Hasiera » Zehaztu gabe » ‘Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan’ Berezko Titulua sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute UEMAk eta EHUk

‘Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan’ Berezko Titulua sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute UEMAk eta EHUk

UEUk sustatutako EHUren Berezko Titulua da Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan: euskara komunikazio klinikoan, eta UEMAk lagundu egingo du “osasun arduradunak eta profesionalak hizkuntza beharren eta hizkuntza eskubideen eta irizpideen garrantziaz gehiago kontzientziatzeko lanabesa” izango dela iritzita. Gaur goizean sinatu dute hitzarmena, UEUren Eibarko egoitzan. Hitzarmenaren arabera, 2021-2022 ikasturtean UEMAk diruz lagunduko du Berezko Titulua, eta UEMAko kide diren udalei proposatuko zaie herritarrek graduondokoa eginez gero matrikularako diru laguntza ematea.

[Ane Sarasua Udako Euskal Unibertsitateko idazkari nagusia, Jon Zarate graduondokoaren zuzendaria eta Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, gaur goizean, Eibarren egindako agerraldian].

UEMAk eta EHUk lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan Berezko Titulua sustatzeko. Zehazki, UEMAren izenean Iraitz Lazkano lehendakariak eta EHUren izenean Jesus Salmeron EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko zuzendariak sinatu dute hitzarmena, eta UEUren Eibarko egoitzan egindako agerraldian izan dira Jon Zarate graduondokoaren zuzendaria eta Ane Sarasua Udako Euskal Unibertsitateko idazkari nagusia ere, UEUk sustatutakoa baita Berezko Titulua.

Graduondoko honen helburua da osasun arloko profesionalak jabetzea osasun-arretan hizkuntzek duten garrantziaz, eguneroko lanean praktika egokiak bermatzeko. Horretarako prestatu dira Berezko Tituluaren edukiak, hiru modulutan bereizita. Lehenengoan oinarriak jorratuko dira, osasun-jardueraren paradigmekin batera Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa eta euskara normalizatzeko planak ezagutaraziz. Bigarrenean, berriz, hizkuntzak arretaren kalitatean duen garrantzia aztertuko dute, nazioarteko ereduak nabarmenduz. Azkenik, aurrera begirako estrategiak landuko dituzte hirugarren moduluan.

Graduondokoa online izango da UEUren ikasgela birtualaren bitartez, 2021eko urriaren 8an hasi eta 2022ko apirilaren 8ra bitartean, eta modulu bakoitzaren amaieran aurrez aurreko saio osagarriak ere izango dira UEUren egoitza akademikoan. Ikasturtea amaitzerako, mintegietara agertzeaz gain bukaerako lan bat ere egin beharko dute ikasleek, graduondokoan landutako edukiaren arabera ikerketa edo proiekturen bat landuz. Kredituei dagokienez, 15 ECTSko balio akademikoa izango du Berezko Tituluak.

Osasun arduradunak eta profesionalak kontzientziatzeko lanabesa

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok gaurko ekitaldian nabarmendu duenez, UEMA osasun zerbitzuetan hizkuntza eskubideak bermatzeko urte askoan egiten ari den lanaren osagarri da hitzarmen hau, “lantzen eta aldarrikatzen ari garen alorretan hainbat profesional dagoeneko lanean ari direla ikusita, ahaleginak batzeko eta laguntza eskaintzeko modua baita elkarlanerako hitzarmen hau”.

UEMAk agerraldia egin zuen ekainean Eusko Legebiltzarrean, udalerri euskaldunetako osasun zerbitzuetako hizkuntza eskubideei buruzko datuak aurkezteko. UEMAk bi urtetik behin egin ohi du behaketa, eta ez du eboluziorik sumatu aurrekotik hona: bost langiletik batek ez daki euskaraz. Pediatren kasua larriagoa da, herenak ez baitira euskaldunak. Behaketan jasotako datuak aletu ondoren, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean azterketaren giltzarri nagusiak eta zenbait ondorio eta gogoeta ere aurkeztu zituen UEMAk. Besteak beste, profesionalak euskaraz prestatzeko eta euskarazko eskaintza osatzeko premia dagoela nabarmendu zuen.


Izan ere, Lazkanoren hitzetan, “kizkuntza eskubideak bermatzea da azken helburua, baina hori kate baten azken begia da. Begiz begi josi behar da katea, eta hor badira urratsak egiteko. Legebiltzarreko Osasun Batzordean nabarmendu bezala, profesionalen prestakuntzari dagokionez, euskarazko eskaintza osatzeko premia dago. EHUn egin dira urrats batzuk urteotan, eta horiek sendotzea da eginkizun; NUPen Medikuntza gradua ematen hasi dira, baina erdara hutsez. Horrekin batera, ez dira gutxi osasun ikasketak egitera kanpora jo behar duten ikasleak ere. Beraz, katebegiaren hasierako puntuan, ezinbestekoa da euskarazko eskaintza sendotzea, eta ikasle euskaldunek bertan ikasi ahal izateko bitartekoak taxutzea”.

