Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAk “oso kezkagarritzat” jo du EAEko Auzitegi Nagusiak auzitan jarri izana EAEko Udal Legea

UEMAk “oso kezkagarritzat” jo du EAEko Auzitegi Nagusiak auzitan jarri izana EAEko Udal Legea

Legearen 6.2 artikulua Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi dute epaileek, eta irizpena eskatu diote Espainiako Auzitegi Konstituzionalari. UEMAren ustez, epaitegiek berriro jarri dute jopuntuan udalerri euskaldunen jardun eredugarria.

Vox alderdiak jarritako helegite bati tiraka, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Espainiako Konstituzioa urratu egiten duela EAEko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legearen 6.2 artikuluak. Zehazki, Administrazioarekiko Auzien Salak inkonstituzionaltasun-arazoa aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, hark ebatzi dezan artikulu hori legezkoa den ala ez.

Zehazki, Voxen helegiteak Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 dekretua zuen jomugan, Udal Legeak euskarari buruz ezarritako araudia garatzen duen dekretua. Helegite hori jartzearekin bat, Udal Legearen beraren aurka jotzeko eskatu zion Voxek EAEko Auzitegi Nagusiari, eta hein batean onartu egin dute hori epaileek, 6.2 artikulua legez kanpokoa dela ebatzita.

Gogoan izatekoa da EAEko Udal Legea eta hura garatzeko dekretua mugarri izan direla udalerri euskaldunetako udalen jardunean. Izan ere, arau horiek aterpe juridikoa ematen diete udalen ekinbideei. Hala nabarmendu du UEMAko lehendakariak, Iraitz Lazkanok: “Gogoan izan behar da UEMAko udal ugarik nolako arazoak izan zituzten Udal Legea onartu aurreko urteetan, aktak euskaraz egiteagatik edo kontratazioetan hizkuntza klausulak jartzeagatik. Errekerimendu eta salaketa ugari jasan genituen. Udal Legeak espresuki babestu zuen jardun hori, alegia, hala nahi duten udalek euskaraz funtzionatzea. Eta orain horren aurka jo nahi dute”.

Udaleko barne jardunei buruzkoa da 6.2 artikulua. Zehazki, hauxe dio: “Toki-erakundeetako organoen deialdiak, gai-zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki-proposamenak, informazio-batzordeen irizpenak, erabakiak eta aktak euskaraz idatzi ahal izango dira. Ahalmen hori baliatu ahal izango da aipatu berri diren kasuetan, baldin eta, toki-erakundearen barruan, euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen duen ezein kideren eskubideak urratzen ez badira, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean aurreikusitakoa ezertan galarazi gabe. Ebazpenak, aktak eta erabakiak euskaraz idazten direnean, euskaraz bidaliko zaizkie kopiak edo laburpenak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioari eta Estatukoari, toki-araubideari buruzko oinarrizko legeriari jarraituz”.

Auzitegiaren erabakia “oso kezkagarria” dela uste du UEMAko lehendakariak, “berriro jartzen baitu jopuntuan udalerri euskaldunen jardun eredugarria”. Epaileek argudioen artean aipatu dute Udal Legeko 6.2 artikuluaren gisakoek “gutxietsi” egiten dutela gaztelania, eta argudiobide hori salatu du Lazkanok: “Euskara hizkuntza gutxitua da, eta bidegabea da hura normalizatzeko bidean oztopoak jartzea horrelako argudioak erabiliz. UEMAko udalak ari dira bidea urratzen administrazioak euskaraz funtziona dezan, eta horren aurkako ebazpena da hau. Berriro ere epaitegiak sartu dira hizkuntza politikan, eta berriro ere euskararen normalizazioa trabatzeko”.

Auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren esku geratuko da orain. Udal Legea defendatzeko bidean “babes osoa” agertu dio UEMAko lehendakariak Eusko Jaurlaritzari. Horrekin batera, dei egin die udalei, pausoak ematen jarrai dezaten. “Urteotan aurrerapen handiak egin ditugu udalen jarduna euskalduntzen, baina oraindik badugu zer egina: oztopoak oztopo, jarrai dezagun lanean”.

Autoa:
· EAEko Udal Legearen 6.2 artikulua Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela ebazten duen autoa (PDFa).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Udalen Legeak euskararen erabilerari buruz duen artikulua Kontituzionalera igorri du EAEko Auzitegi Nagusiak (berria.eus, 2021-09-13).
· Euskararen erabileraz ari den Udal Legearen artikulua Konstituzionalera (argia.eus, 2021-09-13).
· El euskara en la Administración local, amenazado por un recurso al TC (naiz.eus, 2021-09-13).
· El TSJPV, a instancias de VOX, pregunta al TC si se ajusta a la Constitución la ley vasca que permite el uso exclusivo del euskera en los ayuntamientos (confilegal, 2021-09-13).
· EAEko Auzitegi Nagusiak Konstituzionalera igorri du toki-erakundeetan euskararen erabilerari buruzko artikulua (eitb.eus, 2021-09-13).
· TSJPV eleva una cuestión de inconstitucionalidad contra una ley vasca porque da al euskera una “supremacía exorbitante” (Europa Press, 2021-09-13).
· Udal legea, Konstituzionalera (Berria, 2021-09-14).
· Un recurso al TC amenaza al euskara en instituciones locales (GARA, 2021-09-14. Gai honi buruzko orrialdeak, PDFan).
· El TSJPV asume las tesis de Vox contra el uso interno del euskera en la administración (Deia, 2021-09-14).

· “Udal Legeak euskararen inguruan bildu dituen hainbat artikulu, arnasguneen zaintzarako UEMAk egindako bidearen eta lanaren isla dira” (uema.eus, 2016-04-20).
· EAEko Udal Legea “urrats garrantzitsutzat” jo du UEMAk (Berria, 2016-04-19).
· Udal Legeak arnasguneen zaintzan lagun dezake, UEMAren ustez (El Diario Vasco, 2016-04-19).
· Udal Legearen balorazio positiboa egin du UEMAk (Erlo Telebista, 2016-04-19).
· Uemak uste du EAEko Udal Legea “urrats garrantzitsua” izango dela (Berria, 2016-04-17).
· UEMAk positibotzat jo du Udal Legea, udalei euskararen inguruko hizkuntza politikak garatzeko babesa eman dielako (Urola Kostako Hitza, 2016-04-19).
· UEMAk egokitzat jo ditu EAEko Udal Legeak euskararen inguruan jasotako neurriak (Gara, 2016-04-20).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.