkatea eta UEMAren zuzendaritza batzordeko kidea (Begitu aldizkaria, 2021-10-01).

Joshua Fishman soziolinguista estadubatuarrak breathing space kontzeptua akuilatu ondoren, Mikel Zalbide hizkuntzalari eta euskaltzainak ekarri eban euskerara, eta orduan hasi ginan arnasguneez berba egiten. Fishmanen arabera, hizkuntza batek iraungo badau ezinbestekoak ditu arnasguneak, inguru horreetan garatuko da-eta nasai eta modu naturalean, beste hizkuntzen mehatxu barik.

Holan, euskerea bizibarritzeko arnasguneak zaintzea, babestea eta garatzea behar-beharrezkoa dala eretxita, 1991n Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortu eben 17 udalek. Gaur egun 90 udal dira UEMAko kide, eta guztien artean 450.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osotuten dabe. Tartean gagoz Arratiako bost herri be: Arantzazu, Areatza, Artea, Dima eta Igorre.

Udalak eta udalerriak euskalduntzeko hamaika ekimen eta lan egiteaz gainera, udalerri euskaldunak zaintzeko eta garatzeko ikerketea be sustatu dau UEMAk atzen urteotan, hainbat eragilegaz, unibersidadeagaz eta beste zenbait erakunde publikogaz alkarlanean. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak dira horren lekuko, eta hainbat urtez jardunaldi horreetan hausnartutakoari bide emonez, ondorioei heldu eta udalerri euskaldunak berariaz zaintzeko bitartekoak be sortu dira atzen urteotan. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE), esaterako. Horren arabera, edozein proiektuk herri baten hizkuntza ohituretan daukan eragina aztertzea ezinbestekoa da eta, behar balitz, baita neurri zuzentzaileak hartzea be. Euskalgintzeak, unibersidadeak eta erakunde publikoek UEMAgaz batera egindako lanaren ostean, Eusko Jaurlaritzak udalerri euskaldunak zaintzeko beharrari lege izakerea emon eutsan, eta UEMAk urte askoan aldarrikatutakoa bildu eban 2016an onartutako Udal Legean. 2019an, barriz, Udal Legea garatzeko dekretua argitaratu eban, hainbat kontu zehaztuz eta udalei hizkuntza politika garatzeko eskubidea legez aitortuz, euskerea bizibarritzeko udalen ekinbideei aterpe juridikoa emonaz. Ildo horretan, UEMA eta Eusko Jaurlaritza alkarlanean dabiz atzen urteotan, udalei Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko ikastaroak eskainiz edo-eta arnasguneen garrantzia jentarteratzeko kanpainak alkarregaz eginaz, besteak beste.

Vox alderdi ultraeskoitiarrak, ordea, helegitea aurkeztu eban Udal Legea garatzeko 179/2019 dekreturen aurka, eta Udal Legearen aurka ekiteko be eskatu eutsen epaileei. Urri lehenengoaren 13an heldu zan EAEko Auzitegi Nagusiaren autoa, Voxeri errazoia emonaz eta dekretuaren artikulu batzuk Espainiako Konstituzinoaren aurkakoak izan daitekezala ebatziz, “gaztelania gitxietsi” egiten dabela argudiatuta. Horren arabera, udalek ezin dabe euskerea lehenetsi edota euskera hutsean aritu, eta baztertu beharrekoa da urte askoan UEMAk eta hainbat udalerri euskaldunek izandako jarduera eredugarria.

Epaia larria da, zelan ez, euskerea ezinbestean gaztelerearen itzalera kondenetan daualako eta hizkuntza ofizial bien bardintasuna aldarrikatzen daualako. Bardintasunetik, ordea, ez jako sekula parekidetasunik helduko euskereari. Euskerea hizkuntza jazarria, ezabatua eta debekatua izan dalako, eta gaur egungo erderen erauntsipean, bizibarrituko baldin bada, ezinbestekoa dau euskerea lehenetsiko dauan hizkuntza politika aurrerakoia. UEMAk eta udalerri euskaldunek urte askoan egindako bideak emon ditu emaitzak, eta ha-ta guzti be egoera kezkagarria da, erdaren erauntsia etenik bakoa eta egiturazkoa da-eta. Beraz, udalerri euskaldunen bidea eta eredua zabaltzeko ordua da, eta ez atzera egitekoa.



Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.