Ikasturte berriaren atarian, euskaltegiek zabaldu dute matrikulazio kanpaina, eta ohi bezala UEMAk bat egin du ikasturte honetan ere kanpainarekin. Batetik, euskara ikastearen garrantzia nabarmentzeko eta kanpainari hauspoa emateko. Bestetik, baita euskaltegirik ez duten herri txikietan taldeak sortzeko eta euskara herrian bertan ikasteko aukera emateko ere, hainbat udalekin eta euskaltegirekin elkarlanean.
Udalerriak euskalduntzeko ohiko lanaren baitan, euskaltegien lana oinarrizkoa da UEMArentzat. Izan ere, etorri berrien formazioan ez ezik, aspaldidanik gure artean bizi diren baina oraindik euskararik ez dakiten herritarren alfabetatzean ere nabarmen eragiten baitute euskaltegiek. Hala ere, herri txiki askotan ez dago euskaltegirik, eta herri horietako biztanleek alboko herri handiagoetara joan behar izaten dute euskara ikastera.
Hori eragozteko eta zerbitzua herrian bertan eskaintzeko asmoarekin, aurreko ikasturteetan bezala, 2021-2022 ikasturtean ere herri txikietan ikasle taldeak sortzen ahaleginduko da UEMA. Herrian bertan ikasle taldeak sortzeko koordinazio-lana egingo du, eskualdeko euskaltegiekin eta udalekin elkarlanean. Horrez gain, diru-laguntzak jasotzeko arautegi, ordenantza eta antzekoen inguruko aholkularitza ere emango die horrelakorik behar duten udalei.
Bideoak, hainbat herritarrek egindako bidea ikusarazteko
Kanpainari hauspoa emateko, udalerri euskaldunetan bizi diren eta euskara ikasi duten hainbat herritar elkarrizketatu ditu UEMAk, eta horiek egindako bidea bildu du zenbait bideotan, sare sozialetan zein telefono bidez mezularitza aplikazioetan zabaltzeko. Euskaraz ez ezik, bakoitzaren hizkuntzan ere mintzo dira, beraien herrialdeetatik heldutakoei euskara ikastearen garrantzia nabarmentzeko.
Honakoak dira bideoetan agertzen diren lagunak: Marija Louvric (Kroaziatik Zestoara), Omar Diop (Senegaldik Berriatuara), Silvia Arbanesi (Argentinatik Berara), Xanta Souza (Brasildik Lesakara), Ielyzaveta Mapa Petrutxenia (Ukrainatik Lekeitiora), Zuzana Epelde (Eslovakiatik Markina-Xemeinera), Manuel Abad Barrocal (Espainiatik Mutrikura), Federico Jose Herrero Huertas (Herrialde Katalanetatik Mutrikura), Iñaki Fernandez Castañares (Eibartik Mutrikura) eta Jose Luis Aldasoro Magaña (Mexikotik Mutrikura).
BIDEOAK:
· Orokorra: Zorroztu zure euskara – Colorea tu vida con el euskera.
· Marija Louvric, Kroaziatik euskararen herrira (euskaraz).
· Marija Louvric, kroazieraz, euskara ikastearen garrantziaz.
· Silvia Arbanesi, Argentinatik euskararen herrira (euskaraz).
· Silvia Arbanesi, desde Argentina al país del euskera.
· Omar Diop, Senegaldik euskararen herrira.
· Mutrikuko mintzalagunak: Manu, Fede, Iñaki eta Jose Luis: munduko hainbat lekutatik Mutrikura.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· AEK eta Aitzol euskaltegietan izena emateko epea zabalik (galtzaundi.eus, 2021-09-06).
· Zabalik dago euskaltegian izena emateko epea (zumaia.eus, 2021-09-07).
· Zabalik dago euskara ikasteko matrikulazio kanpaina (legorreta.eus, 2021-09-08).
· Euskara ikastaroetan izena emateko azken eguna (anoeta.eus, 2021-09-17).