Era berean, kudeaketan bete-betean txertatu behar dira hizkuntza irizpideak, gogoan izanik oinarri bat: erakundeek betebeharra daukate herritarren hizkuntza hautua bermatzeko. Osasun arduradunen eta profesionalen artean ere gizarteratu behar da hori: herritarrenak direla hizkuntza eskubideak, eta zerbitzuaren kalitatean ezinbesteko aldagaia dela pazienteak aukeratutako hizkuntzan jardun ahal izatea.

Zehazki, horretan eragitera dator orain UEMAren eta EHUren artean sinatutako lankidetza hitzarmena eta Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan: euskara komunikazio klinikoan Berezko Titulua.

Gero eta euskaldunagoa den gizarte batek aditu euskaldunak behar ditu”

UEUren izenean, Ane Sarasua idazkari nagusiak adierazi duenez “UEUrentzat ildo estrategikoa da goi-mailako formakuntzarena, bi arrazoiengatik: alde batetik, gizarte aurreratuek ezinbestean behar dituztelako kualifikatutako adituak eta gero eta euskaldunagoa den gizarte batek aditu euskaldunak behar dituelako. Tamalez, oraindik gutxiengo bat da euskaraz maila honetan egiten den eskaintza. Hori dela eta, egon behar du norbait traktore lanak egingo dituena esparru honen alde; sinergiak bilduko dituena eta indarrak metatuko dituena. Horixe egiten dabil UEU. Urtetik urtera, UEUk gizartearen beharrak aztertu, adituak bildu eta proposamen berriak gizartearen eskura jartzen ditu. Eta hori egiteko biderik eraginkorrena #ElkarEkin egitea dela sinesten dugu. Graduondoko hau posible izango da hemen gauden eragile guztien bultzadagatik”.

Aditu Tituluaren zuzendaritzaren eta antolaketaren ardura duen Jon Zaratek, berriz, “graduondoko hau bezalako formazio tituluek euskal osasun sistemako erakundeen eta enpresen goreneko aintzatespena eta osasun profesionalen babesa behar duela” gogoratu nahi izan du, eta “graduondoko honen ideiaren eta diseinuaren arduradun nagusia izan den Aitor Montes goraipatzeaz gain, sortzetiko enborrak aurrerantz doazen heinean adaska berriekin duen ilusioa” azpimarratu nahi izan du.

——————————————————————————————————————–

INFORMAZIO OSAGARRIA:
· Iturria: ueu.eus

Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan: euskara komunikazio klinikoan (EHUren Aditu Titulua) Hasiera-data: 2021eko urriaren 8a.
Amaiera-data: 2022ko apirilaren 8a.
Tokia: Eibar – Markeskoa Jauregia.
Nola heldu: http://www.tagzania.com/pt/markeskua-jauregia-eibar-1/
Ordutegia: Hilean baten, ostiraletan. 16:00-20:00
Izaera: Online.
Ordu kopurua: 150 ordu.
Matrikula-epearen hasiera: 2021eko maiatzaren 26a.
Matrikula-epearen bukaera: 2021eko irailaren 17a.

Hizkuntzen Kudeaketa Osasun Arretan: Euskara Komunikazio Klinikoan EHUren Aditu Titulua da eta UEUren laguntzarekin eskaintzen da.

Graduondoko honek osasun-jarduera eta hizkuntza, euskara alegia, uztartzea du xede, ikuspegi profesional zein akademikotik, arretaren normalizazioa helburu. Horrenbestez, arretaren normalizazioa hauxe litzateke: indarrean eta eskura dagoen ebidentzia zientifikoan oinarrituriko eta, aldi berean, pertsonan zentraturiko osasun arreta eredu integratua. Aurrekoari jarraituz beraz, pazientearen hizkuntzan eskaintzen den arreta integratua litzateke; edonon, edonoiz, maila guztietan, ahoz zein idatzizko komunikazioetan, kalitatezkoa, errespetuzkoa eta ulergarria izan dadin, betiere pazientearen izaerarekin bateragarria, aldi berean segurtasun klinikoa eta kulturala bermatzeko. Arretaren normalizazioak hizkuntza eta arreta banaezinak izatea dakar, eta beraz, berezkoa du osasun arreta euskaraz eskaintzea. Ulergarria da, horregatik, arretaren normalizazioa hizkuntzaren normalizazio-prozesuan ere lagungarria izatea.

Hau guztia gogoan, hizkuntza eta osasun-arretaren gaia jorratzeko, lehenik eta behin osasun-jarduera bere testuinguruan kokatu behar da, horretarako gaur egun ardatz dituen paradigmak ondo aztertuz.

