Hasiera » Zehaztu gabe » Helburuak beteta eta balorazio “oso positiboarekin” amaitu dira Udalerri Euskaldunetako Gazteen Topaketak

Helburuak beteta eta balorazio “oso positiboarekin” amaitu dira Udalerri Euskaldunetako Gazteen Topaketak

Zazpi egunez Zumaiatik Lekeitiorako bidea egin ondoren, atzo amaitu ziren Udalerri Euskaldunetako Gazteen Topaketak. Aurtengo topaketetarako izena eman zuten guztien artean zozketa egin behar izan zen udaberrian, eta azkenean 50 gaztek hartu dute parte aurtengo ekimenean. “Oso gustura” itzuli dira gazteak topaketetatik. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da topaketen helburua, eta horretarako UEMAk zein Hizkuntza Eskubideen Behatokiak emandako tailerrak eta hitzaldiak ere jaso dituzte, beste hainbat ekimenen artean.

[Udalerri Euskaldunetako Topaketetan parte hartu duten gazteek egun hauetan beraien artean sortu den giro ederra nabarmendu dute].

Topaketak amaitu berri, gustura agertu da azken hilabeteotan ekimena koordinatzeaz arduratu den Jokin Uranga, UEMAko teknikaria: “Topaketek aurten ere udalerri euskaldunetako gazteen arteko sareak sortzea eta parte hartzaileak euskararen inguruan kontzientziatzea ezin hobeto lortu dute eta, beraz, helburua beteta dago. Oso positiboa da balorazioa” nabarmendu du, gazteei bidalitako balorazio orriak jasotzen ari den bitartean.

Antzeko balorazioa egin du egunez egun gazteekin batetik bestera ibili den June Furundarenak ere: “Oso pozik gaude topaketetan gazteen artean sortu den giroarekin” adierazi du egun hauetan gazteen zein begiraleen arduradun izan den larrabetzuarrak.

Furundarenaren hitzetan, badira nabarmendu beharrezko zenbait kontu. “Gazteen artean giro oso ona sortu da”, eta horrek asko lagundu du udalekuen helburua bete dadin: “Udalerri euskaldunetako gazteen artean harreman sarea sortzea eta estutzea”. Are gehiago, “bigarren aldiz parte hartu dutenen artean itzela da harremana. Errepikatu izan dutenek are gehiago estutu dute harremana, eta hasieratik giro ederra sortu dute, helburua oso argi izanik. Topaketak amaitzean ere sareari eusten diote, baterako eta besterako elkarrekin planak eginez”. Giro horrek ekarri du parte hartzaile berriek ere topaketetan ederki pasatzea, eta hori guztia lagungarria izan da oreka lortzeko, aisialdiko ohiko jardueren eta gazteak kontzientziatzeko antolatutako tailerren artean.

Ekimena ibiltaria izatea ere gazteei “ideia ona” iruditu zaiela nabarmendu du Furundarenak: “Nahiago dute batetik bestera mugitzea eta bazter eta herri berriak ezagutzea, aste osoa leku bakarrean igarotzea baino. Eguraldiak lagundu du, eta gazteentzat ederra izan da Zumaiatik Lekeitiorako bidean herriak eta bazterrak ezagutzea”.

UEMAren ‘Hedatu’ hezkuntza proiektuaren osagarri

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere aritzen dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.

Material osagarria:
ยท Salto! Udalerri Euskaldunetako Gazteen Topaketak: 2021eko argazki bilduma.

[argazki bilduma ikusteko, egin klik irudiaren gainean].

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.