Hasiera » Zehaztu gabe » Udalerri euskaldunetarako garapen estrategiei buruzko formazio saioa antolatu du UEMAk, uztailaren 20an

Udalerri euskaldunetarako garapen estrategiei buruzko formazio saioa antolatu du UEMAk, uztailaren 20an

Udalerri euskaldunei eusteko modurik eraginkorrena udalerri euskaldunak garatzea delakoan, UEMA aspaldidanik ari da nabarmentzen garapen estrategien garrantzia. Horrela, azken urteotan, udalerri euskaldunen zein euskararen arnasguneen garapena oinarritzat hartuta, hainbat hausnarketa eta jardunaldi egin ditu, eta baita ikerketa ildoak sustatu ere, unibertsitatearekin, euskalgintzarekin eta erakunde publikoekin elkarlanean.

Horien emaitza izan zen hainbaten artean landutako eta 2018an argitaratutako Arnasguneak: prebentziotik garapenera lana, eta horren ondorio izan zen udalerri euskaldunak garatzeko estrategien bila UEMAk sortutako IƱaki Arregi ikerketa beka ere.

Beka horren lehen deialdian gailendu zen Joseba Garmendia ekonomialaria eta EHUko irakaslea. Udalerri euskaldunetan garapen estrategiak eraiki ahal izateko marko teorikoa sortzea zen Garmendiaren helburu lan harekin, eta behin lana amaituta, duen interesagatik eta garrantziagatik udalei aurkeztea giltzarria iruditu zaio UEMAri.

UEMAko kide diren udalentzat, zehazki, uztailaren 20an antolatu du lehen saioa. Joseba Garmendiak gidatuko du eta formazio saioa izango da, garapen estrategien inguruan. Presentziala izango da (izena ematen duten arabera erabakiko du UEMAk non egin saioa), baina saioa online jarraitzeko aukera ere izango dute izena ematen dutenek.

Saioak bi zati izango ditu. Lehenengoan, egindako lanaren nondik norakoak aurkeztuko ditu Garmendiak. Bigarren zatian, berriz, lan horren eduki teorikotik abiatuta udalerri euskaldunek abiarazi ditzaketen garapen estrategiak ezagutzeko eta lantzeko giltzarriak emango ditu.

Aurkezpen saioetan parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, administrazioa@uema.eus helbidera idatzi edo 943 816699 telefonora deitu behar da, uztailaren 13a baino lehen.

Formazio saioaren berri emateko eta parte hartzera animatzeko bideoa ere zabaldu du UEMAk, landuko diren edukien berri emanez.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.