Osasun-arreta euskaraz bermatzeak aldaketa sakona eskatzen du nahitaez; taxuzko ezarpen-prozesu sendo eta eraginkorra. Arretaren normalizazioa eta xede horrekin osasun-sisteman euskararen erabilera normalizatzea, ez da nolanahiko erronka.


Zuzendaritza eta antolaketa

  • Zuzendaria: Jon Zarate (UPV/EHUko Euskara erretoreordea)

Talde antolatzailea:

  • Jon Zarate (UPV/EHUko Euskara erretoreordea)
  • Izaskun Elezgarai (UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea eta UEUkidea)
  • Itziar San Martin (UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea)
  • Aitor Montes (Osakidetzako famili medikua)

Ezaugarri nagusiak:

  • 2021-2022 ikasturtean 3. edizioa izango da.
  • Urritik apirilera bitartean izango da, proiektua aurkezteko orduan luzatzeko aukerarekin.
  • Eskolak UEUko Eibarko egoitza akademikoan eta UEUren Ikasgela Birtualean izango dira.
  • Aurrez aurreko eskolak ostiraletan (arratsaldez) izango dira, modu sinkronoan (online) edo aurrez aurre, egoeraren arabera.
  • Ikasleek, mintegietara agertzeaz gain, ikerketa lan bat ere egin beharko dute beraien interesen araberako gaia jorratuz.

Oinarrizko informazioa

Izena emateko HEMEN.

Informazio gehiagorako: (Ainhoa Latatu, a.latatu@ueu.eus, 943821426)

Helburuak

Graduondoko honen helburua, hauxe litzateke: osasun arloko profesionalak, ebidentzian oinarrituriko gaitasunak erdietsiz, osasun-arretan hizkuntzek duten garrantziaz jabetzea euren ibilbidean jarduera egokiak bermatzeko.

Arretaren normalizazioan aurrera egiteko gaiaren inguruan sustrai sendoak ezartzeko ezagutza zabaldu eta partekatu nahi da.

Edukiak

1. modulua: OINARRIAK (3 ECTS)

  • Gaur egungo osasun-jardueraren paradigmak
  • Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa, eta bere banaketa administratiboa.
  • Euskal Herrian euskararen erabilera normalizatzeko garatu/sortu diren planak. Euskara Planak

2. modulua: HIZKUNTZA ETA ARRETAREN KALITATEA (3 ECTS)

  • Hizkuntzak arretaren kalitatean duen garrantzia
  • Nazioarteko ereduak

3. modulua: AURRERA BEGIRAKO ESTRATEGIAK (4 ECTS)

  • Ikerketa eta hizkuntza
  • Osasungintza eta euskara: ikuspegi kritiko zabala: Hiztun aktiboak bihurtu.
  • Terminologia eta tresna informatiko lagungarriak
  • Saio osagarriak

PROIEKTUA (5 ECTS)

Metodologia

Graduondokoa ONLINE izango da UEUren Ikasgela Birtualaren bitartez.

Modulu bakoitzean saio presentzial bat egongo da edukien jarraipen egokia ziurtatu eta edukiei lotutako esperientzia praktikoak ezagutzeko. Egoeraren arabera, saio presentzial hori ONLINE izango da, formato sinkronoan, edo egoerak bermatuta, aurrez aurrekoa.

Graduondokoan jorratutako edukiak lantzeko ikasleek AMAIERAKO PROIEKTUA bat garatu beharko dute. Proiektuaren gaia ikasleak zehaztuko du eta horri lotutako tutorea esleituko zaio.

Nori zuzendua

  • Osasun-zerbitzuei hertsiki lotutako profesionalak: mediku, erizain, farmazialari, fisioterapeuta, psikologo … .
  • Osasun arloan lan egiten duten beste esparru batzuetako profesionalak: zerbitzuburuak, teknikariak, administrariak… .
  • Gai honen inguruan sakondu nahi duten graduatu berriak, osasun arlokoak, zein hizkuntza edo soziologiaren arlokoak.

Matrikulaziorako argibideak

UPV/EHUren titulua izanik izen-ematea eta matrikulazioa UPV/EHUko Berezko Tituluen sarbidetik egin beharko da, hemendik.

Izena emateko epea irailaren 17ra arte zabalik egongo da.

Gutxieneko ikasle kopurua gaindituta, matrikulazio epea zabalduko da irailaren bigarren hamabostaldian, hau ere UPV/EHUren bitartez.

Oharrak

UPV/EHUren Berezko Titulua da eta beraz, UPV/EHUko eskaintzan sartzen da, unibertsitateari dagozkio tramite administratiboak (matrikulazioa eta graduondokoaren betekizunak).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.